Alarde parekidearen bihotzetik

Jokin de Pedro 2019ko mar. 4a, 08:45

Plentziako irakurzaleen txokoak eskaintzen duen giro lasai etxekoian, luze mintzatu zen, mintzatu ginen Arantxa Urretabizkaiarekin, urtarrilaren 30ean egin zigun bisitan. Plentzia Telebistarako elkarrizketatxo bateko galderei erantzun ostean, mikrofonoak gorde eta lasaiago eta askeago itzuri ziren hitzak eta iritziak eguneko liburuaren inguruan: Bidean ikasia.

Idazlearen hurbiltasuna, xalotasuna eta oreka eskertu beharrean gaude, bereziki gaiak daukan pisu emozionala kontuan hartzen badugu.

Liburuaren gaia (Hondarribiko Jaizkibel konpainiaren historia) eta nolabaiteko autobiografikotasuna aintzat harturik, jakin-minik ez zen falta izan. Urretabizkaiak urteetan barnean zeraman bizipen gogor multzo bat kanporatu beharretik jaio omen zen liburua; izan ere, Jaizkibel konpainia mistoaren sorreran hasiera-hasieratik baitago buru-belarri inplikaturik.

Irakurleon lehenengo itaunak liburuaren generoaren ildotik etorri ziren: askok eleberriaren eta kronikaren arteko zerbait antzeman uste genuen, eta egilea ere neurri batean bat etorri zen sailkatzearekin. Hautu horretaz zera azaldu zigun: kronika hutsa idatziz gero, ezin hitza eman pertsonei euren barruko sentimenduak adierazteko; hori fikzioak egin dezake; hortaz, datu historiko zehatzak emateaz gainera, batzuek eta besteek zer sentitu, zer sufritu edota zer gorrotatu duten adierazten da liburuan. Bidean ikasia-ri 2017ko Euskadi Literatur Saria ondo merezia eman zitzaionean, saiakera-arloan saritu izana denok (idazlea barne) harritzen gaituen zertzelada da, zinez.

Hurrengo hitzordua

Anjel Lertxundiren Zu eleberria da Plentziako irakurzaleen taldeak irakurriko duen eta hizpide izango duen hurrengo liburua. 2015ean argitaraturik, sentimendu intimoak, goibelak eta goxoak, ilunak eta esperantzagarriak tartekatzen eta gainjartzen dira eleberri autobiografiko honetan, non Lertxundik, ez mozorrorik ez estalkirik, bere andrearen («Zu» horren atzean dagoen minbizi-gaixoa) eritasunak sorturiko sufrimendu lazgarria ardazten duen.

Ez da, noski, kontakizun digerierraza, ezta irribarrerako abagunerik ematen duena ere; badu, hala ere, bizitzarako irakaspenik, eritasunari nola aurre egin bai «Zu»-k eta bai senarrak erakusten duten heldutasun eta duintasun harrigarrian, non zenbaitetan bizitza eta heriotza izate bakarraren osagarri modura ageri diren, gizakiaren aurkia eta ifrentzua besterik ez. Kontaera zatika doa, oroitzapen samurrak eta ezusteko gordinak tarteka agertuz. Kontalariak ere anitz dira, gehienbat lehen eta hirugarren pertsona erabiliz, baina batzuetan senarrak edota andreak («Zu»-k) beste batzuekin dituzten elkarrizketa biziak ere txertatzen dira, eta horrela gai eta gertaera nagusiekiko ikuspuntu desberdinak eskaintzen zaizkie irakurleei.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun