Uda amaitu da, eta horregaz batera urtaro horretan herriz herri ospatzen diren jaien maratoia. Festek askotariko ekitaldiez betetzen dituzte udalerriak, hurbiltzen diren denen gozamenerako, hala nola dantza-ikuskizunak, kontzertuak, bertso saioak, kalejirak eta antzerkiak. Ukatu ezina da udaldian egon ohi den kultura-eskaintza paregabea eta zabala dela Uribe Kostako herri denetan; baina, kulturari lotutako agenda hori udara mugatzen da bakarrik? Ez, noski. Urtean zehar eskaintza zabalaz goza daiteke han eta hemen, herriko plazetan zein, eguraldiak laguntzen ez duenean, leku estalietan. Horretaz arduratzen dira Uribe Kostako erakunde publikoak, kasuan kasu, udalak zein Mankomunitatea, besteak beste. Herrietako taldeek eta elkarteek ere beste horrenbeste egiten dute, berton topa daitekeen eskaintza ahalik eta pluralena izan dadin. Hortxe daude, berbarako, erakunde pribatuak, euskalgintzako elkarteak eta herrigintzako taldeak.
Bakoitzak bere eragin eremua du, eta antolatzen dituzten jarduerak gizartearen zati jakin bati bideratuta egon ohi dira. Horiek denak batuz gero, gizon-emakume denek izaten dute zertaz gozatu, bakoitzaren interesen arabera. Berbarako, Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdiagaz dantzan ibili ahalko da aste-akabu honetan Areetan; domekan, aldiz, antzinako tren batean ibilaldiak egin ahal izango dira Sopela eta Plentzia arteko trenbidean; era berean, barikuan, kantan ibiltzeko aukera egongo da Erandioko Kantaguneari esker; nazioarteko irudi bitxi eta ikusgarriez txundituta gelditzeko ibilbideak egin daitezke hilabete osoan zehar Algortan; eta eskualdeko askotariko arazoez hausnartzeko jardunaldiak egongo dira datorren astean, herriz herri.
Alex Ygartua Fernandez artista eta kulturgile gorliztarrak azaldu duenez, Uribe Kostan aurki daitekeen kultura-eskaintza musikagaz dago lotuta gehienbat, «udalerrietako agenda kulturaletan askotariko diziplinak dauden arren». Ygartuak dioenez, antzerkia, dantza eta horrelakoak ere ikus daitezke, udan batez ere, eguraldiak laguntzen duenean mota horretako ekintzak eta jaialdiak kalean egin daitezkeelako. «Tamalez, gainontzeko sasoietan mota horretako ekitaldiak gutxiago ikus daitezke», deitoratu du.
Egunez egun eta astez aste, agendetan topa daitezkeen ekintzak auzokideen beharren arabera egiten direlakoan dago Ygartua: «Uste dut herriko jendearentzat egiten direla gauzak». Hala ere, aitortzen du zenbaitetan kanpokoei ere arreta eman behar zaiela, jende gehiago erakartzeko. «Herriak ezagutarazteko eta bertako ekonomiak suspertzeko baliagarria izan daitezke mota horretako ekitaldiak», azaldu du. Horren adibide izan daitezke kontzertu handiak, antzezlan ospetsuak eta nazioarteko jaialdiak. Udaldian zein urtean zehar, ospea eta indarra hartzen hasi diren ekitaldiak aurki daitezke eskualdean. Berbarako, une honetan martxan dagoen Getxophoto Getxoko Nazioarteko Irudi Jaialdia. Ekimen horri esker, 5.000 bisitari baino gehiago hurbildu zen iaz Getxo udalerrira munduko hogei bat artistaren ikus-entzunezko lanak ikustera, antolatzaileen datuen arabera.
Beste adibide bat izango litzateke joan den urtean Plentzian aurkeztu zuten Plentzia Kulturaz egitasmoa. Arduradunek azaldu zutenez, hiribildua kulturaz «jantzi nahi duen» ekimena da, «jendea kulturaz blai busti eta herrian kulturaz hitz egitea nahi duena ere bai». Era berean, sortzaileei laguntza eskaini gura die egitasmoak, euren artea auzokideei erakusteko aukera emanez. Horretarako, aurreko urteetan indarra hartzen hasi ziren hainbat ekitaldi marka horren pean ipini zituzten, eta emaitza paregabea izan da, bertako zein kanpoko herritarrak hurbildu baitira eta hurbiltzen segitzen baitute, jarduera artistiko horiez gozatzera.
Nork antolatzen ditu kultura ekitaldiak?
Udalerrietako eskaintza kulturala udalek zein herrietako askotariko taldeek antolatzen dute. Batzuetan elkarlanean, eta beste askotan modu autonomoan. Azkenengoen kasuan, erakunde publikoek betetzen ez dituzten gabeziei aurre egiteko antolatzen dituzte gauzak sarritan. Berbarako, ohikoa da eragileek euren problematikei lotutako berbaldiak ematea aldiro, dantza-taldeek ikuskizunak taularatzea ikasturte-amaieretan eta ospakizun zehatzetan, edo askotariko kontzertuak entzutea tabernetan edo gune alternatiboetan. Aukerak amaigabeak dira. Ygartuak dioenez, elkarteen sare oso indartsua dago eskualdean, eta ekintza asko antolatzen dituzte. Hala ere, aitortzen du hainbatetan talde horiek arazo ugari izaten dituztela ekimenak antolatzeko. Alde batetik, traba administratiboak egon daitezke, kalea erabiltzeko baimenak eskatzeko orduan, berbarako. Bestetik, talde horien ekonomia ez da oso oparoa izaten, eta azpiegiturak lortzeko arazoak izaten dituzte askotan. Hala ere, mugimendua egon badagoela eta gero eta indar gehiago hartzen ari dela iragarri du artistak. «Orain dela hainbat urte geldialdi moduko bat egon zen eskualdean, krisiagatik edo. Mugimendua ia-ia desagertuta zegoen. Orain, aldiz, gero eta handiagoa da hori. Gazte gehiago dago kulturaren alde lan egiteko eta gauza asko antolatzen hasi dira, gogotsu daude». Egoera hori aprobetxatu beharra dagoela ere uste du Ygartuak, «udalei presioa egiteko eta gauza gehiago lortzeko».
Hizkuntzari dagokionez, orain arteko joera kultura gazteleraz kontsumitzea zela dio kulturgile gorliztarrak: «Lehen gaztelerazko gauzak egin, antolatu eta kontsumitu ohi ziren gehienbat». Hala ere, horri buelta eman zaiola ziur dago Ygartua. Dioenez, orain udalek eta herriko eragileek gero eta konpromiso handiagoa hartu dute euskarazko ekitaldiak antolatzeko; ondorioz, herritarrek ere mota horretako saioak kontsumitzeko ohitura hartu dute.
Lehen esan bezala, eskaintzari dagokionez musikari lotutako saioak izaten dira nagusi eskualdean Ygartuaren ustean; eta horiexek dira kontsumitzaile gehien biltzen dituzten ekimenak. «Antzezlanak programatzen direnean, publiko gutxiago egoten da. Baina hezkuntza arazoa da. Ez gaude ohituta mota horretako gauzak kontsumitzera. Musikaren kasuan, aldiz, txikitatik barneratuta dugu mota horretako ekimenak jasotzea. Horixe kontuan hartu behar dugu herritarrok, udalek eta kultura antolatzen duten eragile denek: jendea hezi behar dugu arlo horretan».
Irisgarritasuna, mugikortasunaren isla
Uribe Kostako ia herri denak elkarregaz konektatuta daude Metro Bilbaoren linearen bitartez. Hori dela eta, ohikoa da erandioztar bat Getxoko kontzerturen batean ikustea edo plentziar bat Sopelako antzezlan batean egotea. Metroak herri batetik bestera mugitzeko aukera paregabea eskaintzen du, arina eta erraza. «Mugikortasun horrek eragin zuzena du jende gehiago hurbiltzeko saio batera edo bestera», ondorioztatu du gorliztarrak. Adibide ipini ditu Plentzia eta Gorliz udalerriak. Izan ere, dioenez, ohikoagoa da jende gehiago biltzea lehenengo herrian egin den saio batean bigarrenean baino: «Metroko sarbidea izatea oso garrantzitsua da inguru honetan».
Agenda bateratu baten beharra
Gaur egun, udal bakoitzak bere agenda kaleratzen du aldiro, denbora-tarte zehatz batean udalerrian aurki daitekeen kultura-eskaintzaren berri ematen duena. Dena den, horretan ez dira ekitaldi denak agertzen, askotan herriko taldeek antolatzen dituzten saioak barneratzen ez dituelako. Hori dela eta, Ygartuak uste du beharrezkoa dela ekitaldi den-denak, edo gehienak behintzat, hartuko lituzkeen agenda osatu bat egotea. Are gehiago, udal-agendak beharrean eskualdeko agenda bateratu bat egotearen alde agertu da, baina «herrien idiosinkrasia» galdu barik: «Agenda komun bat egotea beharrezkoa da, dena bateratuta egoteko, den-dena momentuan aurkitzeko eta informazio dena eskuetan izateko. Modu horretan, herrien eta auzokide denen arteko elkarreragina errazagoa izango litzateke».
Ideia horri helduta, HIRUKA komunikazio-taldeak oraindino existitzen ez den agenda bateratu hori sortzeari ekin dio, udan kaleratu zuen gailu mugikorretarako aplikazioaren bitartez. Orain arte, horretan udako jaien berri eman duen bezala, datozen hilabeteetan eskualdeko herri denetan, Lemoizetik hasi eta Erandiora arte, egunez egun eta orduz ordu egongo diren ekitaldi denak aurkeztuko ditu. Hala ere, horretarako uribekostarren laguntza beharko du, HIRUKA osatzen dutenek ezinezkoa dutelako udalez aparte antolatzen diren jarduera denen berri izatea. Hori dela eta, mota horretako ekitaldiak eta saioak antolatzen dutenek horren berri eman ahal izango diote HIRUKAri agenda horretan agertu ahal izateko. Horretarako, jarduera horren nondik norakoak baino ez dituzte bidali behar izango, agenda@hiruka.eus helbide elektronikora.
HIRUKAren app berria, eskuragarri
HIRUKA komunikazio-taldeak argitaratzen dituen albiste, argazki eta bideo denez gainera, udaren hasieran kaleratutako gailu mugikorretarako aplikazioa Uribe Kostako kultura-eskaintza zabalaren berri ematen hasi da bere agendaren bitartez, baita astez asteko aldizkariaren PDFa ere.
Agenda herriz herri banatuta dago, baina Uribe Kosta atalean eskaintza orokorra topa daiteke, kronologikoki sailkatuta.
Lehen begi-kolpean ekitaldi denak ikus daitezke, edo ataletan antolatuta, erabiltzaileak bere interesen arabera bilaketa egin dezan:
- Ikuskizunak
- Azokak eta erakusketak
- Gastronomia
- Kirolak
- Ikastaroak eta berbaldiak
- Txangoak
- Jaiak
- Umeak
- Bestelakoak
Azpimarratzekoa da umeen atalari indarra eman gura izan zaiola, eskualdeko gurasoek bilaketa azkar batean eskaintza zer-zelakoa den ikusi ahal izateko.
Ekitaldi denak kronologikoki antolatuta daude, baita herriz herri kokatuta ere. Jarduerak non izango diren zehazki jakinarazten da, geolokalizazioaren bitartez. Lekuetara heltzen jakiten ez dutenei, gainera, zelan ailegatu jakinaraziko dio aplikazioak berak.
Ekitaldi denak aplikazioan agertzeaz gainera, erabiltzaileak jarduera zehatzak gorde ditzake bere gailu mugikorraren egutegian edo agendan bertan.
Agendan ekitaldiren bat agertzea gura dutenek, antolatzaileek jarduera horren informazioa helarazi beharko dio HIRUKAri agenda@hiruka.eus helbide elektronikoaren bitartez.