Zer da Euskaraldia?
Zuriñe Agirregomezkorta: Euskara sustatzeko ariketa soziala da, euskaraz berba egin eta ohiturak astintzeko, hamaika egunean egingo dena Euskal Herri osoan.
Fredi Paia: Euskaraldiak erantzun gura dio euskal komunitatean daukagun arazo bati: alde izugarria dagoela dakien jende-kopurutik berba egiten duenera. Berbarako, Getxon % 8 da erabilera, dakitenen artean. Horri erantzun gura dio dinamikak.
Peru Calabaza: Bada ere eragile denak harremanetan ipini gura dituen jarduera bat: erakundeak, herritar-talde eragileak, elkarteak eta norbanakoak, bereziki.
Zelan sortu da ekimena? Nork antolatu du?
F. P.: Ekimenaren ideia dator orain dela hogei bat urtetik Lasarte inguruan egiten den dinamika batetik. Han egitasmo bat sortu zen euskara-ohiturak aldatzeko. Gaur egungo bertsioaren antolatzaileak Topagunea [euskara-elkarteen federazioa] eta Eusko Jaurlaritza dira; euren arteko proposamen bat zabaldu zitzaien herriei, iaz.
Zergatik eskatzen duzue Euskaraldian parte hartzeko?
Irune Villaverde: Ariketa horretan, zenbat eta gehiago izanda, orduan eta errazagoa izango delako bai pertsonak eta bai lekuak edo sustatzaileak identifikatzea. Parte-hartze handia bada, aukerak zabalduko dira.
Zer abantaila lortuko dute herritarrek?
Z. A.: Identifikatu ahal izango dituzte euskaraz ulertzen duten pertsonak. Euskaraz berba egin gura dutenentzat errazagoa izango da.
P. C.: Aukera ona da euskararen erabilera norberaren gogoen arabera ipintzeko. Askotan beharrizan legez bizitzen dugu, eta oso kontu ezberdinak dira gogoa eta beharrizana. Aukera ona da norberaren gogoa piztu eta jendartean erabiltzeko, komunikazio-tresna eta jolas kolektibo modura. Garrantzitsua da jolas baten modura planteatzea, eta ez kanpaina ofizial baten modura. Jolas gaitezen euskaraz berba egitera! Ideia hori asko gustatzen zait.
F. P.: Bai, rol-jolas bat da. Norbanakoak baino, komunitatea indartuko da hemen. Onura kolektiboa lortuko da, batez ere orain arte euskalgintzan inoiz ez dugulako ipini fokua erabilera bultzatzeko ekinbide batean. Hori da Euskaraldiaren abantaila nagusia.
I. V.: Antzeko esperientziak egon dira Euskal Herrian; emaitza onak lortu dira horrelako ariketakaz.
Zelan aukeratzen dira ariketaren rolak?
Z. A.: Hainbat arrazoi egon daitezke bata ala bestea izateko. Hasteko, ahobizi edo belarriprest izateko gutxienez euskara ulertu beharra dago. Gero, izan daiteke lotsagatik edo mila egoeragatik ahobizi ez izatea. Nire kasuan, berbarako, belarriprest izatea erabaki dut, zailtasunak aurreikusten ditudalako jokoa ondo egiteko, eta jokoa txarto egiten badugu indarra galtzen duelako.
Euskal Herrian 60.000 lagunek eman dute izena Euskaraldian, eta % 76 ahobizi da. Zein da egoera gure eskualdean?
F. P.: Proiektu hau kualitatiboa da, barne-aldaketak bilatzen ditugu jendearengan, ihes egin behar dugu zenbakietatik eta erronka-ikuspegi horretatik. Ez dut oso ondo ulertu zertara datorren zenbaki-dantza hori. Getxon lortzen gabiltza apurka-apurka herritarrek jakitea Euskaraldia izeneko kontu bat egingo dela eta hamaika egunez egingo dela, eta euskara gehiago entzuten dut herrian, baina hori nire pertzepzio pertsonala izan daiteke.
I. V.: Antzekoa gertatzen da Erandion. Ahobizi gehiago dugu belarriprest baino, baina alde handi barik. Batzuek ahobizi modura eman zuten izena hasiera batean eta, rola ulertu ostean, aldatu egin dira.
Ulertu dira rolak?
P. C.: Gaizki-ulertze bat egon da hasieratik: jendeak esaten du: «Nik euskaraz dakit, halandaze, ahobizi», baina gehiago dagokio norberaren jarrerari eta ez hainbeste jakintza-mailari. Ematen du 'belarriprest' figura sortu dela jende gehiago euskarara hurbiltzeko, gakoa belarriprest horiek erakartzean dagoela. Eskualdean belarriprest gutxiago dago eta ahalegina egiten dugu belarriprestak agertzeko. Jarduerak egiten direnean, betiko jendea elkartzen da eta denek ahobizi izan gura dute, kanpainaren parte izan gura dute.
Z. A.: Leioan ere zenbakiak halakoak dira. Topagunetik bultzatzen zen askoz belarriprest gehiago egotea. Zergatik? Jende askok ulertzen duelako, berba egitera ausartzen ez dena. Bestalde, uste dut heldu garela batez ere euskaraz berba egiten dutenengana eta eurek grina ipini dutela. Euskaraz ulertzen duen jende asko dago horren berri ez duena, jaso edo interes handirik ipini ez duena, paso egin duena. Hori kolokan dagoela uste dut.
P. C.: Betiko zirkuituetatik ateratzea litzateke kontua.
F. P.: Ahobizi-belarriprest oreka horren gainean, guk Getxon maiatzean egin genuen esperientzia pilotu bat, 24 ordukoa, eta horrek ondorio batzuk utzi zizkigun. Berbarako, belarriprest-kuadrillak egun osoan erdaraz ibili zirela, rol horrek ahalbidetzen baitu hori. Azkenean, belarriprest izanda erdara hutsean ibiltzeko eskubidea daukate, ahobizi bat agertzen den arte. Gure ondorioetako bat izan zen helburua bada euskararen erabilera bultzatzea, agian ahobizi bultzatzea interesgarriagoa dela. Nik ez dakit zergatik sortu dugun diskurtso kristau hori: "Kontuz ahobiziok, ze gero bekatua egingo baduzue, hobe da belarriprest izan". Segur aski hamaika eguneko esperientzia daukagunean ondorioak aterako dira eta agian beste hausnarketa bat egin beharra egongo da funtzioen inguruan, eta zertarako balio duen bakoitzak.
Z. A.: Belarriprest izateak ez du esan gura erdaraz egingo dela. Ni, berbarako, ahaleginduko naiz euskara egiten ahalik eta gehienetan, baina badakit batzuetan ez dudala lortuko. Horregatik, eta baita jendeak gaitasunagaz lotu ez dezan, belarriprest izatea aukeratu dut. Nik espero dut belarriprestek, euskara inguruan izanda, bultzadatxo bat jaso dezatela.
P. C.: Niri berriro datorkit lehengo gogoeta hori: norberaren gogoarena. Ematen du rol batean sartzen bazara, daborduko beharrizan horiek dauzkazula eta hori egin behar duzula. Bakoitzak egingo du gura duena, denbora osoan. Belarriprest izanda ahobizi-papera joka daiteke denbora osoan, eta ahobizi rolean erdaraz egitekotan, norberak egin beharko du bere gogoeta, zergatik hartu dituen rol eta txapa horiek. Baina ez gaitezen lotu: jolas bat da. Sartuko gara rol horietan, jolastu gura dugulako, norberaren gogoa da gakoa.
I. V.: Belarripresten eremua oso zabala da. Hor bai egongo dira gaitasun ezberdinak. Erandion egingo diegu gonbita, nahiz eta belarriprest izan, pertsona batzuekaz leku zehatz batzuetan euskara gehiago erabiltze ahalegintzeko.
Zergatik eroan beharra dago txapa jantzita?
Z. A.: Jolasean nor dabilen identifikatzeko. Antzina, atzerrian nenbilela, Bizkaiko matrikularen bat ikusiz gero, Málagan, berbarako, horrek harrotasuna eta hurbiltasun-sentsazioa ematen zidan. Nire ustean, horixe da kontua: «Hori bada, eta hori ere bai!». Erabilera lagunduko du, baita taldekidea harrotasunez sentiarazi ere.
P. C.: Lagunak egiteko ere baliagarria izan daiteke. Identifikazio horren bidez, has zaitezke ezezagunakaz berba egiten.
F. P.: Gai bitxia da identifikazioarena. Jende bati gustatu egiten zaio eta beste bati, ez. Getxon, esate baterako, sektore oso euskaltzale batzuek ez dute euren burua identifikatuko. Batek esan zuen bezala, "ez dut txapa bat jantziko egunero egiten dudana egiteko". Jarrera hori ere ulergarria da. Uste dut positiboa dela sorpresa batzuk eroango ditugulako jendeagaz, eta horrek euskara gehiago egitera bultza dezakeelako.
I. V.: Erandion asko erraztuko du; jendeak, bizpahiru lagunek kenduta, dendetan sartzen denean, lehenengo berba beti erdaraz egiten du. Txapa ikusita, gehiagotan egingo da euskaraz.
Non eman daiteke izena eskualdean?
Z. A.: Leioaztarrak.eus webgunean. Gune orokorra ere badago: Euskaraldia.eus. Kutxak ere badaude euskaltegietan eta herriko hainbat lekutan.
I. V.: Erandion badago hainbat gune: eskoletan, liburutegian, Euskara Zerbitzuan, eta online, Euskaraldiko webgunean; bestalde, ekitaldietan ere izena emateko aukera eman dugu.
F. P.: Guk ere eskola-zentroen bidez egin dugu izen-ematea. Gainera, kultur etxeetan, kiroldegietan eta musika-eskoletan kutxak ipini ditugu. Eta badugu Getxoztarrak.eus webgunea. Gomendatzen dugu azken horretan ematea izena, lana aurrezteko eta Datuen Babeserako Legeagatik. Euskaraldiaren izen-emate orokorrean inskribatzen den jendeari guk Getxoko euskalgintzaren informazioa ezin izango diogu bidali. Ostera, Getxoztarrak.eus-en ematen dutenei Euskaraldia osoaren eta bertako Berbalagun dinamikaren informazioa eman ahal izango diegu; hamaika egunen ostean ere bai.
P. C.: Guk Uribe Kostako herri denetan ipini ditugu kutxak, jendeak izena emateko, baina datu horiek sartzen jardun dugun heinean, gero eta gehiago bultzatzen gabiltza online-sistema. Etxean tako potolo bat daukat, akatsak dituzten inskripzioakaz. Batek posta-kodea ipini du posta elektronikoaren ordez, beste batek ez du ipini ahobizi ala belarriprest izango den… Akats piloa dago eta banan-banan deitu behar dugu telefonoz, galdetzeko. Horrek asko atzeratu eta zailtzen du, jendeak ez du telefonoa hartzen... Norberak eginez gero, zerbait ez badu sartu atzera botako dio, berriro egingo du eta arin egiten da, minutu batean.
Z. A.: Garrantzitsua da online formularioan jendeak informazioa jasotzeko laukian sakatzea. Bestela ezin diegu ezer bidali. Zelan jasoko dute txapa bestela?
Noiz arte eman daiteke izena?
F. P.:Abenduaren 3ra arte.
Anekdotaren bat daukazue, konta daitekeena?
F. P.: Diasporakoak. Gugana nahiko jendek jo izan du, esanez egun horietan kanpoan egongo dela, Londresen, Australian… eta zelan har dezakeen parte. Mallorcako Euskal Etxeari txapak bidali dizkiogu. Inoiz Dia supermerkatuakaz lotutako deiren bat jaso dugu: «Euskara al Dia». Modu denetako anekdotak ditugu.
I. V.: Batek behin esan zigun arduratuta zegoela: belarriprest izan gura zuela, ez zuela "minbizi" izan gura.
Berangon ere prest dago lantaldea
Dinamizatzaile barik, lan kolektiboa da baliabide nagusia Berangoko Euskaraldian. Bertan, izena emandakoen ia % 30 da belarriprest. Oraindino inskribatu ez direnek aukera daukate Frontoi tabernan, Berangoeta kultur etxean, Berango-Merana eskolan, Eroskin eta udaletxeko postontzietan eta beren-beregi ipinitako informazio-mahaietan. Lantaldeak herritarrak animatu ditu Euskaraldian parte hartzera, "gure hizkuntza erabiltzen duguna baino askoz gehiago erabiltzea lor dezakegulako!".