Egun berriak eta gaba onak

Oier Araolaza • Dantzaria 2018ko abe. 18a, 16:53

© TXINDURRI DANTZA TALDEA

Kontsumismoarekin enpatxatuta eta erlijioarekin gogaituta, Gabonetako espiritua Zabalgarbira bidaltzeko gogoz sumatzen ditut zenbait lagun azkenaldian. Errausketa ideia ona iruditzen zait, gure bizitzan izan eta ikusi nahi ez ditugunak, trabatik kendu, sutara bota eta bertan erretzea oso ondo ezkontzen baita Eguberrietako espirituarekin.

Garai batean su handiak egiten ziren baserrietako atarietan Gabon gauean ―San Joan bezperan egiten den bezala―, bertan erretzen ziren urte zaharrean utzi nahi izaten ziren oroitzapen txarrak, eta gau onaren ondoko egun berriak suak eta urak eskaintzen duten garbiketarekin abiatzeko aukera izaten zen.
 
Orain Olentzeroland frankiziaren erreinuko tronuan eserita ageri den ikazkin iruzurti horrek ahaztua badu ere, sutan du habia. Garai batean, gau on eta egun berrietarako enbor eder bat sartzen zen su baxuan, besteak beste sukila edo olentzero-mokor izenekin ezagutu izan dena. Sutan mugimendu edo soinu bereziren bat gertatzen bazen, “Erne! Hor dabil Olentzero!” botatzen zieten etxeko umeei eta Olentzero izena entzute hutsarekin izututa bidaltzen zituzten ohera: “Tximiniatik behera jaisten bada eta esna harrapatzen bazaituzte igitaiarekin zintzurra moztuko dizue!”.

Olentzero-enborraren muturrean begi, sudur eta ahoak marrazten zitzaizkion maiz, eta sukilak izaki beldurgarriaren espiritua gorpuztu eta sutatik bertatik erditzen ikusteko beldur izaten ziren ume eta helduak. Enborrari mutur batean aurpegia margotzea eta Olentzero izena jarrita “pertsonifikatzea” ez da soilik euskaldunoi bururatu zaigun xelebrekeria. Katalunian “Tió de Nadal” esaten zaio enbor horri, eta Gabon gauean umeek makilaz egurtzen dute gizakitutako enborrak kaka eginez opariak eman ditzan. Hortik datorkio “Cagatió” gaitzizena gure Olentzeroren ahaide kataluniarrari.

Kristauen narrazio fundazionalak, hots, Genesiak dio hauts ginela eta hauts izango garela, baina Olentzeron kasuan ―eta gizakion kasuan zer esanik ez heriotza errituetan senideak errausteko berreskuratu dugun afizioa ikusita―, uste dut zuzenago litzatekeela errauts ginela eta errauts izango garela esatea. Izan ere, Olentzero sutatik sortzen da, eta panpina baldar bihurtuta, etxez etxe, eta baserriz baserriko eske errondan, pipa, arrautza, kapoi eta ardo botila artean egindako parrandaren ondoren, trapu zaharrez egin eta sorbalda gainean erabili duten gazteek, panpina zantarrari su eman eta jaiotzen ikusi zuen suan bertan kiskali izan dute ikazkin izugarria.

Udatik ahitzen, txikitzen, uzkurtzen joaten den eguzkiak joera aldatzen du neguko solstizioan eta handitzen, indartzen, sendotzen hasten da hortik aurrera. Ulergarria da, beraz, Xabier Leteren “Izotz ondoko eguzki neguaren parre” hartan bezala, negu gorrian eguzkiaren birjaiotza ospatzea, egun berriak jaiotzen baitira Eguberrietan. Gehiegizko erosketa, opari, jaki eta edarien betekadek gogaituta bazaude, ez zaitez gehiago muturtu, askatu barruak, goraipatu benetako, egiazko eta betiko tradizio autentikoa: eman su Olentzerori, barreiatu, jaurti eta zabaldu haren errautsak, eta aldarrikatu sutsuki su eta garretan jaio eta hiltzen diren gaba on eta egun berriak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun