Euskaraldia

Euskaraldia: ailegatu da eguna

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 23a, 12:16

Euskaraldia hizkuntza-ohiturak hamaika egunez aldatzeko ariketa soziala martxan ipiniko dute gaur, abenduaren 23an, Euskal Herri osoan. Hala, Uribe Kostako herri denetan dozenaka ekitaldi egongo dira abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunera arte. Bestalde, aukeratutako rolaren (Ahobizi, Belarriprest eta Irribizi) txapak eskuratzeko aukera egongo da herri bakoitzean.

Euskaraldiaren 11 egunetan zehar hizkuntza-ohiturak aldatzea izango da helburua eta, hori errazteko, ohiturak aztertu eta euskarari ekitea gomendatzen dute antolatzaileek. Halaber, zailtasunen aurrean amore ez ematea, hartutako erabakiari eustea eta ikurra agerian eroatea eskatzen dute.

Uribe Kostako herrietako ekitaldi denak HIRUKAk atera duen gailu mugikorretarako app-an kontsulta daitezke. Hemen klik egitez eskura daiteke.

Izen-emate datuak

Euskal Herri osoan, denera 196.000 lagunek eman dute izena Euskaraldian, parte-hartze zabala izango da beraz gaur martxan ipiniko den ariketan. Partaide horietatik %74ek eman dute ahobizi modura jarduteko izena eta %26 arituko da belarriprest rolean.

Lurraldez lurralde, hauek dira partaidetza datuak:

  • Araban  17.500
  • Bizkaian  68.500
  • Gipuzkoan  84.000
  • Ipar Euskal Herrian  5.500
  • Nafarroan  20.500

Partaideen ezaugarriei dagokienez, izena eman dutenen %63a emakumezkoa izan dela azpimarratu da, eta, adinari dagokionez, 16 urtetik gorako adin guztietako belarriprest eta ahobiziek egingo dute azaroaren 23an hasi eta abenduaren 3an amaituko den ariketa. Bereziki azpimarratu da gazteen artean harrera oso ona izan duela ekimenak. Honela banatu dira izen-emateak adin tartearen arabera:

  • 16 eta 25 urte bitartean ditu izena emandakoen %18ak.
  • 26 eta 35 urte artean %18ak.
  • 36 eta 45 urte artean %28ak.
  • 46 eta 55 urte artean %19ak.
  • 56 eta 65 urte artean %12ak.
  • 65 urte baino gehiago %5ak.

Ariketa prestatzeko aurrelanetan milaka lagun prestaketa saioetan aritu direla ere azaldu dute Euskaraldiko bozeramaleek, ahalduntze ariketa garrantzitsu bat izaten ari denaren erakusgarri modura.

Gaurko ekitaldiak

Berango

Azaroak 23, barikua

  • 18:00 Euskara-eskola hasiberrientzat, talo-janagaz, Stay and Job egoitzan.
  • 19:45 Kalejira Sabino Arana kalera. Horren ostean, argazki-erraldoia udal-pilotalekuan.

Erandio

Azaroak 23, barikua

  • 19:30 Hasiera-ekitaldia, Irailaren 23a plazan. Horren ostean, Kantagunea.

Getxo

Azaroak 23, barikua

  • 17:30 Irekiera-ekitaldiak, Telletxen, Xake plazan, Bidezabalen eta Malakaten.

Gorliz

Azaroak 23, barikua

  • 20:00 Euskaraldiari ondo-etorria, Burrunba elektro-txaranga ibiltariagaz.

Leioa

Azaroak 23, barikua

  • 19:30 Hasiera-ekitaldia, Boulevardean. Dantzak, bertsoak, txalaparta, txistulariak eta Euskaraldiaren koreografia ikasteko saioa egongo dira.

Leioako campusa

Azaroaren 23tik Abenduaren 3ra arte

Arte Ederretako Fakultatetik urriaren 10ean zabaldu den ideia lehiaketan aukeratuko diren ekintzak (ekintza performatiboak, esku-hartze artistikoak, esku-hartze muralak edota bestelakoak) garatuko dira.

Lemoiz

Azaroak 23, barikua

  • 19:30 Mintza-poteoa, Armintzan.

Plentzia

Azaroak 23, barikua

  • 19:00 Ondo-etorria, Ontziola plazan. Bertoko hamaikakoaren agerraldia eta Tor magoaren saioa egongo dira.

Sopela

Azaroak 23, barikua

  • 19:00 Kantu-jira herrian zehar, udaletxetik abiatuta.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun