Serrano, Egozkue eta Garagarza: "Ez dugu udatiarren kontra egiten; herri-eredua da zalantzan jartzen duguna"

Iker Rincon Moreno 2018ko urr. 1a, 13:40
Esteban Serrano, Andrea Egozkue eta Aitor Garagarza Plentzia eta Gorlizko auzokideak.

Udatiarrek Plentzia eta Gorliz udalerrietan eragiten dituzten "arazoen" nondik norakoen inguruan hausnartu zuten irailaren 19an Danontzat gaztetxean, "Tosutik Uribe Kostara, porlan azpiko lurra irauliz" jardunaldietan. Aitor Garagarza, Andrea Egozkue eta Esteban Serrano Plentzia eta Gorlizko auzokideakaz berba egin dugu gai horren inguruan.

Uda garaian populazioa asko hazten da Plentzia eta Gorlizen. Zelakoa da hazkunde hori?

Plentzia eta Gorlizen bosna mila pertsona inguru daude erroldatuta, eta uda sasoian 20.000 inguru egoten dira bakoitzean; hau da, biztanleria laukoiztu egiten da. Horri, gainera, gehitu egin behar diogu asteburuetan etortzen jendea; asko izaten da hori ere.

Zer-zelako eragina du horrek bertako auzokideen eguneroko bizimoduan?

Asteburuetan egun-pasa datozenen ondorioz ematen da masifikazioa. Udatiarrek, ostera, beste hainbat ondorio eragiten dituzte. Onura batzuk dakartzate, bai; baina trafikoa handitu eta hainbat zerbitzu kolapsatzen dituzte ere, hala nola zaborraren bilketa eta anbulatorioa. Udatiarrek OHZ soilik ordaintzen dute hemen. Aldiz, bertokook zerga gehiago ordaintzen ditugunez, geu gara eurei zerbitzuak ordaintzen dizkiegunak.

Horri erantzunez, esan ohi da behin-behineko «etorkin» horiei esker etekinak lortzen dituztela udalerrietako merkatariek eta ostalariek...

Uste dugu hori zelanbait idealizatuta dagoela. Badaude etekin handiak lortzen dituzten komertzioak udan, baina beste batzuek, txikiek batez ere, alokairuen prezioen igoera neurrigabeei aurre egin behar izaten diete. Gainera, udaldian sortzen diren lanpostuak prekarioak izaten dira, gazteei begirakoak. Iraupen motzeko kontratuak izaten dira, eta badaude kontratu barik lan egitera behartuta daudenak ere, edo lan-ordu gehigarriak kotizatu ezin dutenak ere. Gazteoi ez digu dirurik ematen jendea hona etortzea.

Alokairuei dagokienez, alde handia dago udaldian eta gainontzeko hilabeteetan.

Bai, normalean irailetik ekainera bitartean alokatzen dituzte eta, gero, udan prezioak igotzen dituzte. Adibidez, orain Plentzian PIEa dagoenez [EHUren Itsas Estazioa], askotan ikasleei alokatzen dizkiete pisuak, ondoren udaldian beste batzuei askoz ere garestiago alokatzeko. Horrek eragin handia du gazteok emantzipatzeko orduan: udatiarrek bigarren etxea darabilte eta sarri familia horietako gazteek etxe horiek erabiltzen dituzte bizitzeko. Ondorioz, bertokook askotan kanpora joan beharra izaten dugu bizitza-proiektua garatzeko, etxe horiek beteta daudelako.

Joan den eguaztenean Plentzian izandako berbaldiak "Bilbainos go home?" zuen izena, galdera ikurragaz. Ondorioren batera heldu zineten?

Egoera ezin da sinplifikatu, udatiarren eta herritarren artean gatazka bat egongo balitz bezala. Horren atzean badago gauza asko. Guk herri-eredua bera ipintzen dugu zalantzan. Ez dugu udatiarren kontra egiten, eta kalte handia egiten du egoera testuinguruan ez ipintzeak. Galdera bera Tosu Betirako taldeak proposatu zuen jendearen arreta piztu guran, besterik ez, ahalik eta jende gehiagoren artean eztabaidatzeko eta hausnartzeko. Jende nahikotxo etorri zen berbaldira, ideia ezberdinak zituzten pertsonak etorri ziren eta diskurtsoa nahiko eraikitzailea izan zen. Kontuan hartu beharra dago gure nahia duintasunez bizitzea dela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun