Leioako Ikasle Feministek martxoaren 8an jasan zuten erasoa salatu dute beste behin, EHUren "jarrera pasiboa" azpimarratzeko

Topatu.eus 2018ko aza. 9a, 09:40

cc-by TOPATU.EUS
Martxoaren 8an, emakumeak* grebara deitzeko "hardbass"-a egin zuten fakultateetan, eta irakasle batek euretako bi kide bastoi batekin jo zituen. Gaur egun, irakasle horrek fakultatean jarraitzen duela salatzen dute Hainka Leioako ikasle feministek.

M8an gertaturikoa gogora ekartzeko asmoarekin agertu dira Leioako campuseko ikasleak, behin baino gehiagotan salatu duten arren, inoiz ez baitute "ganorazko erantzunik" jaso: "Ez dugu onartuko gertaera hau mahai gainetik kendu eta ahaztea, pertsona zehatz batzuei komeni arren".

Emakume* Langilearen Nazioarteko Egunaren harira, EHUko campusetan egitarau bat antolatu zuten unibertsitateko talde feministek. Bestelako ekintzen artean burutu zuten "hardbass"-a eta Medikuntza eta Erizaintzako fakultatean sartu zirenean, irakasle batek eraso egin ziela salatu dute ikasleek: "Kirurgia saileko tinbrea jo ostean, bere onetik aterata zegoen gizonezko irakasle bat irten zen bertatik oso modu bortitzean, bastoi bat eskuan zuela, gurekiko astinduz eta hainbat irain eta mespretxu erabiliz. Atea itxi eta guk musikarekin jarraitzen genuela, berriro irten zen jarrera berberarekin. Oraingoan ordea, gutako bi jotzea lortu zuen bastoiarekin".

Irakasle honen jarrera matxista isolatutakoa ez dela adierazi dute ikasleek bere jarrerak beste hainbatetan argitara atera dituztela azpimarratu dute: "Fakultateko hainbat irakaslek, langilek eta ikaslek zenbait urtetan zehar salatu dute jarrera zapaltzaileak izaten dituela etengabe, ez soilik emakumeen kontra, baita gainontzeko kolektibo gutxietsien aurka ere".

Bizkaiko campuseko errektoreordeak malgutasuna eskatu zuela adierazi dute ikasleek, emakume* ikasleek grebarako oztoporik ez izateko. Hainkak azaldu duenez, ordea, erasoa burututako irakasleak “kargu garrantzitsuak” ditu unibertsitatean eta baita beste erakunde batzuetan ere: "EHUko sail ezberdinen artean eztabaidak hasi ziren, eta orokorrean, denek eskuak lotuta zituztela ulertarazi ziguten; elkarri erantzukizuna egotziz aritu ziren, gu tartean izanik”. Azkenik, irakasleari espedientea irekiko ziotela jakin zuten ikasleek. Testigantzak emateko deitu zituzten ikasle batzuk eta mugimendu feministatik azaldu dutenez, “ikasleen bertsioetan kontraesanak bilatzen eta testigantzak deslegitimizatzen" saiatu ziren. 

Irakasle hau ikasleen etorkizunean "baldintzatzailea" dela erabakita, ikasle askok bide judiziala alde batera uztea erabaki zuten, "mendeku pertsonal" batek, beraien ibilbide profesionala "ez zapuzteko".

Ikasle feministek adierazi dutenez, beraien helburua irakasle hau bere postutik kentzea izan da hasieratik. Hala ere, prozesuak luzerako joko zuela iritzita, EHUri eskatu zioten erasotzaileak publikoki barkamena eska zedin. Gaurko egunez, barkamenik jaso ez dutela gogorarazi dute ikasleek eta baita begi-bistako neurririk hartu ez dela ere: "Erasotzailea inongo damurik gabe dabil fakultatean zehar, mespretxua erakutsiz mugimendu feministarekin lotzen duen ikasle orori. Erasotua izan zen emakumeetako batek oraindik ere klaseetan eta pasilloetatik ikusten du, beste eraso bat jasan dezakeelarik edozein momentutan".

EHUk bestalde, emaitzaren berri espedientatuari soilik emango zaiola adierazi du. Hainkako ikasleek adierazi dutenez, EHUren jarrera pasiboak, erasotuak babes gabe uzten ditu: "EHUk prozesu honekin bere benetako izaera erakutsi du: honelako erasoen aurrean, erasotzailearen anonimotasuna eta pribilegioa babestu dituen instituzio bat, biktimak alde batera utzi dituena. Agerian geratu da EHU-k ez duela heteropatriarkatua suntsitzeko interesik, aitzitik, hau betikotzeko mekanismoak sortzen ditu".

Artikulu hau TOPATU.EUSek argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu HIRUKAra.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun