Sakonean

Etxegabeak: gizartearen ertzean bizitzen

Unai Brea 2019ko mar. 5a, 08:00

Argazkia: © MATHEUS FERRERO

Europan gora egin du etxegabetasunaren fenomenoak azken urteetan, migrazioa areagotzeak eraginda besteak beste. Horri aurre egiteko neurriak eskatu ditu Bruselak, eta hala, arazoari aurre egiteko estrategiak garatu dira kontinente osoan. Uribe Kostari dagokionez, aterpe-politikak sistematizatu egin dira, orain dela urte gutxi arte plangintza espezifikorik izan ez duen eremuan. Aldiro egiten diren zenbaketen arabera, gure eskualdean etxerik gabeko 35 pertsona inguru daudela kalkula daiteke, sekula ahaztu barik etxegabetasuna fenomeno konplexua eta kuantifikatzeko zaila dela.  

Alexek 55 urte ditu eta azken hilabeteetan ez du etxebizitzarik eduki. Bilbon jaioa da, baina Getxon daroatza 40 urte. Unibertsitatean ekonomia-ikasketak erdizka utzita, bizimodu konbentzionala izan  zuen, tarteka finantzen eta aseguruen arloan lanean, beste batzuetan saltzaile... Momenturen batean kontuak okertu egin zitzaizkion, ordea. Langabezian egin ditu azken urteak, ikastaroz ikastaro, ezer topatu ezinik. "Etxea galdu nuen diru barik geratu nintzelako. Hasieran ostatuetan ibili nintzen, baina hura ere ezin ordaindu". Orain jasotzen duen laguntza jateko nahikoa dela dio, baina ez etxebizitza baterako. Argi dauka bere helburua zein den: "Eskale izateari utzi eta herritar arrunta izatera bueltatzea".

Gau bat baino gehiago kalean eman du Alexek, baina orain Getxoko Udalak eta Uribe Kostako Mankomunitateak eskaintzen duten Argitzean zerbitzuari esker dauka lo egiteko leku egokia, sasoi baterako behintzat. 2017ko urtarriletik dago martxan Argitzean, hasiera batean Berangoko Karabiazpi auzoko lokal batean, eta iazko irailetik Algortako Portu Zaharrean, Karitatearen Alabak ordenako mojen egoitzan atondutako espazioan. Egunez ere artatzen dituzte etxegabeak, Antxeta zerbitzuaren bitartez, eraikin berean.

Bai Argitzean bai Antxeta kudeatzen dituena irabazi asmorik gabeko Sortarazi elkartea da, Getxogaz eta Uribe Kostako Mankomunitateagaz izenpetutako akordio bat dela medio. 1991tik dabiltza integrazio sozialaren arloan beharrean, Bizkaiko hainbat eskualdetan. Naroa Puyo elkarteko hezitzaile sozialaren esanetan, "normalean ez gara ohartzen denoi gerta dakigukeela etxe barik geratzea, batzuetan egoera batetik besterako muga oso mehea da eta; hemen badago ikasketak, lana, bikotekidea, familia... izan dituen jendea, kontuak okertu zaizkiona eta egoera horretan katramilatuta geratu dena".  

Ez dago kausa bakarra

Normalean ez da arrazoi bakarra egoten pertsona bat etxe barik geratzeko. "Badaude hainbat arrisku-faktore, bizitzan zehar izaten ditugunak: lana galtzea, bikotea banatzea, adikzio bat... Horiek gugan duten eraginaren arabera, egoera horretara ailega daiteke familiaren babesa ahulduz gero, osasun-arazoak izanez gero, trebetasun soziala ahulduta egonez gero...", dio Puyok.

Azken hamabost urteetan, gainera, beste faktore bat agertu da indar handiz: pertsona migratzaileen egoera. Gehienak oso gazteak izaten dira, trebetasun sozial eta pertsonalei eusten dietena baina egoera larrietatik ihes eginda ailegatu direnak gurera, bitartekorik eta inolako babes-estalkirik gabe, eta sarritan bertoko hizkuntzarik ez ezagutzearen oztopoagaz. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren arabera, migrazioaren bilakabidea da azken hamarkada eta erdian etxegabeen kopurua EAEn handitu izanaren arrazoi nagusia, krisi ekonomikoaren ondorioakaz batera baina haren gainetik nabarmen. Etxegabe gazte gehienak kanpotik etorritakoak izaten dira.

Gero eta arazo larriagoa

Esan barik doa fenomenoa globalagoa dela. Orain dela bost urte, 2014ko urtarrilean, Europako Legebiltzarrak adierazpen bat onartu zuen, zeinean Europako Batzordeari eskatu baitzion etxe gabeko pertsonen arazoari aurre egiteko lehenbailehen estrategia bat garatu zezala. Etxebizitzarik eza azken urteotan Europar Batasuneko ia estatu denetan larriagotu egin dela azpimarratu zuen orduko hartan Europarlamentuak, eta gogorarazi zuen bizilekurik ez izatea giza eskubideen bortxaketa larria dela, eta pobrezia-motarik muturrekoena.    

Europatik zetorren olatua 2016an ailegatu zen Euskal Autonomi Erkidegora. Urte hartako otsailean, Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu zion hiru hilabeteko epean "etxe gabeko pertsonen egoera errotik aldatzeko estrategia integrala" lantzeko. Orduan abiarazitako prozesuaren ondorioz, 2017ko urrian Etxegabekoentzako Euskal Estrategia onartu zen, 2018-2021 epealdirako.

Horren aurretik, ez zegoen etxegabekoentzako plangintza espezifikorik. "Batez ere larrialdi sozialei erantzuten saiatzen ginen", azaldu digu Kitty Rebolledok, Getxoko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako teknikariak; "esaterako, oso gau hotz batean udaltzainek inor topatzen bazuten kalean lotan, ostatu batera joateko aukera eskaintzen zioten, eta biharamunean gizarte-langile bategaz egoteko aukera ere ematen zitzaion".

Zehazki, Getxoko Udala orain dela hamarkada bat inguru hasi zen ostatuei proposatzen, "axola ez bazien", halako egoera larrietan zegoen jendea hartzeko, Elena Coria Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia esan digunez. Halako egitasmoak bazeuden, egon, baina araudia ez zen nahikoa, eta premia zuen jende kopurua ere ez zen gaur egun bezain handia, Getxoko udal-iturrien esanetan.

Zer da etxegabe izatea?

"Uribe Kostan zenbat etxegabe dago" galderari erantzun aurretik, komeni da etxegabetasuna zer den ondo jakitea. Europar Batasunean ez dago haren definizio ofizialik, baina oro har onartu egiten da 90eko hamarkadaren erdialdean Dragana Avramov soziologoak egindako proposamena. Haren arabera, "modu iraunkorrean bizitzeko leku egoki baten falta" da etxegabetasuna.

Gerta daiteke bizilekua edukitzea baina definizio horren barruan sartzea. Sailkapen horretan daude, esaterako, etxebizitza eduki arren hartan irauteko ziurtasunik ez dutenak (etxegabetze-agindu bat jaso dutelako, adibidez), edota baldintza egokirik ez duten etxeetan bizi direnak. Bazterkeria handiagoko maila batean daude etxebizitza bakoak, eta horien artean gutxiengoa dira, ikusiko dugunez, kale gorrian edo hala-holako babesleku batean lo egiten dutenak. Ugariagoak dira aterpetxeren batean bizi direnak, baina hala ere, ohikoa da etxegabe asko egoera bi horietako batetik bestera igarotzea etengabe. Euskal Estrategia bigarren multzokoei arreta ematera bideratuta dago, hau da, etxerik ez daukatenei, kalean nahiz sabai baten pean lo egin.

Zenbaketa, bi urtero

Datu zehatz-zehatzak lortzea zaila bada ere, 2010etik aldiro neurtzen da zenbat etxegabe dauden EAEko hainbat hiri eta herritan. Bi urtero, hain zuzen ere. Azken zenbaketa 2018ko urriaren 18tik 19ra bitarteko gauean egin zen, 26 udalerritan, 919 boluntarioren lanari esker. Ohiko prozedurari segika, 22:00ak eta 02:00ak bitartean kaleetatik ibili eta bertan gaua ematen zebiltzan pertsonak zenbatu zituzten, bai espazio publikoan eta ezelango estalpe barik, bai estalpea eduki arren bizitzeko desegokia zen eta kaletik ikus zitekeen lekuren batean. Denera, 435 pertsona zenbatu zituzten (ia erdia Bilbon), 2016an baino 161 gehiago. Horietatik, 390 gizonezkoak ziren.

Esnatuta zeuden eta hala egitea onartu zuten pertsonei hainbat galdera egin zizkieten. Jasotako erantzunetatik ondorioztatu daiteke, besteak beste, etxegabetasun egoerara ailegatzeko arrazoi nagusiak zeintzuk diren. Ez ditugu eskuratu 2018an egindako galdetegiaren erantzunak, bai ordea 2016ko urrikoak. Orduko hartan, erantzun zutenen % 60k arrazoi bat baino gehiago aipatu zuten etxe barik geratzeko. Hamarretik hiruk esan zuten arazo ekonomikoengatik zeudela etxegabetasun-egoeran; hamarretik bik lan-arazoak aipatu zituzten; eta ia heren batek bikoteko edota familiako arazoak. Ohiko arrazoiak izaten dira, modu berean, drogakaz arazoak (bostetik batek aipatu zituen), eta erregularizazio-kontuak pertsona atzerritarren kasuan (% 11).

Bai 2016ko bai 2018ko zenbaketetan, kale gorrian zeudenak ez ezik, kontuan hartu ziren ere bazterketa-egoera larrian daudenentzako aterpetxeetan gaua eman zutenak. 2018ko datuak ez dira oraindik argitara eman; 2016koetatik, berriz, ondorioztatu zen EAEn 2.009 etxegabe zeudela momentu hartan, inoiz neurtutako kopuru handiena Horietatik, 540 emakumeak ziren. Etxegabekoetan, gizonak alde handiz dira gehiengoa.

Uribe Kostako datuak

Gure eskualdean hiru udal populatuenek hartu dute parte 2016ko eta 2018ko zenbaketetan: Erandiok, Getxok eta Leioak. Iazko saioan, 147 boluntariok jardun zuten, 96 emakumek eta 51 gizonek (etxegabekoen zaintzan, emakumeak alde handiz dira gehiengoa). Erandion etxe gabeko hiru pertsona zenbatu zituzten bai 2018an bai 2016an; Leioan, sei izan ziren kale gorrian gaua ematen topatutakoak (2016an bakar bat ere ez); Getxo, berriz, 2018an beherakada izan zuen udal bakarretakoa izan zen: hamabostetik hamarrera jaitsi zen datua.

Zenbakiok tentuz hartu beharrekoak dira beti ere, arrazoi sendoak baitaude pentsatzeko benetan jende gehiagok ematen duela gaua kalean, zenbaketek adierazten dutena baino. Getxoren kasuan, berbarako, Naroa Puyo eta Kitty Rebolledo gure berbakideak seguru daude 2018an lortutako datua txikiegia dela. Haien ustez, Getxon eta Uribe Kostako Mankomunitatean 20-25 lagun inguru daude etxerik gabe gaur egun; batzuek Algortako aterpetxean lo egiten dute, beste batzuek kalean. Edozelan, iaz aterpetxea Getxora eroan izanak arazoaren epizentroa mugitu du udal horretarantz, Uribe Kostako Mankomunitateko presidente eta Berangoko alkate Anabel Landaren ustez: "Beharrizana beti egoten da, baina hemengo udaletan orain ez dago inor kalean; herri txikietan errazago jakiten da hori, besteak beste herritarrek berehala abisua ematen dutelako horrelako kasuren bat ikusten badute".

Leioari dagokionez, Udalak ezin izan digu eman erabateko daturik kalean daudenez, baina argitu egin digu gaur egun bazterketa-arriskuan dauden pertsona bi dauzkatela etxebizitza batean, eta beste lau ("gure ustez bazterketa larria jasaten dutenak") ostatuetan, Bizkaiko Foru Aldundiak euren egoeraren ebaluazioa egiteko zain. Zoritxarrez, ez dugu Erandioko daturik eskuratu, Udalak ez baitie gure itaunei erantzun.

"Exijentzia baxua"

Buelta gaitezen Algortako Karitate kaleko aterpetxera. Naroa Puyok eta Kitty Rebolledok azaldu digutenez, Sortarazik lehenengo eta bigarren mailako arreta eskaintzen du bertan. "Lehenengo mailako arretaren berezitasuna da erabiltzaileei ez zaiela eskatzen euren egoera aldatzeko borondaterik agertzea", dio Puyok, "hau da, ez dago egituratutako asistentziarik, protagonistak eurak dira eta hemen oinarrizkoa ematen zaie, eurakaz egoteaz gain; besterik gabe, gune segurua da, duina eta [droga] kontsumorik gabekoa".

Euren kabuz ase ezin dituztenei oinarrizko beharrizanak bermatzean datza lehen mailako arreta, eta udalei dagokie ematea. Puyok esan duenez, hartzaileei ez zaie ezer berezirik eskatzen horren truke, egoitzako gutxieneko arauak errespetatzetik harago. Gizarte-zerbitzuen terminologian "exijentzia baxuko" esaten zaion laguntza-mota da.

"Alde batetik, gauerako arreta daukagu, Argitzean programaren bidez ematen duguna", diosku Puyok. Urteko egun den-denetan eskaintzen da, arrastiko 20:30etik goizeko 09:00etara, eta lo egiteko lekua ez ezik, afaria, gosaria, dutxa eta arropa garbitzeko aukera eskaintzen ditu. Hemeretzi pertsonarentzako lekua du (legeak ezartzen duen ratioa hori da), eta okupazio-maila altua izaten da.

"Bestetik, eguneko harrera-zerbitzua daukagu, Antxeta", gehitu du Puyok. Egunero hutsik egin gabe zabaltzen dute hori ere, goizeko 10:00etatik arrastiko 18:00etara, eta bazkaria, askaria, eta kafea hartzeko eta bero egoteko gunea eskaintzen ditu hamar pertsonarentzat. Hala ere, Antxetara joaten direnei ematen zaien zerbitzu garrantzitsuena laguntza soziala azpimarratu du Sortaraziko kideak. "Bestela esanda, eurek hobetu gura dituzten arloetan babesa ematen diegu, baina erritmoa eurek ipintzen dute". Sortaraziko zazpi langile arduratzen dira aterpetxeko erabiltzaileei arreta egiteaz eta eurakaz egoteaz (hiru Argitzean programan eta lau Antxetan), eta eraikinaren ugazabak, hau da, mojak, janaria prestatzeaz besteak beste.

Irailaren 12an aterpetxea zabaldu zutenetik, 67 pertsona igaro dira Antxeta eguneko zerbitzutik, zortzi andrazko eta 59 gizon; gaua pasatzeko Argitzean erabili dutenak, berriz, 80 izan dira, horietatik 72 gizonezko. Hemen ere agerian geratzen da, honenbestez, lehenago aipatu dugun genero-bereizketa. Esanguratsua da, izan ere, Argitzean programak dituen logela bietatik, gizonezkoena hamabost lagunentzat izatea, eta emakumeena laurentzat.  

Zenbat denbora eman daiteke bertan?

Pertsona bat lehenengoz doanean aterpetxean lekua eskatzera, gau horretan bertan emango diote geratzeko aukera, 13:00ak baino lehen badoa eta toki hutsak badaude. "Lehen pausoa dokumentazioa eskatzea da, eta batzuek galdu egin dute, edo lapurtu diete; baina ez zaie sarbidea ukatzen", azaldu dute Getxoko udal-iturriek.     

Eskatzailea Getxon edo Uribe Kostako Mankomunitateko udalen batean erroldatuta badago, aterpetxean zazpi gau egoteko aukera emango zaio. Beste udal batekoa bada, hiru. Kasu batzuetan, ordea, bertan lo egiteko baimena luzatu egin daiteke, gizarte-langileek horren aldeko balorazioa egiten badute, gehienez hiru hilabetera arte. Horretarako aukera ematen duten baldintzen artean dago bigarren mailako arreta-programaren batean sartzea. Aldundiei dagokie arreta-mota hori antolatzea, eta hartzaileari exijitzen dio gizarte-txertaketarako pausoak ematea. Portu Zaharreko aterpetxean hori ere eskaintzen da, Sortarazi elkarteak berak kudeatuta.  

Kitty Rebolledok dioenez, "lehen mailako arretaren helburuetako bat da erabiltzaileei ate bat zabaltzea harremanean jar daitezen udaleko gizarte-zerbitzuakaz, edo euren egoera hobetze aldera intentsitate handiagoko lanketa egingo duten beste batzuekaz". Batzuek oso arin egiten dute urrats hori, eta beste batzuek urteak eman ditzakete egoera berean. Rebolledoren berbetan, badago, egon, exijentzia baxuko arretaren gutxieneko arauei (ordutegiari, besteak beste) zorrotz iritzita, haiek ez betetzearren kalean lo egitea gurago duenik ere.

Hala eta guzti, eskaria asko handitu daiteke zenbait egoera berezitan, neguko hotzaldi handietan batez ere. Halakoetan, neurri bereziak hartzen dira. Konparazio baterako, aurtengo urtarrilean hiru bider zabaldu da Argitzean zerbitzuaren lehengo egoitza, Berangon, ohiko zerbitzua indartzeko. "Eta salbuespenezko egoeretan, beste irtenbiderik ezean, ostatuetan sar ditzakegu kalean dauden pertsonak", adierazi digu Getxoko Udalak. Normalean, tokian tokiko udaltzainak arduratzen dira hotz handiko gauetan kalean ikusten dituztenei aterpe-zerbitzuaz goza dezaketela jakinarazteaz eta bertaraino laguntzeaz.

