EHU
  Jendartea  EHU 2018-10-25 16:25

Zientziari emandako gorpuen azken habia

Unai Brea

"Hemen hilak birsortzen dira/biziei laguntzeko ametsaz", azaltzen dio plaka batek Bizitzaren Basoan sartzear dagoenari. Hamabost urte bete dituen monumentu hau da azken geltokia euren gorpua ikerkuntzarako eman zuten askorentzat.

Zientziari emandako gorpuen azken habia
Leioa eta Erandioko campusaren atzeko aldean dago Bizitzaren Basoa, gaur egun Arboretuma dagoen eremuan, Lertutxe aintziraren ondoan. Corten altzairuz egindako hogei zuhaitzek osatzen dute. OSKAR GUTIERREZ | Ikusi handiago | Argazki originala

Leioak eta Erandiok partekatzen duten EHUko campusaren atzeko aldean, ezin segurtasun osoz esan udalerri bietako zeinetan, altzairuzko hogei zuhaitzek osatutako baso berezia dago, hildakoen gordeleku izan arren biziari eskainitakoa. Zuhaitz horien barruan daude gordeta azken lau hamarkadetan euren hilotzak EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateari utzi dizkioten ehunka pertsonaren errautsak. "Pertsona eskuzabalak, gorpua zientziari utzi nahi izanak", aldarrikatzen du unibertsitateak Basoaren ertzean ipinitako aurkezpen-plakak.

Hain zuzen, Medikuntza Fakultateko atetik abiatuta heldu gara honaino, hamar bat minutuko paseoan, EHUren Arboretuma zeharkatuz ondo asfaltatutako bidetik. Gaur egun parke horrek inguratzen du Bizitzaren Basoa alde gehienetatik, baina hori geroago etorri zen. Basoa sortu zenean, egun euritsuetan basaz betetako zidor bat zen bertora ailegatzeko bide bakarra.

Gorpu barik, irakasterik ez

Bizitzaren Basoa 2003ko irailean inauguratu zuten, baina haren sorrera behar bezala ulertzeko askoz salto handiagoa egin behar dugu denboran. 1970eko hamarkadaren amaierara, hain justu. Garai hartan heldu zen, handik laburrera EHU/UPV izena hartuko zuen Bilboko Unibertsitatera, Basoaren sustatzaile nagusia: Paco Doñate medikuntza-katedraduna. Doñatek oraindik orain hartu du erretiroa, baina ez du guztiz eten unibertsitateagaz lotura, are gutxiago bere ume kutunagaz. Hark lagundu digu txango bikoitzean: bai honaino ekarri gaituen paseo laburrean, bai ia lau hamarkadako historian zehar egindakoan.

"Unibertsitatera ailegatutakoan ezustekoa izan nuen: ez zegoen hilotzik", gogoratu du irakasleak, "eta hilotzak oinarrizkoak dira medikuntza irakasteko". Praktika gehienak maketak eta halakoak erabiliz egiten ziren garai hartan, eta bazeuden "hiruzpalau hildakori zegozkien zenbait gorputz-atal, ebakuntza-mahai guztietan zer edo zer egon ahal izateko zatitutakoak, eta ordurako erabilezinak".

Doñatek hainbat neurri hartu zuen berehala. Batetik, gorputz-zati haiek errausteko agindu zuen, eta errautsak bere bulegoan gorde zituen. Bestetik, bere aurreko fakultatera deitu zuen, Zaragozara, laguntza eske. "Pare bat gorpu eman ziguten, eta ekarri egin genituen. Material horregaz praktikak egiten hasi ahal izan genuen egunero".

Gorpu-emaile eske

Adabaki hura ez zen nahikoa, baina. "Gorpu-emaile elkarte bat sortzeko eskatzen hasi nintzen, hedabidetan artikuluak argitaratuz, eta erantzun ona jaso genuen", dio irakasle erretiratuak. Adierazi digunez, ekimen horren aurretik unibertsitatera ailegatzen ziren gorpu bakarrak (eta bakanak) hil ostean inork erreklamatzen ez zituenenak ziren. Baina bide hartatik jasotzen zenak ez zituen ikastegiaren beharrak asetzen. Gainera, sasoi hartan gaur egun baino askoz ikasle gehiago zebilen Medikuntza Fakultatean.

Ordutik aurrera, gorpua ematen zutenek modu boluntarioan eman zuten, fakultatera joanda eta hainbat agiri izenpetuta. Oraindino ere, Interneten garaiotan, derrigorrezko baldintza da bertara joatea gorpua zientziari emateko. Dena dela, izandako arrakastari esker behar baino emaile gehiago dago; horregatik, fakultateak ez du dohaintzarik onartzen momentu honetan. "Hasierako emaile haiek zahartu egin dira, eta asko hil ere bai. Joan den hilean, esaterako, bederatzi gorpu heldu zitzaizkigun, batez bestekoa baino gehitxoago. Gure beharrizanetarako lar dira, eta kontuan eduki beharra dago, gainera, gu arduratzen garela gorpua jaso eta ekartzeko ehorztetxeari deitzeaz, kontserbatzeaz...". Doñatek azaldu duenez, azken bost urteotan, gutxi gorabehera, dohaintza egin guran joan zaizkienei organo-emaile bihurtzeko gomendatu diete.

Gorpuak ez dira betiko. Alboko elkarrizketatxoan azaltzen denez, ikasturte bi edo hiru igarota ez dago gehiago haiek erabiltzerik. Aspaldiko garaietan, hilobi komunetan eta identifikatu barik uzten zituzten inork erreklamatu ez eta unibertsitatera ailegatzen ziren hilotz haiek. Baina Doñate ez zegoen inola ere hori onartzeko prest: "Honek denak medikuntzaren alde humanoagaz dauka lotura. Ez unibertsitateak, ez sentiberatasun apurra daukan inork ezin du ontzat eman bere gorpua eskuzabaltasun osoz zientziari eman dionaren azken arrastoak modu horretan tratatzea". Hala, urte askoan, ikasleen praktiketarako daborduko erabil ezin zitezkeen hilotzak errausteko agindu zuen Doñatek, eta errautsak, leku hoberik ezean, bere bulegoan bildu. Urteak joan, urteak etorri, ia 300 pilatu zituen.

Bizitzaren basoa

Errauts-ontziek bulegoko espazioa betetzen zioten bitartean, katedradunak aldiro eskatzen zion EHUri haientzat leku duin bat atondu zezan. Erantzuna, sarri, dirurik ez zegoela izaten zen. Apurka-apurka, ordea, Doñatek berak karguak lortu zituen unibertsitateko zenbait zuzendaritza-organotan, eta, bere berbetan, "erabakitzeko ahalmena zuten pertsonengan eragiteko aukera gehiago" eduki zuen. Horri batuta, gauza bi jazo ziren 1990eko hamarkadaren amaieran: alde batetik, EHUri diru-dohaintza handia ailegatu zitzaion ezustean; bestetik, unibertsitateko agintarien sentiberatasuna handitu zen. "Zehazki, Pello Salaburu orduko errektorea aipatu beharra dut", dio Doñatek, "askotan jo nuen harengana zer edo zer egiteko eskatuz, eta azkenik fruitua eman zuen tematze horrek". XX. mendearen hondarra zen, eta Doñatek hogei urte inguru zeroatzan errautsak bere bulegoan gordetzen.

Katedradunaren eskariari men eginez, azkenik, EHUk ideia-lehiaketa publikora deitu zuen 2000. urtean, errauts haien behin betiko gordelekua aukeratzeko. Erabakia hartu behar zuen batzordean unibertsitateko jendea zegoen, baita intelektualak eta artistak ere, Nestor Basterretxea eskultore ospetsua barne. 50 proiektu aurkeztu ziren, eta batzordekide denek, batek izan ezik, gaur egun Bizitzaren Basoaz izenaz ezagutzen denaren alde bozkatu zuten. Kataluniako arkitekto birena zen proiektua, "baina aukeraketa egin genuenean guk ez genekien hori", azpimarratu du Doñatek, "bozketa itsua izan zen".  

"Biziaren gerrillariak"

2003an gauzatu zen Paco Doñatek hain luzaroan izandako helburua. Hasiera batean Elkartasunaren Basoa izendatzeko asmoa eduki zuten, baina laster iritziz aldatu eta gaur egun duen izena ipini zioten guneari. "Azken batean, hemen dauden gorpuakaz medikuak hezi dira", diosku Doñatek, "eta medikuek euren bizitzen zati handia eskainiko diote gaixotasunen eta heriotzaren aurka borrokatzeari; labur esateko, biziaren gerrillari bihurtzen dira".  

Corten motako altzairuz egindako hogei zuhaitz ditu Basoak, hartxintxarrez estalitako zirkulu handi batean. Euren alboan, egurrezko jesarleku handi batek Karonen txalupa irudikatzen du, hau da, antzinako Greziako mitologian hildakoak Hadesen erresumaraino eroaten zituen ontzia. Eta jesarleku horretan, aldiro berritzen den paper-zati batean idatzita, 1980ko hamarkadaren hasieratik euren gorpua EHUko Medikuntza Fakultateari eman diotenen izenak daude idatzita, hainbat arrazoirengatik zerrendan agertu gura izan ez duten gutxi batzuena izan ezik.

Zerrenda horretan adierazita dago emaile bakoitzaren errautsak zein zuhaitzetan gordeta dauden. Baina erdia baino gehiagotan falta da ohar hori. "Hasierako urteetan [Basoa inauguratu arte] familia askok errautsak eroan zituzten, bestela askoz gehiago pilatuko nituzkeen", argitu du Paco Doñatek. Hala ere, Bizitzaren Basoa existitzen denetik emaile gehienen senideek errautsak bertan gordetzea gurago izaten dute. Bizpahiru urtean behin egiten da errauts-ontziak Medikuntza Fakultatetik (aspalditik beren-beregi horretarako sortutako biltegi batean gordeta daude) Basora eroan eta han uzteko zeremonia. "Lehen ekitaldi publikoa izaten zen, baina behin senide batek esan zuen bere ustez zeremoniak intimoa izan behar lukeela, eta ordutik hona ez dugu berriro publikoki egin". Errautsak sartzeaz batera, berritu egiten da "Karonen txalupan" ipinitako zerrenda, daborduko 650 izen inguru daukana.   

Olibondoa haritzen erresuman

Gunearen erdian, altzairuzkoek inguratuta, Bizitzaren Basoko benetako zuhaitz bakarra dago: olibondo bat. Monumentua eraiki eta gutxira ipini zuten, eta Paco Doñateren esanetan oso litekeena da Bizkaiko zuhaitzik zaharrena izatea: "2003an, hona ekarri genuenean, 1998 eta 2007 bitarte eraztun zeukan, hau da, gutxi gorabehera kristau aroaren adin bera du". Katedradunak gogoan du Bizitzaren Basoaren erdian zuhaitz bat ipintzeko erabakia hartu zenean, monumentuaren sorreran parte hartu zuten gehienek haritzaren alde egin zutela, Bizkaiko espezierik esanguratsuena baita. "Baina begiratu inguruari; haritzak daude nongura!". Azkenean, gizateriaren historian eraginik handiena izandako zuhaitza aukeratzea proposatu zuen nork edo nork. Olibondoa gailendu zen. "Ohartu zaitez esanguraz betetakoa dela: dieta mediterraneoaren oinarria da, eta sendagai askorena; zura ezin nobleagoa du; hiru erlijio monoteista handiek erabiltzen dute azken igurtziak egiteko; eta gainera, bakearen ikurretako bat da". Bada, sinistu egiguzue: Bizitzaren Basoaren inguruan bakea ia-ia arnastu ere egin daiteke.

 

"Ikasleek gorpu beragaz egin ohi dituzte lehen urte bietako praktikak"

Paco Doñate katedradunak azaldu digu, xehetasunik eman barik (guk ere ez diogu eskatu), Medikuntza Fakultatera ailegatzen diren gorpuei zer-zelako erabilera ematen zaien. Lehen ikasturte bietako praktiketan baliatzen dituzte, argitu duenez.

Luzaroan erabiltzen da gorpu bat erraustu aurretik?

Bizpahiru urtez, lau ere izan litezke. Giza Anatomia ikasgaiaren lau ataletan erabiltzen dira, lehenengo eta bigarren mailan. Bigarren ikasketa-urtea amaitu orduko, ikasle batek gorpu beragaz egin izan ditu praktika denak, normalean. Hilotzak ondo kontserbatuta daude (zainetan hainbat substantzia injektatzen zaie horretarako, eta hozkailuetan gordetzen dira), baina behin horra ailegatuta ezin izaten dira gehiago erabili, eta erraustu egiten dira.

Zilegi bada hala esatea... gorpu osasuntsuak dira, ezta?

Bai, hala da. Giza gorputza barrutik zelakoa den ikusteko erabiltzen dira. Anatomia patologikoa, hau da, gaitz konkreturen batengatik hil direnen azterketa, ospitaleetako praktiketan jorratzen da, autopsien bitartez.

 

Zuhaitz gehienak, betetzeke oraindino

Errautsak dituzten ontziak altzairuzko zuhaitzen barruko apaletan uzten dituzte. Bizitzaren Basoak dituen hamabost urteetan, apalen % 10 inguru baino bete ez dela kalkulatu du Paco Doñatek. 1980tik honako gorpu-emaileen kopurua 600dik gorakoa da, baina Basoan horien erdia ere ez dago. Gaur egun beste 60 errauts-ontzi inguru daude bertan uzteko zain, Medikuntza Fakultateko biltegi batean. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa