Abian da Blogetan! lehiaketaren hirugarren edizioa

Erredakzioa 2019ko ots. 13a, 11:45

Euskarazko blogen lehiaketaren hirugarren edizioa blogari bila dabil. Otsailaren 24an izango da lehiaketan parte hartzeko azken eguna, eta irabazleen izenak apirilaren 4an emango dituzte aditzera Bilbon, Euskararen Etxean, egingo duten ekitaldian.

Euskarazko blogen lehiaketaren hirugarren edizioa blogari bila dabil. Otsailaren 24an izango da lehiaketan parte hartzeko azken eguna, eta irabazleen izenak apirilaren 4an emango dituzte aditzera Bilbon, Euskararen Etxean, egingo duten ekitaldian.

Azkue Fundazioak Argia-ren laguntzagaz antolatzen duen egitasmoa da Blogetan! Blog izarren bila. Helburua euskarazko blogak eta euskal blogarien jarduna sustatzea eta saritzea da, baita blogak ezagutzera emanez euskararen sustapenean eragitea ere.

Parte hartzeko aukera zabala

Lehiaketa honetan norbere blogak aurkezteaz gainera, hirugarren batzuen blogak proposa daitezke. Horretarako inprimakia Blogetan! atarian dago. 

Lau kategoriatan banatuko dituzte blogak, hainbat arlo kontuan hartuta: 

  • Kultura: zinema, literatura, artea, moda, diseinua, sukaldaritza, enologia, musika…
  • Gizartea eta Politika: kazetaritza, historia, ekonomia, hezkuntza, zuzenbidea, humanitateak…
  • Aisialdia: zaletasunak, kirola, bidaiak...
  • Zientzia eta Teknologia: natura, osasuna, arkitektura, informatika…

Hiru fase izango ditu lehiaketak:

  • Parte-hartzea, urtarrilaren 28tik otsailaren 24a bitartean.
  • Bozketa –publikoak eta epaimahaiak–, otsailaren 25etik martxoaren 24ra.
    • Kategoria bakoitzeko hiru blog aukeratuko dituzte eta horiek izango dira hamabi finalistak. 
    • Publikoaren botoek balioko dute erdia eta epaimahaikoen botoek beste erdia. Eta bien artean aukeratuko dituzte kategoria bakoitzeko hiru blog finalistak.
  • Irabazleen aukeraketa epaimahaiak, martxoaren 26tik apirilaren 2ra bitartean.

Epaimahaian honako adituak izango dira: Azkue Fundazioko kideak; Zuzeu orainkari digitaleko Urko Uranga; Pikara Magazine aldizkariaren sortzaile eta ohiko blogari den June Fernandez; Joxe Rojas, Internet ekintzaile euskalduna eta Teknopataren txokoa blogaren sortzaile eta egilea; eta Argia-ko kideak.

Sari-banaketa apirilaren 4an

Sari banaketa ekitaldia apirilaren 4an izango da Bilbon, Euskararen Etxean. Kategoria bakoitzeko irabazlearen berri emango dute orduan, jardunaldi formatuko sari-banaketa ekitaldia batean.

Kategoria bakoitzeko irabazleek honako sariak jasoko dituzte: Bernat Vidal artistak Azkue Fundazioarentzat diseinatutako garaikurra eta Fnac-en gastatzeko 200 euro. Hirugarren saria, berriz, berezia izango da eta Argia-k emango du; Euskal blogari berriak jasoko du, hain zuzen ere. Argia-gaz kolaboratzeko aukera emango diote eta urtebeteko harpidetza.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun