Eredugarria zer den

Goizalde Landabaso - BERRIA.EUS 2018ko urr. 31a, 12:45

COPYLEFT NATHAN ROGERS - UNSPLASH

Txio harrigarria izan zen. Gaztetxoen arteko futbol partida bat: Athletic 25-0 Getxo. Kiroltasun style.

Uste nuen argi zegoela gazteen arteko kirolak gizarte osasuntsu baten baloreak bultzatzeko, irakasteko balio behar zuela; anaitasuna, enpatia, talde lana, elkartasuna... gizarte desiragarri batek izan beharko lituzkeen hiritarren baloreak sustatzeko. Athleticek, nonbait, nagusia dela erakutsi behar izan zuen. Zu zara nagusia eta kitto. Ondo argi ikasi behar dute gazteek, arin baino bizkorrago, zer izan behar den bizitza: irabazle bat eta galtzaileak. Irabazle oroboteretsua eta galtzaile azpiratua.

Galizako Racing Club Ferrol futbol taldeak sartutako golak ez agertzea erabaki du. Txio batean azaldu zuten: "Taldeetako umeenganako errespetuagatik golak ez agertzea erabaki dugu". Gaztetxoen izotz gaineko hockeya: 5 gol arteko emaitzatik gora ez da agertzen. Minibasketa: beste taldearekiko aldea handitzen doanean partidaren akta bertan behera uzten da. Errubgia: taldeen artean 20 puntutik gora dagoenean amaitutzat ematen da partida, eta antza, taldeak nahastu egiten dira eta jolasteari ekiten diote. Getxoztar gaztetxoak irudika ditzaket. Umiliatuak, suntsituak. Golik gol zulo gero eta handiagoa euren baitan, mina, ezintasuna. Getxoztar gazteek minutu gutxi batzuetan ikasi dute boterearen harrokeria, zapaltzaile izateko gaitasuna, enpatia ez dela beharrezkoa irabazle bazara, eta arerioa makurrarazi behar dela, birrindu; erroetatik baztertu egin behar dela gupida. Ikasi dute zer sentitzen den beste aldean. Agian, suerte apur batekin, irabazle batek zer ez duen egin behar ikasi dute. Gaztetxo irabazleak golik gol puztuago imajinatzen ditut, galtzaileak, berriz, zanpaturik, negarretan. Esango ote zieten neska-malkotan ari zirela? Hau ez da eredugarria. Futbola gero eta gaitzesgarriagoa iruditzen zait. Nik etxeko txikienei Aviron Bayonnais-en baloia erosi diet, umetan mundu hobeagoarekin amesten badute baliteke heldutan gauzatu ahal izatea.

Iritzi-artikulu hau BERRIA.EUSen argitaratu du Goizalde Landabaso kazetari eta idazleak, eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu HIRUKAra.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun