Getxoko eta Erandioko ikastetxe banak eskola-jazarpenaren kontrako egitasmo berria martxan daukate

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 14a, 10:39

Bullyinga saihestu gura dute. ARGIA

Eskola-jazarpena saihesteko egitasmo berritzaile bategaz bat egingo dute aurten Getxoko Larrañazubi eta Erandioko Jado-Compasión ikastetxeek. Berdinen Arteko Tutoretza izeneko ekimenaren bitartez, ikasturte bi beherago dauden eskola-umeen tutore bilakatuko dira nagusiagoak diren ikasleak, Bizkaiko Psikologia Eskola Ofizialaren laguntzagaz. Hala, arazorik badaukate, lagundu egingo diete, heldu batengana jo behar izan barik eta, horrela, bizikidetza hobetuz eta bullyingari aurrea hartuz.

Aipatutako hezkuntza-zentro bi horiez gainera, Bilboko Maristak ikastetxeak ere bat egingo du ekimenagaz. Iaz Gurutzetako Alazte zentroak martxan ipini zuen; ikastetxe hori izan zen lehenengoa EAEn egitasmo hau indarrean jartzen.

Egitasmo berritzaile horrek eskola-jazarpena saihesteko prozesuen protagonista bihurtzen ditu nagusiagoak diren ikasleak eta, horrez gainera, arazoaren irtenbidea haien eskuetan ipintzen du. Berdinen Arteko Tutoretza izeneko ekimena indarrean sartu aurretik, Erandioko Jado-Compasión ikastetxeak Hezkuntza Orientaziorako katedratikoa eta irakaslea den Andrés González Bellido gonbidatu zuen iaz, berbaldi bat emateko. Egitasmoaren sustatzailea eta psikologoa ere bada: Bartzelonako Unibertsitateko Hezkuntza Zientzietako Institutuan garatu zuten proiektua.

Ikasleak protagonista

Duela 17 urte martxan ipini zenetik, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako mila zentro baino gehiagotan indarrean dago. Beste egitasmoakaz daukan aldea da "ikasleak protagonista bihurtzen dituela; baina, zaintzaile-lanak egin behar izan barik". "Kontzientziaziorako, hobe da aurrea hartzea, ondoren damutu behar izatea baino", esan zien gurasoei González Bellidok. Estatu espainolean 2002-2003 ikasturtean indarrean ipini zutenetik, milioi bat ikasle baino gehiagok parte hartu dute ekimenean.

Gainera, Hego Amerikako, Amerikako Estatu Batuetako eta Ingalaterrako ikastetxeetan ere jarri dute martxan. Sustatzaileen berbetan, Berdinen Arteko Tutoretzari esker, "eskola-jazarpeneko egoeren %95 desagertzen da, eraso fisikoak erdira jaisten dira eta, ikastetxearen barruan, bizikidetza zeharo hobetzen da".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun