Aurreko urteetan legez, funtzio soziala duen elkarte bati dohaintza egitea erabaki du Stock Euskadi azokak. Oraingoan ALCER izango da 3.000 euro jasoko dituena. Giltzurruneko Gutxiegitasun Kronikoa duten hainbat pertsonak sortutako taldea da ALCER.
Azken ikerlanen arabera, hamarretik batek jasaten du daborduko GGK mundu-mailako epidemia. Eragina %20koa da 60 urtetik gorakoengan, eta %35ekoa 70 urte baino gehiago daukatenengan. 20-39 urte bitartean, berriz, 25 pertsonatik batek dauka GGK. Euretako askok dialisia behar dute bizitzeko, eta zenbaitzuek transplantea ere bai. Gaur egun, Bizkaian 800 bazkide inguru dauzka ALCER elkarteak.
"Gure eguneroko jarduerara bideratuko dugu jasotako dirua, gaixotasuna duten pertsona guztien normalizazioa eta gizarteratzea lortzeko", adierazi du Belén Herrerak, Bizkaiko ALCEReko presidenteak, Stock Euskadigaz akordioa izenpetutakoan. Gaixoei psikoterapia, nutrizio eta etxebizitza sozial zerbitzuak emateko eta jendartean informazioa zabaltzeko erabiliko dute, batez ere, Stockengandik jasotako dirua. BECen egingo den azoka bera ere baliatuko dute informazio hori zabaltzeko, saltokia edukiko baitute han.