Bakardadea

Etxegabekoentzako Euskal Estrategian irakur daitekeenez, etxerik ez duten hamar pertsonatik hiruk bakarrik ematen dute denbora gehiena. Hala ere, gehienek (% 84k, 2016an egindako gaueko zenbaketan jasotako informazioaren arabera) familiarekiko loturaren bati eusten diote. "Paradoxikoki", dio Kitty Rebolledok, "badago kalean bizi den jendea, gure baliabideak tarteka baino erabiltzen ez dituena, eta diagnostikoaren arabera gizartean txertatuta dagoena; ez dute baliabide materialik ez eta bizilekurik ere, baina gainerako arloetan egituratuta dute bizimodua, harremanei eutsi diete...".

Betiko lagun asko mantentzen dituenetako bat da Alex, erreportaje honen lehen lerroetako protagonista. Ez denak, baina. "Egoera honetan nagoenetik, betidanik ezagutu ditudan pertsona batzuek bizkarra ematen didate. Herri berean bizi arren, etxegabea izateak beste dimentsio batean kokatzen zaitu". Beste askok bezala, herritar arrunten dimentsiora itzultzeko borrokari ekiten dio egunero Alexek.

 

DATU BATZUK

  • 19 etxegabe zenbatu zituzten Erandion, Getxon eta Leioan 2018ko urrian egindako kale-neurketan. Horietatik hamar Getxon zeuden, baina gizarte-langileen ustez benetako kopurua handiagoa da.
  • 80 pertsonak erabili dute lo egiteko Argitzean zerbitzua, iazko irailean Getxon kokatu zutenetik (aurretik Berangon egon zen urte eta erdiz). 72 gizonezkoak izan ziren, eta zortzi emakumezkoak.
  • 396.555 euroko aurrekontua dute urtean Argitzean eta Antxeta (eguneko arreta) zerbitzuek. Getxok 216.318 ipintzen ditu, eta gainerakoa Uribe Kostako mankomunitateak. Zerbitzuok ez dituzte Leioa eta Erandio euren gain hartzen.

Estigmatizazioaz, boluntarioez eta beste

"Etxegabeen kolektiboa gizartetik urrun dago", Naroa Puyo Sortaraziko langilearen esanetan; "denok uste dugu zerbitzu hauek beharrezkoak direla baina gure etxe ondoan ez badaude, hobeto". Estigmatizazio hori existitzeak are meritu handiagoa ematen dio boluntarioen lanari, Puyoren ustez.

Veronica Van Horenbeke 34 urteko getxoztarra da Antxetako erabiltzaileei musu-truk laguntzera joaten den pertsona horietako bat. "Sortaraziren ohar bat ailegatu zitzaidan Wahtsapp bidez, boluntarioak behar zituztela esanez; gogoz nenbilen halakoz zerbait egiteko, izena eman nuen eta onartu egin ninduten". Beraren lana atzerritar ailegatu berriei gaztelania-eskolak ematea da; gaur egun ikasle bi ditu, eta astean behin egoten da eurakaz.

Van Horenbekeren ikasleetako bat Achiban da (izena asmatua da), Marokotik etorritako 21 urteko gaztea. Elektrizitate-ikastaro bat egiten dabil Bilbon, bere jatorrizko lurraldean ikasitakoari segida eman guran.
Portu Zaharrean Antxeta zerbitzua erabiltzen du; gauak, berriz, Algortako San Nikolas parrokiaren egoitza batean ematen ditu, etxe gabeko gazte migratzaileei ostatua emateko Gauean egitasmoari esker. Dakigula, Uribe Kostan dagoen mota horretako programa bakarra da, erakundeek eskainitakotik kanpo.

Mojen etxean Alari otoitz egiten

Sarritan azpimarratzen da gizarte-bazterketari aurre egiteko egitasmo asko Elizari oso lotuta egoten direla. "Sektore honek Elizagaz lotura estua izan du historikoki, legerik ez zegoenean eurak izan baitira laguntza-mota hau eman dutenak", dio Naroa Puyok, "lotura horrek iraun egiten du, baina joera orain  profesionalizazioa da, eta arloa erakundeek lantzen dute gehienbat". Puyok azpimarratu duenez, Karitatearen Alaben eraikinean, etxegabeei arreta ematera bideratutako zatian, ikur kristaurik ez dago agerian, bai ordea musulmanek otoitz egiteko atondutako txoko txiki bat, goiko argazkian ikus dezakezuena. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun