Baina badago otsailean hasten den ekitaldi magiko bat, Sei Nazioen Torneoa. Bost asteburu baino ez dirau, eta Ingalaterra, Gales, Irlanda, Eskozia, Frantzia eta Italiako selekzioek hartzen dute parte. Elkarren aurka jokatzen dituzten partiduak irlandar taberna guztietan daude ikusgai.
Orduan azaltzen da errugbiaren aurpegi soziala: tabernak zalez betetzen dira. Jokalari ohiak, haien lagunak, beste kiroletako zaleak… Nork bere talde gustukoena du, eta armairuko azken tiraderan bilatuko du elastikoa tabernara eramateko.
Tabernako topaketez aparte, koadrila-bidaiak ikusten dira. Aurten Edinburgora, datorrenean Parisera, bizitzan behin Londresera... Ostiralean joan, larunbatean estadioan hango zaleekin gozatu eta igandean ajearekin etxera bueltatu.
Martxoan, torneoa amaituta, errugbia berriz ere kirol ezkutua izango da, eta tabernetatik desagertuko da. Zorionez, urtebete baino ez da geratzen hurrengo Sei Nazioen Torneorako.