Etorkizunari ekarpena egitera dator Enpresarean Azoka

Iker Rincon Moreno 2018ko urr. 23a, 16:02

Enpresarean proiektua sortzeko lehenengo urratsa 2010ean egin zuen Bai Euskarari Elkarteak. Rober Gutierrezek, Bai Euskarari Elkarteko zuzendariak, azaldu du zer den Enpresarean: "Proiektu esperimentala da, euskaraz lan egiten duten edo-eta produktuak zein zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituzten enpresak eta profesionalen sarea ehuntzeko, ikustarazteko eta hauen arteko lankidetza sustatzeko helburuekin sortua".

Era berean, euskaraz normaltasunez jarduteko baliabide bat ere badela dio: "Enpresarean alor sozioekonomikoan euskaraz aritzeko baliabide bat da, enpresei eta profesionalei proiektuak ezagutzera emateko bidea eskaintzen diena, solasaldirako, eztabaidatzeko eta elkarlana sustatzeko espazio bat partekatzeko aukera errazten diena, enpresen eta profesionalen interesekoak diren gaiak jorratu nahi dituena eta tresna eta bitarteko berriak lantzen eta sortzen lagundu nahi duena. Euskarak balioa ematen dio lurralde honetako alor sozioekonomikoari, eta horregatik, euskaraz eta euskaratik ekarpena egin nahi dugu".

Laugarren edizioa

Enpresarean Azokaren laugarren edizio honetan, hainbat solasaldi, erakustaldi eta mahai-inguru antolatu dituzte, enpresa eta profesionalen arteko elkarlana sustatu eta esperientziak trukatzeko. "Industria 4.0, industria iraultza berria, digitalizazioa, transformazio digitala eta lanaren automatizazioa dira, besteak beste, zuzenean edo zeharka eragiten diguten mugarri esanguratsu batzuk. Etorkizunerako joera globalak ere aurreikusten ari dira: robotizazioa, hilezkortasuna, bloke-kateak, gauzen eta pertsonen Internet, bizitza osorako lanposturik eza...", dio Gutierrezek.

Aurtengo Enpresarean Azoka dator enpresa, ekonomia eta lanaren etorkizunaren gaineko aukerei eta mehatxuei, iritziei eta proposamenei erantzuteko asmoagaz, Gutierrezek dioenez: "Transformazioa errealitate bat da, onartuta dago, baina erronkari aurre egiteko ikuspegien arteko talka dago. Nolakoa izango da etorkizuneko gizartea? Lehiakortasunak gizartearen ongizatean eragingo al du? Zer gertatuko da sistema sozioekonomikoarekin eta horren bitartekariekin? Nolakoa izango da komunitatea eta administrazio publikoaren arteko harremana? Botere harremanak aldatuko dira? Eragina izango du robotizazio-prozesuak lanpostuetan? Zeintzuk dira automatizazioaren eragina gehien jasango duten profil profesionalak? Zein lan aukera ekarriko ditu eraldaketa teknologikoak? Nolako lanpostuak izango ditugu? Askatasuna eta segurtasuna uztartzeko gai izango gara?..."

Galdera horien guztien gainean eta pertsonez, digitalizazioaz eta transformazioaren etorkizuneko erronkaz jardungo dute urriaren 25ean, Hernaniko Orona-Ideon. Argibide gehiago gura izanez gero, hemen: informazioaegitarauaparte-hartzaile denak eta izena emateko formularioa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun