Joan den urtarrilaren 26an, Bilbotik Itsasora Bizi Martxaren hamazortzigarren edizioan parte hartu zuten dozenaka lagunek, Bilboko Foru Aldundiaren paretik abiatu eta Areetako Geltokiko Plazara arte. 2016ko apirilean egin zuten lehenengo aldiz ibilbide hori, eta 2017ko irailetik hilabetero errepikatu dute, Biziz Bizi taldeak deituta, eskari argi bategaz: Bilbo eta Getxo lotuko dituen bidegorri bat egin dadila itsasadarraren ertzean, BI-711 errepidean. Zehazki, Bilboko San Inazio auzoan eta Areetan daborduko dauden bizikletetarako bideak lotzea da aldarrikapena. Horretarako beharko litzatekeen bidegorri-zatiak 5.300 metro lituzke, horietatik 3.500 inguru Erandion, 1.700 baino gehitxoago Leioan eta 46 besterik ez Getxon.
Gaur egun, hiru udaletako lehenengoan dago oztoporik handiena proiektua (daborduko existitzen dena) aurrera ateratzeko. Ahots kritiko batzuek Diputazioaren jarrera ere kritikatzen dute, gaiarekiko pasiboki jokatzea aurpegiratuz. Argitu beharra dago, hala ere, gaur-gaurkoz Bilboko Portu Agintaritza dela balizko bidegorriaren ibilbideari dagozkion Erandioko zein Leioako eremuen ugazaba. Eta Agintaritzak argi utzi du araudiak eragotzi egiten diola mota horretako obra bat egitea. Irtenbideetako bat, honenbestez, lur-eremu horiek udalen esku uztea izango litzateke, daborduko Bilbori eta Getxori utzi dizkion legez.
Leioa, portuaren zain
Leioako Udala prest dago dagokion bidegorriaren partea egiteko, Iban Rodriguez bertako alkateorde eta Hirigintza zinegotziak adierazi digunez: "Eremu hori ez da gurea gaur egun, baina eskatu egin dugu; Portuak noiz emango digun zain gaude, momentuz ez dago inongo eperik aurreikusita". Hori bai, ikusteko dago akabuan zelan gauzatuko den proiektua.
2017ko maiatzean, Portu Agintaritzak bidegorria egiteko lau aukera aurkeztu zituen Bizkaiko Batzar Nagusietan. Merkeenak 173.000 euroko kostua zuen, garestienak hamasei milioitik gorakoa. "Oso aukera ezberdinak ziren, eta ikusi beharko dugu zeinen alde egiten den azkenik", dio Iban Rodriguezek, "eta hori zelan uztartu guk dauzkagun asmoakaz". Leioako Udalak itsasadarraren inguru osoa eraldatzeko proiektua dauka, eta besteak beste, mahai gainean du ekologisten proposamen bat, Lamiakoko ibarrean errepidea eraitsi eta mareak bertaraino sartzen uzteko. Hori onartuko balitz, bidegorria ez litzateke joango gaur egun BI-711 den horretatik, Lamiako barrutik baizik. Oraingoz ez dago ezer segurtasun osoz esaterik, baina Leioak argi dauka bere proiektua ez dela izango Portu Agintaritzak aurkeztutakoaren berdina.
Erandio momentuz ez dago prest
Bidegorriaren ibilbidearen erdia baino gehiago Erandiori dagokio. Joseba Goikouria alkateak, 2017an Deia egunkariari emandako elkarrizketa batean, adierazi zuen berari ere gustatuko litzaiokeela Bilbo eta Getxo arteko bidegorri bat egotea, baina Erandiori tokatzen zaiola "parterik txarrena". Hasteko, lanen kostuak udalarentzat "onartezinak" direla dio Goikouriak. Horrez gainera, bidegorriak lekua kendu luke autoak aparkatzeko, eta ikusi beharko litzateke ere zelan eragingo liokeen bertan dagoen industriari. Gauzak horrela, momentuz Erandiok ez dio lurren erabilera eskatu Portuari. HIRUKAk egindako deiari ere ez dio erantzun udalak.
2017ko urrian, Bizkaiko Batzar Nagusiek EH Bilduk aurkeztutako legez besteko proposamen bat onartu zuten, Espainiako Sustapen Ministerioari eskatzeko bere gain har dezala bidegorria egitea, baina ministerioak argi utzi du ez daukala halakorik egiteko asmorik. Bere proposamenaren bigarren puntuan, EH Bilduk eskatu zuen lanik ez egitekotan, Sustapenak behintzat lur-eremuak Bizkaiko Foru Aldundiaren esku utz zitzala, hark ekiteko proiektuari. Azkenik, horren ordez EAJ eta PSEren zuzenketa bat izan zen onartutakoa, Aldundiari ez baizik eta udalei uzteko lur horiek, aldi berean bidegorria egin ahal izateko diru-laguntza emango zaiela ziurtatuz. Eskari horrek ere ez du fruiturik izan, oraindino behintzat. Aldundiak, bere aldetik, gaur-gaurkoz gai honetan inongo eskumenik ez daukala adierazi digu.
Biziz Bizi, irtenbide eske
"Eskatzen dugun neurriko bidegorri bat egitea huskeria litzateke Bilbo Handiaren tamainako beste edozein hiritan", dio César Montalbánek, Biziz Biziko bozeroaleak, joan den udagoienean Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiari zuzendutako gutun ireki batean, "baina hemen gaindiezinezko oztopoa bailitzan aurkezten digute". Montalbánen ustez, ulergaitza da proiektua geldi egotea, kontuan izanda 2000. urtetik hura aztertzen eta planifikatzen ibili diren erakunde denak (Aldundia, inplikatutako lau udalak, Bilbao Ría 2000, Portu Agintaritza, Garraio Partzuergoa) "alderdi beraren esku" daudela.
Aipatutako eskutitzean, Montalbán kexu da Erandio "bakarrik" geratu izanaz. "Logikoa da Erandioko Udalak esatea eurek ezin diotela ekin dagokien proiektu-zatiari; zein momentutan utzi dute ardura haren esku 2000 eta 2001ean bidegorria egiteko prest agertzen ziren erakunde horiek denek? Argitu egin beharko digute". Bien bitartean, erakundeen konpromisoa lortu arte hilero-hilero bizikleta-martxak antolatzen segituko duela iragarri du Biziz Bizik. Hurrengo biak otsailaren 23rako eta martxoaren 30rako deitu dituzte. Goizeko 11:00etan da hitzordua, Bizkaiko Aldundiaren aurrean.