Defentsa-lerroa berreskuratzeko lanean hasiko dira laster

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 21a, 13:46
Urdulizen aurkitutako aztarnetako bat. © IÑAKI LIBANO

Barrikako Kurtziamendi eta Urdulizko Santa Marina inguruetan dauden Burdin Hesiko elementuak garbituko dituzte egunotan. Helburuetako bat da etorkizunean "Memoria Ibilbideak" egitea aztarna horietara.

Bilboko Burdin Hesiaren aztarnak berreskuratzeko eta haien balioa nabarmentzeko indusketa arkeologikoak abiaraziko dituzte laster Barrikan eta Urdulizen, Kurtziamendi eta Santa Marina inguruetan, hurrenez hurren. Hala ere, udalerriotan beharrak hasi baino lehen, Gamiz-Fikako lubakiak eta metrailadore-kokaguneak garbitzeari ekin zion joan den azaroaren 13an Iñaki Libanok, Diego Garatek eta Sergio Salazarrek gidatutako aditu talde batek. Datozen bi asteetan jardungo dira bertan lanean; ondoren, Urdulizen eta Barrikan hasiko dituzte beharrak. Urdulizen kasuan, Udalak hainbat langabe kontratatuko ditu defentsa-lerroaren aztarnak garbitzeko; Barrikan, aldiz, Gogora Institutuaren aurrekontuaren zati bat bideratuko du Udalak, lorezaintza-enpresa bateko langileak kontratatu eta Kurtziamendin dauden elementu biak garbitzeko.

Izan ere, Gogora Institutua da Eusko Jaurlaritzak 2017an martxan ipinitako proiektu horiek koordinatzeko arduraduna. Azaldu dutenez, Burdin Hesia 80 kilometroko defentsa-lerroa zen, 1936 eta 1937 urteen artean 14.000 pertsonak eraiki zuten eta 33 euskal udalerri zeharkatzen zituen. Gaur egun, 25 herritan dago horren aztarnaren bat, eta horiek denak babestu eta balioetsi gura dituzte, euskal kulturaren, ondarearen eta gure memoria demokratikoaren parte garrantzitsua delako. Horretarako, erakunde bakoitzak ardura eta zeregin jakin bat izango du.

Batetik, Eusko Jaurlaritzak Burdin Hesiaren aztarnak babestuko ditu, Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren bitartez. Bestetik, elementu horiek sendotzeaz eta zaintzeaz arduratuko dira Arabako eta Bizkaiko foru aldundiak, beren eskumenen barruan. Bestalde, Gogora Institutuaren gidaritzapean, aipatutako udalak "Memoriaren Ibilbideak" osatzen dabiltza, aldundi biakaz koordinatuta. "Lanok kontu handiz abiatu dira, eta lehenengo urratsa aipatutako garbiketa eta indusketa lanak dira", azaldu du Gogora Institutuak.

Indusketa lanak Urdulizen eta Barrikan

Iñaki Libanok jakinarazi duenez, Uribe Kostako gune berri bi horiek "potentzial handia" dute. Lubakiak, metrailadore-kokaguneak, gotorlekuak eta aterpeak izateaz gainera, irudiak eta grabatuak ere aurkitu dituzte inguruotan. Berbarako, Barrikan egindako lehenengo indusketei esker irudi geometriko berezi batzuk aurkitu dituzte, ustez metrailadoreak instalatzeko erabiltzen zituztenak. Historialariak azaldu duenaren arabera, "orain arte Burdin Hesi osoan sekula ikusi ez diren irudiak dira horiek". Bestalde, Santa Marinan CNTri gorazarre egiten dieten horma-irudiak ere aurkitu dituzte, baita Gora Euskadi eta ANV dioten inskripzioak ere Gamiz-Fikan. "Irudi horiek denak dokumentatu behar ditugu, mota horretako grabatu eta elementu oso gutxi daudelako", azaldu du Libanok. Landa-lan hori dena egiteko hilabete eta erdi izango dute, urtearen akabura arte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun