Segurtasun-guardien "presentzia itogarria" salatu dute Kazetaritza fakultateko ikasleek

Iker Rincon Moreno 2018ko urr. 12a, 14:53

Eguaztenean egindako elkarretaratzea. © GKZIA

Herenegun, eguaztenean, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko 50 bat ikaslek elkarretaratzea eta kalejira egin zuten, “Seguratak kanpora! kontrol sozialik ez!” goiburu pean.

Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasle-asanbladaren ustean, aurtengo ikasturtean "esanguratsua" da fakultateko sarreran ematen den segurtasun-guardien presentzia, "Gune Askearen aurrean". Diotenez, aurreko ikasturtetik daborduko "sekulako kontrol soziala pairatzen genuen", berbarako: bideo-kamerak korridore denetan, Ertzaintza eta guardiak campusean, ikasle mugimenduko kideei eta pankarta denei argazkiak ateratzea, Gune Askean zein sartu eta ateratzen den kontrolatzea, eta abar. Salatu dutenez, kontrol hori "areagotu" egin da, fakultateko sarreran etengabean guardia bat kokatuta.

Gazteak Dekanotzan galdetu zuten horren zergatia eta, salatu dutenez, honako erantzun hau jaso zuten, gazteleraz: "ipurdia ukitu ez diezazueten, diru-zorrorik lapurtu ez dadin, ordena publikoa mantentzeko…". Arrazoi horiek ez ditu asanblada konbentzitu; are gutxiago Dekanotzak beste gertaera batzuen aurrean zelan erantzun duen kontuan hartuta: "Martxoaren 8an, Mugimendu Feministaren aurka oldartu zen irakaslearen harira ez da neurririk hartu, ostera".

Hala, ikasle-asanbladak argi dauka "eraso" berri hori "sistema kapitalistaren biziraupenerako beharrezko den kontrol- eta errepresio-mekanismoen baitan" kokatzen dela eta fakultatean "zapaldu-egoera partekatzen" dutenen aurka zuzenduta dagoela, salatu dutenez: "Gu kontrolpean eta isilik mantentzeko tresna da kontrol soziala; izan subjektu aktibo edo ez".

Dena den, nabarmendu dute ikasle-mugimenduko kideen kasuan, kontrol horrek jardun politikoa aurrera eroan eta borrokatzeko oztopo bat gehiago dela. Horren aurrean unibertsitateko langile-klaseko sektoreakaz elkartasuna antolatzera eta borrokatzera deitu dute, euren baldintzak hobetzeko, eta bideo-kamerak, guardiak eta ertzainak campusetik desager daitezen. Lehentasun gisa ipini dute fakultateko halleko guardia berehala ken dezaten lortzea. Horretan eta ikasle-asanbladaren bestelako zereginetan parte hartu gura duenak Gune Askera hurrera daiteke martitzenetan, 13:00etan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun