Bizitzaren suspertzea dator eguna luzatzeaz batera

Xabier Buenetxea 2019ko ots. 7a, 10:39
Ubarroi mottodun bat ur-ertzean, elikagai bila. XABIER BUENETXEA

Sail berri bati hasiera emango diogu artikulu honen bitartez. Ingurumena behatuta sortutako ospakizunak, Ama Lurraren etapak eta horien ezaugarriak dira, besteak beste, gaurtik aurrera hemen aurkituko dituzunak.


Heldu da azkenean Lurraren esnatzea. Hilabete luzez atseden hartu ostean, introspekziotik esnatu eta ziklo naturalari emango dio jarraipena Lurrak otsaileko lehenengo egunetan, antzinako kulturetan pentsatzen zutenaren arabera. Hala ere, Lurraren esnatzea ospatu eta argiari ongi etorria ematen zaion bitartean, negu gorrian jarraitzen dugula gogoraraziko digu Uribe Kostako inguruetatik egiten dugun edozein ibilaldik.

Gure basoak biluzik daude oraindino, eta sabaietan arbaztak baino ez dira gertatzen, udaberrian hosto berdeen forma duten teilaz estaliko direnak. Eguzki-izpi ahulak hasi dira daborduko hostoetan pilatzen den hezetasuna berotzen. Eta horri esker esnatuko dira orbel tartean lurperatuta egondako ornogabeak. Halako prozesu ziklikoak biziko dituzte narrastiek, sugeek eta muskerrek. Baita zenbait anfibiok ere, nahiz eta batzuk ugalketa-denboraldian dauden daborduko, arrabioak eta baso-igelak, esaterako.

Ugaztun txiki batzuek, basakuak kasu, lo jarraitzen duten bitartean, tamaina handiagoko beste hainbatek araldiari emango diote hasiera. Hala, otsaileko gau izoztuetan emeen atzetik ibiliko dira azeri gorri arrak. Kirrinka egiten duen marru zorrotz eta altua entzun ahal izango dugu orduan, babestuen daudenak ere izoztuko ditu zarata horrek. Horiez gain, beste hainbat ugaztun ere ekingo diote araldiari garai hauetan, katajineta adibidez.

Ingurumena argiaren etorreraren berri ematen digun arren, neguko espezie askok nahiago izaten dute apur bat gehiago itxaroten iparraldera joan aurretik. Txori txikien talde ugarik jarraituko dute gure zelai eta basoetan, hazi eta ornogabeakaz elikatzen, txirtak, txontak, tarinak eta pepetxinak kasu. Europa eta Afrikako hegoaldera igarotzen diren hegaztiak, berriz,  hasiko dira beren ugalketa guneetara heltzen, bidean geldituz, noizean behin, atseden hartu eta indarrak batzeko. Ustekabean harrapatuko gaitu garai polit honetan zerutik datorren zaratotsak, kurlu eta antzara taldeek V forma osatzen dutenean egiten dutena, alegia, hodeiak gurutzatzen dituzten bitartean.   

Gure kostaldea ere berpiztu egingo da hegazti horiek eta negua gugaz igaro dutenak elkartzen direnean. Zenbat gozatu dezakegun ehunka espezietako kalatxoriak batzen direnean, edota txurlinak, bernagorriak, kurlitak, bestelako zangaluzeak, aliotak edota itsas-pottorrak ikusten. Denborale eta tulubio egunak aprobetxatu, horiek izaten baitira onenak mota horietako hegaztiak ikusteko.

Horrez gain, negukoak ez bezala, itsaslabarretako espezie batzuk ere ugalketari emango diote hasiera garai honetan, adibidez, belatz handia eta ubarroi motoduna.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun