KiVa programa: bizikidetza hobetzen

Josu Elortegi 2019ko mar. 6a, 08:30

Eskualdeko hiru ikastoletan (Ander Deuna, Betiko eta San Nikolas) erabiltzen dute jazarpenaren aurkako KiVa programa. Haren garapenean eskola-kide guztiak daude inplikatuta, eta hori ezinbestekoa da. Datuetatik harago, bizikidetza sustatzen duen proiektu integral bihurtu dute.

Hiru helburu ditu jatorria Finlandian duen KiVa programak: batetik, irakasleak formatzea, jazarpenaren prebentziorako, esku-hartzerako eta jarraipenerako behar dituzten estrategiak, metodologiak eta tresnak eskainiz; bigarrenik, umeei laguntzea, euren sentipenak eta euren kideenak ezagutuz jazarpenari aurre egiteko baloreak indartuz; eta azkenik, gurasoei informazioa eskaintzea, jazarpena identifikatuz, ikastolaren eta etxeen arteko komunikazioan funtsezkoa da eta.

Hiru zutabetan oinarritzen da programa: prebentzioa, talde osoan eragiten duena; esku-hartzea, erasotzailearekin eta erasoa jasan duenarekin ekintza espezifikoak eginez; eta gainbegiratzea, ikastolaren hasierako egoera eta ondorengo garapena aztertzen dituena.

Hiru urteko ibilbidea. Ikastola bakoitzak bere KiVa arduraduna eta taldea dauzka. Hiru urte hauetako prozesuarekin oso pozik agertzen dira, balorazioa oso baikorra da. Programak urteroko emaitza zehatzak jasotzeak hausnarketa sakona egiteko aukera eskaintzen du. Aipatutako helburuei dagokienez, irakasleen inplikazioa osoa da, saioak modu sistematikoan burutzen dituzte eta oso aberasgarriak dira, tutoreek informazio asko ateratzen dutelarik. Gurasoek interesa agertzen dute eta oso inplikatuta daude, guraso-bileretan aipatzen den gaia da.

Joera zaharrak baztertzen. Eta ikasleak? Hor ikusi da aldaketarik handiena. Ikasleak programaren alde daude, eta zerbait sumatzen dutenean irakasleengana jotzen dute, orain denek hizkuntza bera dutenez erraztasuna baitute jazarpena identifikatzeko. Talde-kontzeptuak indarra hartu du, eta normaltzat hartzen ziren joerak bazterrean utzi dira. Prebentzioak gero eta oin sendoagoak ditu ikastoletan, baina batzuetan ez da nahikoa izaten, eta esku-hartzeak ere bideratu beharra egoten da, bide hezitzaileak jorratuz eta ikasleei protagonismoa emanez. Konponbidea euren eskuetan egon da beti, KiVa taldearen laguntzarekin.
denak dira KiVa. Ikastoletako hezkuntza-komunitate osoa dago programan murgilduta: gurasoak, ikasleak, irakasleak, langileak, eskolaz kanpoko arduradunak eta hezitzaileak, autobusetako laguntzaileak, jantokiko begiraleak… Denek daukate zer esanik eta zer eginik.

Etorkizunean ere, jazarpenaren aurrean inongo tolerantziarik ez da izango ikastoletan: «Gogotsu gaude oso, baina lan handia daukagu aurretik». Formakuntza eta motibazioa etengabekoak izan behar dira. Gatazkak izan izango direnez, haiengandik ikasi beharra dago;  horrek bizikidetza hobetzea ekarriko du. Tresnak eman behar zaizkie umeei, jazarpen-egoeretan asertiboak izanik, taldeko presioaren aurrean eutsiz, noren alde jarriko diren argi izan dezaten. Ez da erronka makala.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun