"Ahalegin berezia egin nahi izan dugu zenbaki hau Azoka bisitatu nahi dutenentzat tresna praktikoa izateko", adierazi du Monika Belastegi Ttap-eko zuzendariak. Zenbakiaren zati handiena Durangoko Azokaren mapa interaktibo bat da; gune bakoitzean sakatuz, beraren programazio osoa irakurri eta guneko arduradunaren azalpen labur bat ikus daitezke, bideoz.
Bestalde, azken asteotan aldizkarian agertutako hainbat kolaboratzaile eta elkarrizketaturen gomendioak ere eskaintzen ditu zenbaki bereziak, horiek ere bideoan jasotakoak.
Uztailetik dago martxan Ttap aldizkaria, Kataluniako Esguard astekariaren eta Tokikom, Anboto, Goiena eta Baleike-ren arteko elkarlanaren ondorioz. Astero argitaratzen da, dohainik, eta gailu mugikorretan ikus daiteke behin horretarako aplikazioa jaitsiz gero. Testua eta ikus-entzunezko edukiak uztartzen ditu, modu interaktiboan eskainita.