Mezuen perbertsioa gora

Guillermo Malaina 2019ko mar. 6a, 08:43

Kontu zaharra da, baina XXI. mendean pil-pilean dago. Hitzen manipulazioa, mezuen perbertsioa, errealitatearen desitxuratzea… Betikoa. Bankuen publizitatea har dezakegu abiapuntu. "Jende askoren ametsak errealitate bihur daitezen!", "Zure ametsak gureak dira"… Estrategia da, pertsonengana hurbiltzeko diseinatua, ia-ia bankuak Gobernuz Kanpoko Erakundeak bailiran.

Energia-arloa ere esanguratsua da: enpresek dirutza xahutzen dute Greenpeace baino berdeagoak direla irudikatzeko. "Berdeak gara", "Energia berriztagarrien alde gaude"… Energia garbia zikina baino hobeto saltzen da, ez dago produkzio kutsagarria laket duenik.

Politikagintzan, beste hainbeste. Otsailaren 10ean, Madrilen, eskuindarren manifestazioko harengak eredugarriak dira mezuen perbertsioari dagokionez. Francoren kolpe militarra arbuiatu nahi ez duten haiexek kolpista izatea leporatu zieten hauteskunde demokratikoetan hautatuak izan ziren buruzagi kataluniarrei, erreferendum hura ustez bultzatu izanagatik.

Arloz arlo erreproduzitzen den izurritea da errealitatea desitxuratzea. Irakaskuntzan ere, Kristau Eskolak "mehatxua eta derrigortzea" leporatu dizkie sindikatuei, irakasleon ordezkariei, proposaturiko grebengatik, Lan Hitzarmena hamar urtez berritu gabe izan ostean. Espainiako Konstituzioan, ordea, jasota dago greba "oinarrizko eskubidea" dela. Eta gutxi balitz, Konstituzio Auzitegiaren irizpide juridikoen arabera, greba bide "baketsua eta ez bortitza" da langileek lan-baldintzen hobekuntza aldarrika dezaten.

Semiotikan adituek erabateko ulermenerako bidea erakutsi zuten aspaldi. Mezuaren mamia aztertzeko, testua, berez, ez da funtsezkoena. Igorlea, hartzailea, kanala, kodea eta testuingurua ere kontuan hartu beharra dago. Bada, ondorio zientifikoa ez bada ere, testuinguruan boterea edo dirua jokoan daudelarik, mezuen perbertsioak gora egiten du. Kontuz!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun