Ugandar umeei hezkuntza ziurtatzeko haziak ereiten

Iker Rincon Moreno 2019ko urt. 10a, 14:27

Ugandako hegoaldera abiatuko dira urtarrilaren 14an Unai Gomez eta Eleder Gonzalez, EuskoTreneko langile uribekostarrak, lankidetza-proiektu batean parte hartzeko. Aste bi eta erdiz, etxe bat egiten lagunduko dute hango herrixka batean, etorkizunean eskola bat eraikitzeko egitasmo zabal baten lehen pauso modura.

Euskal Trenbideetako Langileak Mugarik Gabe elkarteak hiru urte daroatza hezkuntzagaz lotutako nazioarteko lankidetza-proiektuak sortzen. Hiru enpresetako beharginek parte hartzen dute: Bilboko Metroa, Euskal Trenbide Sarea eta Eusko Trenbideak. Elkarteko koordinatzaile Txus Martinek azaldu digunez, "loteria eta egutegiak salduz" lortzen dute langileak (euren opor-sasoian) proiektu horiek gauzatzera joan ahal izateko finantzazioa.

Ugandako Jinja eskualdean gauzatzekoa dute hurrengo proiektua. Bertako komunitate batean eskolatxoa eraikitzea da helburua, eta horixe egitea izan zen lehenengo asmoa, baina gero pentsatu egin zuten hobe izango zela jendea bizitzeko etxe egokiak eraikitzen hastea, ondoren eskola egiteko. "Zertarako egingo genuen eskola, jendea ez bada 'ondo' bizi?", dio Martinek; "etxoletan bizi dira, itoginengatik, hezetasunagatik... kezkatuta, eta hori konpondu gura izan dugu lehenik".

Eleder Gonzalez berangoztarra eta Unai Gomez urduliztarra.

Hala, proiektu-pilotua ipini dute martxan: familia batentzako adreiluzko etxe bat eraikitzen laguntzera jango dira elkarteko bost kide, horietako bi uribekostarrak: Eleder Gonzalez berangoztarra eta Unai Gomez urduliztarra, biak ere autobus-gidariak. Bertako igeltsero baten agindupean peoi modura behar egiteaz gain, ahalik eta datu eta dokumentazio gehien batuko dute, ondoren Euskal Herriko udaletxe eta enpresa pribatuei finantzazioa eskatzeko. Lortutako diruagaz gainerako etxeak ("urbanizazio" moduko bat) egingo lituzkete, eta eskolatxoa.

200 kilo arropa baino gehiago

Urtarrilaren 31ra arte egongo dira Jinjan, eta denbora horretan etxe osoa (solairu bakarrekoa) eta eguzki-panel bidezko energi instalazioa prest uzteko asmoa daukate. Eleder Gonzalezek gaineratu duenez, egingo duten lanaz gain bakoitzak 46 kilo arropa eroango du, hangoei emateko: "Elkarteak ordainsari gehigarri bat ipini du ekipaje bikoitza eroan ahal izateko; guk, berriz, motxila txiki batean eroango dugu han erabiliko dugun arropa guztia".

Izan ere, bertakoek ez dute goserik pasatzen, baina ia ondasunik ez daukate, Txus Martinen berbetan. Adibide modura, obra zuzenduko igeltseroaren soldata hilean 30 eurokoa dela aipatu digute. Hori bai, ingurua baketsua da, gatazkarik gabekoa. "Hori ezinbesteko baldintza da guk boluntarioak bidaltzeko", argitu du Martinek.

Esan dugunez, hiru urte dira Euskal Trenbideetako Langileak Mugarik Gabe elkartea horrelako egitasmoetan murgilduta dabilela, baina euren historia askoz lehenago hasi zen, 2006an. Orduan hasi ziren Saharako errefuxiatuei laguntzeko ekintzak antolatzen, eta hain zuzen orain dela hiru urte arte egon dira hango umeak udan ekartzen. Ordutik, hezkuntza-proiektuak garatzeari ekin diote, Ugandan ez  ezik, Mozambiken eta Nepalen ere bai. Bidean, elkartea formalki eratzea erabaki zuten, 2011n hain zuzen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun