EAEko erakundeek eta euskarazko hedabideek diru-laguntza marko berria aurkeztu dute Donostian

Erredakzioa 2019ko mar. 4a, 16:39

Argazkia: HEKIMEN

EAEko erakunde publikoek eta herri-ekimeneko euskarazko hedabideen ordezkariek agerraldia egin dute Donostian, elkarlanean burututako urte biko gogoeta-prozesu baten ostean denen artean adostutako diru-laguntza marko berriaren aurkezpen publikoa egiteko.

Aurkezpenean, Eusko Jaurlaritza eta Araba, Bizkaia zein Gipuzkoako Foru Aldundietako ordezkariak egon dira, alde batetik, eta TOKIKOM zein Hekimenenak bestetik. Denek ere oso balorazio positiboa egin dute diru-laguntza eredu berriaren inguruan, eta puntu honetara ailegatzeko egindako lana etorkizunera begirako harreman jarraiturako abiapuntu egokitzat jo dute.

Euskarazko hedabideentzako marko berriak berrikuntza nabarmenak ditu, denak ere hausnarketa luze baten ondorioz adostutakoak, besteak beste:

  • Diru-laguntzetarako irizpide bateratuak izango dira EAEko lau erakundeen artean, eta guztien artean esparru honetara bideratuko den diru poltsa 10,5 milioi eurokoa izango da, orain arte baino hiru milioi gehiago.
  • Hedabideen erabaki estrategikoak eta kudeaketa errazteko, egonkortasuna bilatu da, eta diru-laguntza deialdiaren epea hiru urtekoa izango da.
  • Hedabide bakoitzak jasoko duen laguntza kalkulatzeko oinarria bere gastuak izango dira, orain arteko puntuazio sistemaren ordez. Laguntzek gastu horren %30 arte estali ahalko dute.

TOKIKOMen izenean, Administrazio Kontseiluko kide Iban Arantzabalek hartu du parte agerraldian. Arantzabalek aukera aprobetxatu du tokiko komunikabideen garrantzia azpimarratzeko, besteak beste ia-euskaldun eta erdaldunengana ere heltzeko duten ahalmenagatik, eta euskarazko komunikabideen kontsumoaren zati handi bat eurei zor zaielako. Interneteko datuen arabera, 2018an Hekimeneko medioen edizio digitalen bisiten %58 toki-komunikabideetara egin zen, eta %41 TOKIKOMen bildutako hedabideetara. Gainera, TOKIKOMeko medioek 200 profesionali ematen diote lana, eta gainera, Arantzabalek azpimarratu duenez “euskarazko medio guztiok badugu gauza bat ona: ez gara elkarren konpetentzia. Denon beharra dago eta esango nuke badugula beharra elkarrekin lan egitekoa ere, parez pare”. Amaitzeko, sektorea egonkortzeko alde guztietatik egindako apustua eskertu eta emaitza onak ekarriko dituela ere iragarri du.

Hekimenek, bere aldetik, azpimarratu egin du gutxiagotutako edozein hizkuntzaren berreskurapen eta normalizaziorako komunikabideak estrategikoak direla, eta euskarazko prentsa 200.000 kontsumitzaile baino gehiagorengana ailegatzen dela. Elkarteko koordinatzaiieak, Igor Astibiak, adierazi du Hekimenen ustez diru-laguntza eredu berria "norabide egokian" emandako pauso garrantzitsua izango dela "sektorearen egonkortasuna bermatzeko", eta denboraz baloratu beharko dela helburua hori betetzeko baliagarria den ala ez.

Sektoreak beste erronka batzuk ere badituela gogoratu du Astibiak, eta ez edozelangoak: hartzaile-kopurua handitzea, baliabide berriak lortzea, autofinantziazioa, publizitate publikoaren banaketa... "Erronka horiek lortzeko ere elkarlana funtsezkoa izango da bai sektorearen barruan, bai administrazioarekin eta herritarrekin ere", gehitu du.    

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun