Askotan galdetzen diote zertarako balio ote duen Jupiterreko atmosferaren gorabeherak aztertzea, eta igartzen zaio erantzuna ondo landuta daukala: "Planeta guztiak izan daitezke eredu onak Lurreko fenomeno batzuk hobeto ulertzeko". Adibide modura Marteko hauts-ekaitz erraldoiak aipatu ditu, hemengoak aztertzeko lagungarriak dira eta. "Artizarra ere interesgarria da", gaineratu du, "hango berotegi-efektua oso bortitza da eta hori zergatik gertatzen den begiratuta aztarnak lor ditzakegu Lurreko berotegi-efektuaz".
2005ean hasi zen Barrado Jupiterreko atmosfera aztertzen, eta ordudanik planeta erraldoi hori izan du ikerbide nagusia; doktore-tesia ere horretaz egin zuen, 2009an. Gaur egun, Jupiterreko ekaitzen eta haize-zurrunbiloen bilakabideaz datuak biltzea da Barradoren lan nagusietakoa. Teleskopioz egindako argazkiak konparatuta egiten du lan hori. Jasotako informazioari etekin praktikoa ateratzea, dioenez, beste batzuei dagokie. "Guk oinarrizko zientzia egiten dugu".
Ez zaitzala engaina goiko argazkiko teleskopioak; ordenagailuko pantaila eta kalkulu matematikoa dira Barradoren eguneroko ogia. Argazki onenak, izan ere, ez dira "etxetik" egindakoak, Lurraren inguruan orbitan dagoen Hubble teleskopioak bidaltzen dituenak baino. Itzubaltzetarrak azaldu digunez, eguzkiaren izpi kaltegarrienetatik babesten gaituen atmosferak berak eragozten du Lurretik Jupiterren argazki garbi-garbiak egitea. Ezin dena eduki.