Bi estatu eta hiru administrazioren mende gauden arren, euskal hizkuntza-komunitatea bakarra da eta lurralde bakarrean bizi da, euskararen herrian, Euskal Herrian. Hartara, erantzukizunagatik edozein lurraldetako euskaltzaleok kezka izan beharko genuke Euskal Herriko beste edozein txokotan gertatzen denaren inguruan.
Hamarkadak eman ditugu Nafarroan herritarrei hizkuntza-eskubideak bizi diren herriaren arabera aitortzen zaizkiela salatzen. Beste edozein eskubidetan ez bezala, kokatuta zauden tokia da eskubideak aitortzeko edo ez aitortzeko irizpidea. Hartara, nafar gehienak, alegia, milaka eta milaka euskal herritar, legez eskubidez gabeturik daude.
Aukera zabaldu da orain egoera hori iraultzeko, eta horretarako komunitatea kalera ateratzeko deia egin du Kontseiluak. Euskaraz bizi nahi duen herri baten gogo indartsua irudikatzeko beharra aldarrikatu du, Nafarroako Parlamentuak justizian, kohesioan eta berdintasunean oinarrituko den hizkuntza-lege berria onartu dezan.
Afera ez da solidaritatea edo elkartasuna. Honen guztiaren muina erantzukizuna da. Erantzukizunez jokatu behar dugu, herri modura erantzun behar dugu. Urriaren 27an Euskal Herri osoko herritarrok, Uribe Kostakook barne, euskaldunon eskubideen aldeko hitzordua dugu Iruñean. Herri modura erantzun dezagun.