Bizitzan bezala, heriotzaren prozesuan ere lagundu behar da

Iker Rincon Moreno 2018ko urr. 31a, 10:40
Mendekotasun-egoeran dauden zaintzaileentzako zainketa aringarrien ikastaroa antolatu dute Getxon.

Inork ez du heriotzaren inguruan berba egin gura; hala ere, hori normalizatu beharra dagoela uste du Naomi Hasson hezitzaileak: "Naturaltasunez hartu beharra dago, azken agurra ondo eman ahal izateko".

Aurreko urteetan bezala, mendekotasun-egoeran daudenen zaintzaileentzako tailerrak antolatu ditu Getxoko Udalak ikasturte honetarako. Aurten, gainera, aurreko edizioetan parte hartu duten zaintzaileen eskaerei jaramon eginda, ikastaro berri bi eskainiko dituzte: osatze naturalaren (36 ordukoa) eta zaintza aringarriaren eta doluaren (40 ordukoa) gainekoak, hurrenez hurren. Azken horretaz arduratuko da Naomi Hasson erizaina eta IMQ Igurco taldeko hezitzailea, eta helburua da beharrezkoak dituzten erremintak ematea zaintzaileei gaixoa bere azkeneko egunetan ahalik eta erosoen senti dadin bermatzeko, bai fisikoki, bai psikologikoki, emozionalki, espiritualki eta sozialki.

Hassonek azaldu duenez, zainketa aringarrien helburua da gaixotasun sendaezinak dituzten edo hilzorian dauden pertsonak hobeto sentiaraztea. Horretarako, atentzio osoa eman behar zaio pertsona horri, minaren tratamenduari eta beste arazo fisiko, psikosozial eta espiritualari arreta berezia jarrita. "Gaixo kroniko, larri edo sendaezin bat diagnostikatzen dutenean, askotan pentsatzen da daborduko ez dagoela ezer egiteko. Baina hori ez da horrela, oraindino asko dago aurretik, eta horretarako daude zainketa aringarriak", hezitzailearen arabera. "Egun batean hil egingo gara denak, baina, gainontzeko egunetan zer?", galdetu du, "Los demás días" dokumentalari aipamena eginez.

Horixe da mota horretako zainketek aldarrikatzen dutena: heriotzaren zain dauden pertsonak laguntzea bide horretan, bizi-kalitatea ahalik eta hoberena izan dezaten, egiteke dituzten gauzak egiten laguntzea eta etor daitezkeen gauzak aurreikustea. "Modu horretan, pertsona bera, familia eta inguruko lagunak prest egongo dira, eta ahal izan duten dena egin dutela sentituko dute", azpimarratu du adituak; "zainketa aringarria ez da azken hiru egunetako kontu bat, agoniakoak. Zerbait gehiago da", gaineratu du. Horretarako, mediku eta sanitarioen laguntza izateaz gainera, gaixoaren familiagaz batera zaintzaile bat egon behar da, heriotzaren bide horretan lagunduko duena.

Hassonek nabarmendu duenez, bizitzari amaiera emateko prozesu horretan laguntza dagoenean, doluaren prozesua osasungarriagoa izaten da, eramangarriagoa, sendiek zuzeneko informazioa dutelako. Hala, ez dira uste okerrakaz nahasten, eta denbora benetan beharrezkoak diren gauzetan inbertitzen dute. Berbarako, "askotan uste da eriek jaten ez dutelako hiltzen direla, eta gertatzen dena da ez dutela jaten hiltzen ari direlako, gorpuek ezin dutelako gehiago. Horretan tematu beharrean, egin behar dena da eurakaz egon, berba egin, musuak eman...", azpimarratu du Hassonek. Era berean, aldarrikatu du doluaren eta heriotzaren gaia normalizatu beharra dagoela, horretaz berba egin ahal izateko eta jendea bakarrik senti ez dadin.

Zainketa aringarriak gaixoaren etxean bertan edo ospitale batean eman daitezke, hala nola Gorlizkoan, Bilboko Santa Marinan eta Santurtziko San Juan de Dios ospitaleetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun