Hizkuntzaren zalantzategia

Ikastolako jaia, ikastolaren jaia

Eunate Muruaga 2019ko mar. 7a, 08:43

Hizkuntzekin aritzean zalantzak izatea ohikoa da. Hala ere, badira batzuk, askotan azaldu arren edo horien inguruan asko irakurri arren, beti buruhausteak sortzen dituztenak; "betiko" zalantzen multzoan sartzen ditugunak, alegia. Horien adibide dira NOREN eta NONGO kasuak.

Hainbat zalantza sortzen da izenlaguna -(e)ko ala -(r)en atzizkiarekin lotzeko orduan, batez ere, erdaraz de preposizioak lotzen dituenak itzultzeko. Askotan iristen zaizkigu honelakoak: "Zein da -(e)ko eta -(r)en atzizkien arteko aldea? Oker ez banago, lehenak NONGO kasuari erantzuten dio, eta bigarrenak NOREN kasuari. Horrela bada, zein da zuzena: ikastolako jaia ala ikastolaren jaia? Festa antolatzen gabiltzan honetan, txarteletan horixe jarri nahiko genuke, baina irakasleon artean ez dago ados jartzerik".

Euskaltzaindiak ez du berariazko araurik eman gai honen inguruan, eta zaila da kanon edo arau zehatz bat finkatzea. Baina zenbait jakingarri eman daitezke aukerarik egokiena hautatzeko. Kokapena adierazten du, oro har, NONGO kasuaren -(e)ko loturak, hau da, tokia, denbora, esparrua, jatorria, baita helburua ere: herriko kaleak, ikasturteko irteerak, matematikako zalantzak, mende-hasierako legeria... Eta NOREN kasuaren -(r)en lotura, berriz, ideia bat baino gehiagoren adierazle izan daiteke: jabetza (amaren autoa), agentea (artistaren obra), pazientea (liburuaren itzulpena), gaia (ikasturtearen garrantzia), osotasun/zati harremana (alkandoraren mahuka), neurria (animaliaren luzera), irudikapenezko izenen edukia (mutilaren erretratua)...

Aukera garbia denean, -(r)en gomendatzen da. Esaterako: orkestraren zuzendaria, aldizkariaren zuzendaria, eskuaren erradiografia, etxearen planoa... Dena den, eta zalantzak hortik etorri ohi dira, askotan biak dira zilegi. Nolanahi ere, horrelakoetan bada ñabardurarik. Esaterako, "elkarteko bilera" da elkartean egiten den bilera edo elkartearen zati bati dagokiona, eta "elkartearen bilera", elkarte osoaren bilera; "Euskal Herriko historia" Euskal Herrian gertatua da, eta "Euskal Herriaren Historia", Euskal Herria subjektu duena; "elizako isiltasuna", eraikinean bertan dagoena, eta "Elizarena", Elizak, erakunde gisa hartuta, ez dioena. Bitasun horrek, alabaina, desbideratzeak ekarri izan ditu, eta okerreko atzizkia hautatzera bideratu. Adibidez: *proiektuko babeslea edo *biltzarreko kokalekua ("proiektuaren" eta "biltzarraren" dira zuzenak).

Horiek horrela, goazen irakasleen zalantza argitzera: ikastolako jaia ala ikastolaren jaia? Berez, biak dira zuzenak eta bietara erabil liteke. Baina kontuan hartu ñabardurok: ikastolako jaia ikastolan antolatuko/egingo den festa da, hau da, tokiari ari gatzaizkio erreferentzia egiten. Eta ikastolaren jaia: ikastolak antolatuko/egingo duen festa, hau da, komunitatea osatzen duten pertsonei ari gatzaizkie erreferentzia egiten.

Horri erreparatuta, egokiagoa dirudi "ikastolaren jaia" sintagmak, nahiz eta "ikastolako jaia" ere onargarria den, festa ikastolan bertan egingo baita. Hala ere, errealitatea konplexuagoa da, eta zenbaitetan erabilerari jarraitzea da jokamoldea. Esate baterako, hiztunek honela esan ohi dute: "Etxeko giltzak galdu ditut mendian" (nahiz giltzak etxean ez dauden).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun