Internet bidezko bozka
Lehiaketak bi fase ditu. Hasiera batean Internet bidez burutzen da sailkapena. Taldeek Interneten emango dute izena Banden Lehia webgunean, eta euren musika argitaratuko dute.Taldearen jarraitzaileek eta publiko orokorrak Internet bidez bozkatuko du. Horretarako, jakinarazi egin beharko dute taldeek lehiaketan parte hartzen dabiltzala, eta euren aldeko botoak eskatuko dituzte. Boto gehien lortuko duen taldea finalerako sailkatuko da automatikoki.
Epaimahaiak, bere aldetik, beste hiru aukeratuko ditu. Eta lau talde horiek zuzeneko ekitaldian jardungo dute finalaren egunean.
Zuzeneko finala
Publikoaren botoei esker sailkatutako taldeak eta epaimahaiak aukeratutako beste hirurek zuzenenean jardungo dute oholtza gainean. Zuzeneko horretan bertan erabakiko da zein den Banden Lehia 2018ko talde irabazlea.
Emanaldian bertan izango dira publikoa eta epaimahaikideak. Publikoak zuzenean bozkatuko du eta horren emaitza erabakiaren %40a izango da; beste %60a epaimahaiaren iritzia kontuan hartuta erabakiko da. Hamargarren edizio honetako finala azaroaren 17an izango da, Bilborocken.
Parte-hartzeko bideak
Banden Lehian, euskaraz jotzen duen edozein taldek eman dezake izena. Eta urriaren 26a arte zabalik dago.
Hona hemen jarraitu beharreko pausoak:
- Webgunean sartu "parte hartu" botoia sakatu; eta taldearen izena eman, inprimakian datuak betez.
- Taldearen musika argitaratu.
- Webgunearen Bandak atalean agertuko da taldea eta musika zuzenean entzungai izango da.
- Jarraitzaileei eta lagunei botoa eskatu.
Sekulako sariak
Finalistak aukeratzeko epea zabalik izango da urriaren 30a bitartean, eta finala azaroaren 17an jokatuko da. Hamargarren edizioa sekulako sariakaz dator, gainera. Hona hemen:
- Bilbao BBK Live eta Euskal Herria Sona'19 jaialdietan jotzea eta disko bat ekoiztea
- Bideoklip bat filmatzea
- Mundaka festival jaialdian jotzea
- 500 euro
Hortaz, animatu eta parte hartu!