Klika, klika, klika, hemen dator Korrika

ARGIA.EUS 2018ko aza. 7a, 12:52

"Klika" leloa aukeratu du AEK-k aurtengo Korrikarako. 21. edizioa izango da eta apirilaren 4tik 14ra bitartean zeharkatuko du Euskal Herria, Garesen hasi eta Gasteizen bukatu. Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” omenduko du euskararen aldeko lasterketak, kulturan, euskalgintzan eta pentsamenduaren alorrean egin zituen ekarpenengatik.

2018ko azaroaren 7an aurkeztu zuten Korrikaren 21. edizioa, Donostiako San Telmo Museoan. © AEK

Bi urtean behin AEK euskaltegien ekimenez antolatzen den euskararen aldeko lasterketa aurkeztu dute asteazken honetan. Guztira 2.000 kilometro baino gehiago egingo ditu Korrikak Euskal Herri osoan barrena.

2019ko apirilaren 4an abiatuko da Garesen (Nafarroa) eta apirilaren 14an bukatuko Gasteizen. AEK-ko ordezkariek azaldu dutenez, aurrerago ezagutaraziko dute ibilbide osoa zein izango den.

Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaile nagusiaren esanetan, 21. edizio honetan ere Korrikak hasierako helburuei eutsiko die: euskaltegientzat babes ekonomikoa lortzea eta euskararen aldeko jarrera bultzatzea.

“Klika” da aurtengo Korrikaren leloa eta hitz horrekin lotu dute euskararekin konpromisoa hartzea, euskara ikastea eta erabiltzea.

2019koak, gainera, euskararen normalizazioan lan garrantzitsuak egin zituen pertsona bat omentzeko ere balioko du: Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” idazle, hizkuntzalari, politikari, ekintzaile eta pentsalaria omenduko du Korrikak. 2012an hil zen Txillardegi eta antolatzaileek nabarmendu dute Euskara Batuaren sorreran egin zuen lana.

Albiste hau Argiak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu HIRUKAra.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun