Epaimahaiak hiru talde hautatu ditu: Maruri-Jatabeko Dekot, Azkoitiako Zizel eta Donibane-Lezoko Nau; publikoak, berriz, laugarrena aukeratu du, 8.820 botogaz: Belatz talde gernikarra.
Banden Lehiaren helburua da euskal musika sustatzea; musika-talde amateurrik onena saritzen du, bertoko taldeak ezagutzera ematen eta, bide batez, euskal musika sarean ere zabalduz.
Hamargarren edizioan aniztasuna izan dela nagusi adierazi dute antolatzaileek, bai jatorri aldetik eta bai musika-estilo aldetik ere. Lehenengoari erreparatuz, Hego Euskal Herriko taldeez gain, aurten ere, iparraldeko talde batek eman du izena. Eta estiloari erreparatuz, askotarikoa izan da aurkeztutako taldeek jotzen duten musika estiloa: rocka, folka, industriala, metala, alternative punka, popa, countrya…
Finala azaroaren 17an, Bilborocken
Banden Lehiaren aurtengo finala azaroaren 17an izango da Bilboko Bilborock aretoan, 17:30ean hasita. Aukeratutako lau taldeek zuzeneko kontzertuak eskainiko dituzte, eta bukaeran irabazlearen berri emango dute.
Taldeek publikoaren laguntza behar izango dute, berriro ere, beraien aldeko botoak eskuratzeko. Era berean, epaimahaikideak ere han izango dira kontzertuak bertatik bertara jarraitzen.
Finala publikora zabalik izango da, eta lau talde finalistaz gainera Haxotz, Larregi, Zazkel, Aneguria eta Ze esatek! taldeek kontzertua eskainiko dute, doan.