Aitzitik, poztasun-zantzurik ez genuen sumatu Gara-ren arduradunek egunkariaren urteurrenean egindako agerraldian: erredakzioa hutsik eta erdi ilunpean zegoela, datozen urteotan hiru milioi eurotik gora ordaintzera derrigortuta daudela azaldu zuten, zer eta Espainiako justiziak berak legez kanpokotzat jotako EGIN egunkariaren itxieraren ondorioak ordaintzeko.
Lerro xume hauen bidez, HIRUKAk eta Euskal Herri osoko 66 toki-komunikabide batzen dituen TOKIKOMek Gara-ri ezarritako zor horren bidegabekeria publikoki salatu gura dugu, komunikazio-proiektuaren bideragarritasuna kolokan ipiniz prentsa-askatasuna eta aniztasuna ere kaltetzen dituelako, eta elkartasuna adierazi gura diogu Gara-ren lantalde osoari. Toki-komunikabideetan oso jabe gara prentsa-aniztasunak duen garrantziaz, eta haren alde diharduenak ondoan izango gaitu.