Sindikatuek kaleratutako oharra
Azkeneko hilabeteetan zentroko zuzendaritzagaz ia harremanik ez dugu izan. Informazioa ez da inoiz gure eskuetara heltzen eta bileren eskaerak zail samarrak izaten dira. Azken finean, langileen eskubideak eta askatasun sindikala zapaltzen dituzte behin eta berriz. Adibide gisa, ospitalea ireki zen egunetik ospitaleko hainbat eremuetatik askatasunez mugitzeko traba guztiak ipini dizkigute.
Horretaz gainera, zuzendaritzaren, kontratazioaren eta giza-baliabideen kudeaketaren nahaspilak pairatzen gabiltza: eztabaidagarriak diren kontratazio batzuk egin izan dituzte, beharrezkoak eta egiten ez diren beste batzuk eta langileriaren txanden kudeaketaren erabateko nahasketak izaten dira gure egunerokoak...
Urdulizko ospitaleko langileria ordezkatzen dugun sindikatuok ESIko Zuzendaritzak gurekiko zein langileekiko jarrera behingoz alda dezan exijitzen dugu, langileriak merezi duen ordezkaritza lanak bete ahal izateko. Hau dela eta, behin baino gehiagotan idatziz eskatu izan dugun eta askotan ezeztatua izan zaigun informazioa banatzea eskatzen dugu. Horretaz gainera, zentro osotik ibiltzeko eskubidea berriz ere exijitzen dugu. Eskubide guztiak errespetatuz, langileen lan baldintzak hobetuko ditugu eta, ondorioz, ospitaleak biztanleriari ematen dion zerbitzua ere.