Tabakoa eta erraustegiak

Fernando Mijangos 2019ko mar. 5a, 08:45

HIRUKA aldizkariak ingurumenari buruzko artikulu batzuk idazteko emandako aukera aprobetxatu nahi dut, aspaldi nire buruan dantzaka dabilen galdera bat zuekin partekatzeko eta, halaber, aldizkariak esan duen moduan ekiteko: prentsa euskaraz, pentsa euskaraz.

Tabako gizajoa, sarri ahaztu arren, landare bat besterik ez da. Nik esango nuke tabakoak berak ez duela hiltzen, fotosintesiari esker atmosferarik karbono dioxidoa kentzen duela eta oxigenoa kanporatzen duela, landare guztiek bezalaxe, hots, organismo autotrofo guztiek bezalaxe. Tabakoa erretzean, ahotik biriketaraino sartzen ditugu tabakoaren errekuntzan sortzen diren konposatu arriskutsuak, hala nola galipotak eta antzekoak, tabakoaren paketeetako iragarkietan sarri irakurri ahal duguna.

Tabakoaren errekuntzan sortzen diren konposatuak osasunerako arriskutsuak izan daitezkeelakoan, leku itxietan erretzea debekatu egin da aspaldi, hain zuzen ere erretzaile pasiboak ez kutsatzeko asmoz. Ez gara harritzen debeku horrekin eta normaltzat jotzen dugu, umeak, gazteak eta pertsona nagusiak zaindu nahi baititugu.

Pertsonok arnastu behar dugula esaten badut, ez diot gauza berririk. Zuk zeuk egin ahal duzu ariketa: lasai zaudenean erlojuari begira jarri eta minutu batean airea zenbat aldiz sartu eta botatzen duzun neurtu dezakezu; batez beste, hamabost aldiz egiten dugula suposa daiteke. Arnasketa egiten dugunean lau litro aire barneratzen dugula jakinda (batez beste eta esfortzu handirik egin gabe gaudenean), ordubetean 3.600 litro aire barneratuko ditugu biriketaraino, eta horiek botako ditugu atmosferara gure odola oxigenatu eta gero. Egunak 24 ordu dituenez (lo egon arren, arnasten jarraitzen dugu) egunean 86.400 litro aire arnastuko dugu. Beraz, 86,4 metro kubo aire. Bolumen hori gure etxeko gela baten espazioa da, gutxi gorabehera: sei metroko luzera bider lau metroko zabalera bider 3,5 metroko altuera. Hau da, egun batean gela batean dagoen aire guztia sartzen dugu gure biriketan. Horregatik, agian, debekatu egin da leku itxietan erretzea.

Nire zalantza argitzeko, zigarro bat pisatu dut, eta gutxi gorabehera gramo bi izaten dituela apuntatu dut. Beraz, tabako landarearen gramo bi erretzeagatik produktu kantzerigeno batzuk agertu eta horiek sortzen duten arriskua dela medio, debekua ipintzen badugu osasuna babesteko, zer gertatzen da erraustegi batean hondakinak erretzen ditugunean?

Etxe ondoan dugun Zabalgarbi erraustegiak etxeko hondakin solidoak erretzen dituela ezaguna da guztiontzat; hondakin organikoak gehi plastikoak, tetrabrikak, papera, kartoia, pilak eta zerrenda ikaragarri luzea. Zenbat hondakin erretzen diren jakiteko Zabalgarbik berak emandako datu bat begiztatu dut, eta harrituta geratu naiz: 200.000 tona hondakin nahastuta erretzen ditu urte batean.

Esan behar dut Zabalgarbik egiten duen errekuntza horretan denetarik erretzen dela. Horien artean egongo dira PVCak, polibinilkloruroak, plexiglasak eta lixibak, hau da, kloro-atomoak dituzten produktuak. Erraustegian kutsatzaile kloratuak agertuko dira, kloro-atomo horiek funtsezkoak baitira dioxinak eta furanoak agertu ahal izateko, eta horiek dira kutsatzaile eta pozoi arriskutsuenak.

Esan dudanez, Zabalgarbik urtean 200.000 tona hondakin erretzen ditu, eta zigarro batek gramo bi eskas dituenez, erraustegiak ehun mila milioi (100.000.000.000) zigarro erreko balitu bezalako ondoriorik sortuko luke gure atmosferan. Tabakoaren errekuntzan sortzen diren produktu toxikoak eta osasunerako kaltegarriak izan daitezkeenak ezagututa, eta tabako-paketeetan ipintzen dituzten oharrak ikusita («erretzea hilgarria da») hona hemen nire galdera: zergatik erraustegi-planta batean ez da holakorik egiten? Zergatik ez da esaten minbizia sor dezaketela? Zergatik ez da esaten dioxinak eta furanoak botako dituztela?

Jakin badakit erraustegietan airea ez kutsatzeko filtro bereziak erabiltzen dituztela eta aire-kalitatea kontrolatuko dutela, baina ez dut uste nahikoa denik, nire ustez zigarroetako filtroak nahikoa ez diren bezalaxe.

Konbentzituta nago ezen guztiok etxean hondakinak ondo bereiziko bagenitu, eta hondakin organikoak gaika bilduta konpostaleku batera eramango bagenitu, nire burutik galdera hori desagertuko litzatekeela. Hala bedi.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun