Uribe Kostak 29 langabe kontratatuko ditu

Iker Rincon Moreno 2018ko urr. 10a, 13:36

Behargin bat lanean, artxiboko irudian.

Kontratazioak Uribe Kostako Behargintzak egingo ditu, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak martxan jarritako programaren bitartez: Enplegua Sustatzeko Tokiko Ekintzak. Kontratu denek hiru hilabeteko iraupena izango dute eta lanaldi osokoak izango dira (2018ko abendutik 2019ko martxora arte).

Ekintza horren xedea da eskualdean dauden langabeen lanbideratzea, eta hautaketa Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zuzendariak 2018ko ekainaren 13an emandako ebazpenean ezartzen diren irizpideen arabera egingo da. Hautagaia izateko, Lanbiden inskribatuta egon beharko da, alta egoeran eta langabezian. Era berean, ezin izango dira aurreko deialdietan kontratatutakoak izan.

Programa horretan parte hartu ahal izateko, hautagaiek hainbat irizpide bete beharko dituzte. Hala, Lanbiden "eskatutako lanbidetan" derrigorrez agertu beharko da honako baten bat gutxienez, eskatutako lanpostuaren arabera: herri lanetarako peoia. Curriculumean aldaketak egiteko azken eguna urriaren 22a izango da. Egun horretatik aurrera Lanbideren zerbitzu orokorrek abian jarriko dute hautaketa prozesua.

Lanbideko Curriculumean aldaketarik egin behar izanez gero, Uribe Kostako Behargintzan, Berangon Karabiazpi 1 kalean, eta norberari dagokion Lanbideko bulegoan egin ahal izango da (Gorliz, Lemoiz eta Plentziako herritarrek Mungiako bulegora joan beharko dute eta Barrika, Berango, Sopela eta Urdulizkoek ostera, Getxoko bulegora).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun