Urdulizko Burdin Hesia, agerian berriro

Iker Rincon Moreno 2018ko abe. 24a, 10:27

Urdulizko Santa Marina inguruetan dauden Burdin Hesiko elementuak berreskuratzen dabiltza egunotan. Iñaki Libano lan horien arduradunagaz egon gara bertan, behar horien nondik norakoak zuzenean ezagutzeko. Jakinarazi duenez, orain arte dokumentatu gabeko elementuak aurkitu dituzte.

Bilboko Burdin Hesiaren aztarnak berreskuratzeko eta haien balioa nabarmentzeko indusketa arkeologikoak hasi dituzte Barrikan eta Urdulizen, Kurtziamendi eta Santa Marina inguruetan, hurrenez hurren. Urdulizen kasuan, Udalak hainbat langabe kontratatu ditu defentsa-lerroaren aztarnak garbitzeko; Barrikan, aldiz, lorezaintza-enpresa bateko langileak kontratatu dituzte eta Kurtziamendin dauden elementu biak garbitzeko.

Gogora Institutua da Eusko Jaurlaritzak 2017an martxan ipinitako Memoria Ibilbideen proiektu horiek bultzatzeko eta koordinatzeko arduraduna. Azaldu dutenez, Burdin Hesia 80 kilometroko defentsa-lerroa zen, 1936 eta 1937 urteen artean 14.000 pertsonak eraiki zuten eta 33 euskal udalerri zeharkatzen zituen, Zierbenatik hasita, Barrika eta Sopelara artekoa. Gaur egun, 25 herritan dago horren aztarnaren bat, eta horiek denak babestu eta balioetsi gura dituzte, euskal kulturaren, ondarearen eta gure memoria demokratikoaren parte garrantzitsua delako. Horretarako, erakunde bakoitzak ardura eta zeregin jakin bat izango du.

Matxinatutako tropek aurrera egin ahala, Eusko Jaurlaritzak defentsa-lerro hori eraikitzea erabaki zuen 1936an, Bilbo eta bere ingurua babestu guran. 1937ko udaberrian amaitutzat eman zituzten eraikitze-lanak, baina defentsarako ahalegina ez zen nahikoa izan, eta defentsak apurtu ziren 1937ko ekainaren 12an, Gamiz-Fika eta Larrabetzu artean.

Ordutik, 80 urte baino gehiago igaro dira eta ondare-baliabide garrantzitsu hori babestea eta herri honen memoria berreskuratzea ezinbestekoa dela uste dute erakunde publikoek. Horretarako, Gogora Institutuak, Arabako eta Bizkaiko foru aldundiakaz batera, defentsa-lerro horrek zeharkatzen dituen udalerriakaz protokolo bat sinatu zuen 2017an, azpiegitura hori babestu, sendotu, mantendu eta ezagutzera emateko asmoz.

Gogorak hartu du espazio horren memoria demokratikoaren berreskuratzearen iniziatiba, memoria ibilbideen sorrera bultzatuz. Horien artean badira Uribe Kostan sortutako batzuk: Barrikan, Berangon eta Urdulizen, besteak beste.

Indusketa lanak hasi dituzte

Iñaki Libanok jakinarazi duenez, Uribe Kostako gune berri bi horiek "potentzial handia" dute. Lubakiak, metrailadore-kokaguneak, gotorlekuak eta babeslekuak izateaz gainera, irudiak eta grabatuak ere aurkitu dituzte inguruotan. Berbarako, Barrikan egindako lehenengo indusketei esker irudi geometriko berezi batzuk aurkitu dituzte, ustez metrailadoreak instalatzeko erabiltzen zituztenak. Historialariak azaldu duenaren arabera, "orain arte Burdin Hesi osoan sekula ikusi ez diren irudiak dira horiek". Bestalde, Santa Marinan CNTri gorazarre egiten dieten horma-irudiak ere aurkitu dituzte, baita UHP batailoiaren berri ematen dituztenak ere. "Irudi horiek denak dokumentatu behar ditugu, mota horretako grabatu eta elementu oso gutxi daudelako", azaldu du Libanok.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun