Beharrezkoa da 24 orduko greba hutsa ez dela nabarmentzea. Hainbat arlotan egiten da, opresioak gure bizimoduen espazio bakoitza betetzen duela salatzeko: zaintza, kontsumoa, enplegua eta ikasketak. Horiek dira gure protestaren ardatzak, 8an berriro ere ozen oihu egingo dutenak, munduko herri eta hiri bakoitzeko aldarrikapen-pankarten bitartez. Baina urte osoan egiten den lanaren zati bat baino ez da hori, M-8 eta A-25 data esanguratsuen artean. Feminismoak dena blaitzen du, dibertsitatearen, pluraltasunaren eta errespetuaren bitartez.
Nik neuk esan dezaket feminismoak asko eman didala: orain arte "izenik ez zuena" agerian uztea, ahizpatasuna zer den ulertzea, ahalduntzeari heltzea gure borrokarako ezinbesteko arma modura... Horregatik, orain dela ia lau urte politikan murgildu nintzen. Ezin baitugu onartu ordezkaritza publiko handieneko guneetan, gure ahotsa gehien entzun beharra dagoen horietan, gizonezkoen portzentaje eskerga egotea. Gero eta gehiago gara, baina oraindino kristalezko sabaia dago, urrunago heldu ahal izateko hautsi behar duguna. Bide hori elkarregaz egingo dugu andreok, feminismoa baita tresna baliagarri bakarra, gure eskubideak murriztu gura dutenen politikei aurre egiteko. Ez, jaunak: emakumeen unea da. Honaino heldu gara, eta gure etorkizuna geuk zehaztuko dugu arlo guztietan. Nekatuta gaude beste batzuek gure gorputzez eta gure bizitzez legislatzeaz. Feminismoaren mendea da. Gora borroka feminista!
*Getxoko Udalean GUK Getxo taldearen zinegotzi bozeroalea da Paula Amieva