Jakin badakigu zer nolako buruhausteak ekarri ohi dizkigun gure hizkuntzak, izan euskaldun berri zein euskaldun zahar. Denok egin dugu duda inoiz euskaraz idazten edo hitz egiten aritu garenean, eta ziur eztabaida bat baino gehiago piztu dela horren eraginez: "Aizu, nola esango zenuke euskaraz...?".
Euskaldunok elebidunak (edo eleaniztunak) gara, eta beste hizkuntzen eragina dugu nahitaez. Euskararen eta gaztelaniaren arteko elebitasuna modu desorekatuan dago, baina aipatzekoak dira orekatze-bidean emandako aurrerapausoak (sintaxian, lexikoan...).
Bada, atal honetan oinarrizko euskaran egon daitezkeen zalantzak argitzeko bidea eskaini gura dizugu; eta, era berean, gonbidatu erabili ohi ditugun arauez (linguistiko, akademiko edo estilistikoez) gogoeta egitera.
Morfologia eta sintaxi-arazoak, ortografia, hiztegia, erdarakadak, kalko okerrak, esamoldeak, gomendio eta arauak... Horiek guztiak izango ditugu bidaide, eta sortzen dizkiguten zalantzak argitzen ahaleginduko gara.
Ez pentsa, baina, horretara soilik mugatuko dugunik txoko hau, gure elea hori baino askoz gehiago da eta. Eskualdeko hizkeraren berezitasunak, bitxikeriak... Horiek gabe ez ginateke gu izango, eta zenbaitetan eurei jarriko diegu arreta. Ez gaurkoan, ordea.
Oraingoan, eta atalari hasiera emateko, bat/batzuk hitzek azken urteotan hartu duten erabilera okerraren inguruan arituko gara. Badirudi gaur egungo euskara mintzatuan eta idatzian bat/batzuk erabiltzeko joera dagoela, lehen hain ugari agertzen ez zena.
Hori, hein handi batean, gaztelaniaren eraginez gertatzen zaigu euskaldunoi, zehazki determinanteen erabileraren eraginez. Hizkuntza batetik bestera oso desberdina da, eta ezingo dira automatiko kalkatu batetik bestera, nahiz eta joera hori nabarmena izan gaur egun. Hala ere, ez gara zorrotzegiak izan behar horregaz, izan ere, gaztelaniaren antza duen oro ez baita erdarakada. Baina gatozen harira. Badu euskarak, gazteleraren aldean, -a(k) mugatzailea edo artikulua erabiltzeko joera erabatekoa, gaztelaniak artikulu indeterminatua erabiltzen duen tokian:
• Soy UN ser humano.→Ni gizakiA naiz. (Ni gizaki BAT naiz.)
• Eres UN tonto.→Zu tontoA zara. (Zu tonto BAT zara.)
Batzuetan, ordea, zer esan gura den da kontua, eta bi formak dira zilegi. Izan ere, nola behar du: "Aulki txiki BAT (erosi dute)" ala "aulki txikiA (erosi dute)"?
Biak dira egokiak, zer adierazi gura den, hau da, zer nagusitzen den:
• Zer?: Aulki txiki BAT
• Nolakoa?: Aulki txikiA.