Getxoko gotorlekuetan barrena

Jon Ormaza 2019ko ots. 8a, 13:54

Uribe Kostako historiari buruz arituko naiz atal honetan. Modu labur eta xumean gure eskualdean hainbat garaitan gertatutakoak azaleratzen saiatuko naiz, irakurlearen gusturako, espero.

Atalari hasiera emateko, Erdi Arora egingo dugu salto oraingoan. Zehazki, Getxoren jatorriei buruz arituko naiz lehenengo honetan. Gaur egun ez dago batere argi, baina badirudi XII. menderako bazegoela giza populazio bat Andra Mariko jatorrizko elizaren inguruan (Basurto, 1989).


Getxo beraren existentziari buruzko lehenengo dokumentuak 1390 eta 1476 urtekoak dira, Guadalajarako gorteetan Bizkaiko jauntxoen alegatuetan, eta Lope Gartzia Salazarren Bienandanzas e Fortunas delakoan, hurrenez hurren (Beascoechea, 1992). Geroxeago, 1515ean egindako zenbaketa batean 22 foguera (etxebizitzetako suei esaten zitzaien) besterik agertzen ez diren arren, 1635erako 87ra heldu ziren, eta 139ra 1746. urtean.


Beascoechearen ustez, 1.000 lagun inguruk osatzen zuten urte hartan Getxoko biztanleria. XVI. eta XVII. mendeetan eraiki eta gotortu zituzten Galeako eta Begoñako gotorlekuak, lehenengo atal honetan azalduko dizuedan bezala.


Defentsa-sistema indartzen

Galeakoa garai bateko defentsa-sisteman kokatutako lau gotorlekuetako bat da. Badirudi egungo itxura fisikoa 1740ko hamarkadan hartu zuela. Aurretik, kostaldeko irtenguneetan kokatutako parapetoak eta bateria gutxi batzuk besterik ez zeuden inguruan. 1624ko martxoaren 10ean egindako Bizkaiko Batzar Nagusian horiek berrindartzeko erabakia hartu zuten, Abrako gainontzeko gotorlekuakaz batera modernizatzeko.


Hala ere, ezer gutxi egin zuten azkenean (Zabala, 1990). Badirudi 1740an, Espainia eta Ingalaterraren arteko guda hasteagaz batera, eman zutela Galean fundamenduzko gotorleku bat eraikitzeko agindua, Bizkaiko Diputazioaren eskutik. Horren diseinua Jaime Sycre ingeniariari eskatu zioten, eta urte bi beranduago hasi zituzten lanak (Zabala, 1990), nahiz eta bertan kokatutako kanoiak erregeak berak eman zituen: 18ko hamasei pieza, La Cavadako fabrikatik ekarriak. Gerra amaitu ostean, erdizka utzi zuten, gotorlekua izateko beharra desagertu zelako. Ordutik, garaiko beharren arabera konpontzen joan dira noizbehinka, 1755ean, 1765ean eta 1775ean, esaterako (Beascoechea, 1992).


XIX. mendea aurrera joan ahala, gotorlekua zaharkitzen joan zen, momentu jakin batzuetan garrantzia izan bazuen  ere (Bigarren Karlistadetan bi bandoek okupatu zuten eraikina, lehenik gobernu zaleek eta karlistek ostean).


Gaur egun dirauen erdiguneko dorre zilindrikoa 1791n eraiki zuten Kontsulatuaren aginduz, itsas-argi funtzioak betetzeko. Hala ere, ez zuen luze iraun. XX. mendeko 70eko hamarkadan, turismorako berreskuratzeko ahalegina egin zuten, taberna-jatetxe bat ipiniz bertan (Zabala, 1990), baina horrek ere ez zuen arrakasta handirik izan, eta ordutik hutsik eta deslai dago (dorreak zaharberritze mugatua izan zuen 2013an).


Begoñako gotorlekua

Aipatutako defentsa-sistemaren barruan, noski, Begoñako gotorlekua ere bazegoen, eremu estrategikoa baitzen Abrako itsasaldea defendatzeko. Kokalekua paregabea da, itsasadarra eta itsasoa bistan dituena. Horrenbestez, lurmutur horretatik portu garrantzitsuak defendatzea izan zen, hasiera-hasieratik, gotorleku haren eginkizun nagusia.


Hala, 1673an Bizkaiko Diputazioak agindutako ikuskatze batean, Begoñako gotorlekua antzeman daiteke kanoien zenbaketan. Hurrengo zenbait datatan zuzenean aipatzen da hango armamentuaren egoera, 1681 eta 1684 kasu. Mende berriagaz batera, 1741 eta 1759 urteen tartean, gotorlekua berriztu, indartu eta hornitu zuten (Zabala, 1989). XVII. mende amaiera eta XIX. mende hasiera bitartean, berriztapen-prozesuak egin zizkioten.


Orain dela 131 urte eraitsia. Militarki Gerra karlistetan erabili zuten azkenengo aldiz, baina 1874rako zerbitzutik kanpo geratu zen Begoñako gotorlekua. 1888. urtean eraitsi egin zuten, eta ordutik desagertuta dago. Gaur egun, bertan martxan dagoen proiektuan hainbat indusketa-fase egin direla badakit. Gotorlekuaren arrastoak aurkitu eta jendarteari zabal diezaioten irrikan nago, baina hori beste batean izan beharko da!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun