Gaude elkartea saritu dute bere erantzukizun sozialagatik

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 30a, 18:58

Ezkerretik eskumara, Azaola, Ageo eta Parra. © GUZTION ARTEAN EGINEZ FOROA

Guztion Artean Eginez Foroak Uribe Kostako Gaude elkartea saritu du gaur, bestelako adimen-gaitasuna duten pertsonak gizarteratzen egiten duen beharragatik, batez ere lan-arloan.

Fekoor dibertsitate fisikoa edo organikoa duten pertsonen Bizkaiko Federazioak ere saria jaso du, bestelako gaitasun fisikoak dituzten pertsonei laguntza ematearren. Zehazki, pertsona horientzako apartamentuen proiektuan berrikuntza sozial eta teknologikoa izateagatik.

Barrikako Barrika Barri egoitza bazkide den Guztion Artean Eginez Foroak eman ditu aitortzak. Enpresa-foro hori 2015ean sortu zen; gaur egun, foroak hainbat enpresa txiki eta ertain batzen ditu, Enpresen Gizarte Erantzukizuna (EES) sustatzeko modu berri bat sustatzeko eta bultzatzeko.

Gaizka Euba Barrika Barri eta Kirikiño egoitzetako gizarte erantzukizuneko arduradunak eta Guztion Artean Eginez Foroko kideak azaldu duenez, Gaude eta Fekoor saritu dituzte "erreferente direlako enpresen gizarte erantzukizunean, giza kolektibo zaurgarrien gaur egungo eta etorkizuneko beharrei aurre egin eta arlo horretan berritzeagatik, talde horiek duten autonomia eta ongizate pertsonala hazteko beharra asetzeko". Eubak gaineratu duenez, "egoitzetan badakigu oso garrantzitsua eta zaila dela gizarte-premia horiei erantzutea. Gaudek eta Fekoorrek, berbarako, gugaz kolaboratzen dute gizarteratzearen eta zahartze aktiboaren aldeko hainbat ekimenetan, gure oinarriak baitira".

Sariak Amaia Azaola Guztion Artean Eginez Foroko presidentearen eskutik jaso dituzte Gaudeko Regina Ageo eta Beatriz Parra Civis proiektuaren arduradunek eta Fekoorreko Amaia Olabarria eta Luis Melus Etxegokiren arduradunek.

Gaude

Gaude irabazi-asmorik gabeko erakundea da, Uribe Kostako pertsonak eta familiak, bazkideak, erabiltzaileak, langileak, boluntarioak eta elkarteko lagunak biltzen dituena. Bestelako adimen-gaitasuna duten eskualdeko pertsonei eta euren senideei laguntza ematen espezializatuta dago. Elkartea 1976an osatu zuten hainbat gurasok. Senitartekoen talde txiki hori familien elkarte gisa eratu zen 1981ean, bestelako adimen-gaitasuna duten pertsonen aldekoa, eta hori izan zen egungo elkartearen jatorria. Iazko urriaren 2an, agur esan zioten "Uribe Kosta Elkartea" izenari eta "Gaude" izena hartu zuten.

Aldaketa horregaz batera, etapa berri bat hasi zuten, "ilusio, erronka eta proiektu berriz betea. Baina, horrez gainera, berritu egin dugu aukerak eta laguntzak sortzeko konpromisoa, gure misioagaz bat etorriz, pertsona eta familia denok bizitza osoa izan dezagun". Gaur egun, lantegiak dituzte Leioan eta Urdulizen; egoitzak, berriz, Leioan, Gorlizen eta Barrikan badauzkate. Elkarteak hainbat etxebizitza ere kudeatzen ditu Itzubaltzetan, Negurin eta Leioan. Aisialdi-zerbitzu ere badute, Itzubaltzetan.

Guztion Artean Eginez Foroak gogorarazi duenez, Gaudek Laneko Trebakuntzarako Civis programa diseinatu du, bestelako adimen-gaitasuna duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea lortzeko. Ekimen horren helburua da sustatzea eta garatzea autonomiari eta enplegagarritasuna hobetzeari zuzenean lotutako eskumen gehiago. Horrek ahalbidetu ditzake eta lanpostu bat bilatzea eta mantentzea, bizitza osoa, independentea eta egokia bermatzen. Programan, langabezian dauden 21 eta 26 urte bitarteko ikasle bereziek parte hartzen dute.

Fekoor

Guztion Artean Eginez Foroak Etxegokiri eman dio saria, Fekoorrek kudeatzen duen Bilboko Txurdinaga auzoko apartamentu-sareari. Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzu horretan, bestelako gaitasun fisikoa duten erabiltzaileek hainbat laguntza dute. Baliabide hori 18 eta 64 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago, beti ere %33ko edo gehiagoko urritasun-maila badute eta mendetasun-egoera onartuta badute EAEko dependentzia-legeari jarraiki. Etxegoki berrikuntza sozialeko baliabidea da, ingurumena babesteko eta kontrolatzeko azken teknologia duena, autonomia pertsonala ahalik eta gehien sustatzeko eta pertsonen bizi-kalitatea, konforta eta segurtasuna hobetzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun