Enpresarean Azokaren laugarren edizioa dator

Iker Rincon Moreno 2018ko urr. 5a, 17:46

Bai Euskarari Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiagaz batera, euskal enpresen eta profesionalen sareko topaketa aurkeztu du. Urriaren 25ean izango da Hernanin, eta laugarren edizioaren izenburuak ikuspegi ugari dakartza: "Pertsonak, digitalizazioa eta transformazioaren etorkizuneko erronka". Ekonomia- eta teknologia-arloko adituen berbaldi- eta solasaldi-sorta izango da.

Goi-mailako adituen topaketa

Bai Euskarari Elkarteko zuzendariak, Rober Gutiérrezek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariak, Garbiñe Mendizabalek, azpimarratu dute aurtengo ekitaldian goi-mailako enpresek eta adituek hartuko dutela parte, askotariko errealitate eta ikuspegiakaz. "Euskararen erabilera arlo sozioekonomikoan sustatzea helburu nagusi izanik, Enpresareanen bitartez enpresei eta profesionalei proiektuak ezagutzera emateko aukera eskaintzen zaie, solasaldirako, eztabaidatzeko eta elkarlana sustatzeko espazio bat partekatzeko aukera baliatzen dute, profesionala eta euskalduna", adierazi du Gutierrezek.

Gipuzkoako Foru Aldundiko kideek, bere aldetik nabarmendu dute, Hizkuntza Berdintasuneko saila inplikaturik dagoen legez, Ekonomia Sustapeneko lantaldea ere azokan barneratuta dagoela: "Euskarak pisu eta balio esanguratsua dauka eta enpresa-munduan hizkuntza kudeaketa premiazko elementua da".

Bost ataletan banatuta

Enpresa eta profesionalen topaketa Hernaniko Orona-Ideon egingo da, Gallery aretoan, 08:30ean hasita. Anabel Arraizak gidatuko du eta bost sail nagusi izango ditu.

Lehenengo atalean, Orkestrako zuzendari nagusia den Mari Jose Arangurenek eta Talaios Kooperatibako Gorka Juliok berbaldi bana eskainiko dute honako gaia ardatz hartuta: "Ekonomia eta pertsonak. Euskal ekonomiaren eta gizartearen erronkak". Arangurenek lehiakortasunerako eta ongizaterako erronkak xehetuko ditu; Juliok, ordea, teknologia eta gizartearen eta lanaren arteko harremanaz jardungo du. Ondoren, mahaiaren bueltan izango dira horiekaz biekaz batera Imanol Esnaola (Gaindegiako Koordinatzailea), Sebastian Zurutuza (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kudeaketa Estrategia zuzendari nagusia), Ixaka Egurbide (IMHko zuzendaria) eta Iker Barrena (Hispavista Labseko zuzendari exekutiboa).

Bigarren atalean, eraldaketa digitalean eta lanaren etorkizunean jarriko da fokua honako galdera erantzuteko: "Eraldaketa digitala, pertsonen eraldaketa?". Horretarako, Ikanos proiektuaren zuzendariak, Ana Isabel Vitóricak, berbaldia eskainiko du: "Eraldaketa digitalaren erronka pertsona eta profesionalengan". Ondoren, Berriako kazetaria den Irune Lasak oholtza gainera gonbidatuko ditu ondorengo adituak: Ana Isabel Vitórica (Ikanoseko zuzendaria); Leire Colomo (Ampo-ko Berrikuntza eta garapen teknologikoaren zuzendaria); Santi Agirregoikoa (Elay-ko Kontseilari ordezkaria); eta Arrate Olaiz (Ibarmiako Berrikuntza zuzendaria).

Hirugarren atalean, lanaren etorkizuneko joeren inguruan sakontzeko, LKS-Prospektikereko zuzendari nagusia den eta Millenium proiektuaren arduraduna den Ibon Zugastik horri buruz berba egingo du; etorkizuneko lanak eta erronkak irudikatzen lagunduko du horrek. Horretaz jardungo dute hitzaldiaren ondorengo solasaldian ere. Ikuspegiak partekatuko dituzte honako profesional hauekaz: Nuria Agirre (Laboral Kutxako Giza Baliabideetako arduraduna), Rikar Lamadrid (Eusko Jaurlaritzako Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria), Mondragon Taldeko Gestio Sozialeko arduradun bat eta Izarne Arrigain (EITBko Giza Baliabideetako zuzendaria).

Azoka itxiko du Iker Galartza aktoreak, "Gure zirkua, amestutako etorkizuna" izenburupean eskainiko duen aurkezpenagaz.

Arin-arin ekintzaileen lehiaketa

Azokagaz batera Arin-arin saioa egingo dela iragarri dute. Parte-hartzaileek euren proiektuak 3 minututan azaldu beharko dituzte, motzean, eta ideia irabazleak 2.000 euroko saria jasoko du proiektua garatzeko. Baloratuko da proiektua berritzailea izatea eta garatzeko aukera izatea.

Izen-ematea zabalik

Enpresarean Azokaren inguruko argibideak eta informazio osagarria hemen.

Ekitaldira publiko legez bertaratzeko, galdetegia bete behar da.

Arin-arin saioetan parte-hartzeko ere galdetegia bete behar da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun