“Karbono-aztarna murrizteko, paisaia mantentzeko eta ekonomia bertokiratzeko asmoz gure aletxoa jartzen dugu; auzolana elikatuz, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko distantzia laburtuz eta alde bientzat prezio zuzenak adostuz”, diote Errigorako kideek. Gainera, aurtengo edizioan “zubi berriak eraiki” dituztela diote, nekazari eta langileen artean.
Ekimena antolatzen duten bosgarren urtea da, eta urte hauetan 240.000 litro olio eta 700.000 kontserba-ontzi baino gehiago banatu dituzte. Aurten, oraindik erabakitzeke dauden 70 bat herritan egingo dute kanpaina. “Elikadura-sistemaren gaineko erabakiak gure esku egon daitezen pauso txikiak ematen ditugu, borondatezko lanean oinarritutako sarean ehuntzen”, adierazi dute.
Aurtengo kanpainak berritasun bi izango ditu. Arroza eskainiko dute lehenengoz eta kamisetak ere egin dituzte. Askotariko elikagaiak eskaintzen dituzte; zainzuri ekologikoak, tomate frijitua, barazki-menestra eta pikillo-piperrak, besteak beste. Karta guztia eta kanpainaren inguruko xehetasunak hemen.
HIRUKAk ere bat egin du ekimenagaz eta honenbestez, otzara-mota bi ditugu zozkatzeko, konbentzionala eta ekologikoa. Parte hartzeko martxoaren 17a (domeka) baino lehen bidali izen-deiturak hiruka@hiruka.eus helbidera (zein otzara-mota gura duzun adieraziz), edo laukitxoa bete hemen.