Munduagaz dugun harremana birpentsatu

Ricardo Mutuberria 2019ko mar. 11a, 07:58

© RICARDO MUTUBERRIA

Zientziaren gaineko atala zabaldu dugu HIRUKAn: Zientzia etxeko atarian. Hasteko, Ricardo Mutuberriaren artikulua dakargu,  zientziatik abiatuta ingurumenaz eta planetaren etorkizunaz duen kezka agertu diguna.

Bartzelonako Zientzia Herritarraren Bienalean, hainbat ume ikusi nuen klariona bategaz asfaltoa margotzen. Lerro bategaz irudikatzen zebiltzan 2100. urterako aurreikusita dagoen itsasoaren maila. 

Kalkulatzen denaren arabera, orain dela 4.500 milioi urte sortu zen Lurra. Fosil-miaketak erakutsi duenez, 1.000 milioi urte beranduago bazegoen bakteriorik. Gizakiak orain dela 350.000 urte hasi ziren Lurraren gainetik ibiltzen, baina ekosistemak jasan duen talka hain da handia, ezen gure izatea bera arriskuan ipini duen. Ez dizue beldurrik ematen zientzialariek iragarri duten hondamenezko etorkizunak? Niri bai, baina baikorra naiz hala ere.

Hezkuntza eta aktibismoa

Etorkizuneko kostaldeko lerroa margotzea erraza da. Behar den bakarra talde antolatzaile bat eta koloreko klarionak dira. Mota honetako jardueretan dago, bestalde, konponbiderako gakoetako bat: hezkuntza. Etorkizuna belaunaldi berriena da, eta haiek izan behar dute aktiboenak sistema naturalakaz dugun harremana berrantolatzea baimenduko duen aldaketan. Gazte-aktibismo horren adibide garbia da #FridaysforFuture mugimendua, ume batek klima-aldaketaz zuen kezkatik sortua. Helduok hezkuntza- eta gizarte-eraldaketa erraztu eta sustatu behar dugu.

Ekonomia

Egunero aurkitzen ditut gaur egungo ekonomia-sistemaren alternatibak sortzeko konspiratzen dabiltzan gazteak. Kooperazioa, jasangarritasuna, guztien ongizatea... halako baloreetan oinarritzen dira. Badakite zoriontsuak izango direla gustuko duten horretan lanean, eta euren ingurunerako ona den zerbait egiten. Zentzuz erabiltzen dituzte neurozientzia, konputazioa, biologia sintetikoa, adimen artifiziala, nanoteknologia, robotika eta bestelako teknologiak, bizitza errespetatzen duten zerbitzu eta produktuak eratzeko. Ezinbestekoa da birpentsatzea, berregituratzea eta birdiseinatzea gaur egungo produkzio-, kontsumo-, mugikortasun-, elikadura-, hondakin- eta energia-sistemakaz dugun harremana. Ez da batere erraza hori arrakastaz egitea, baina batzuk ari dira lortzen.

Osasuna

Plastiko, pestizida, antibiotiko, hormona, kotxeen kea, eta sortzen ditugun bestelako produktu toxikoak modu berean metatzen dira gure gorputzean eta gure ingurunean. Horrek hobera egingo du ingurumenaren arazoa osasun-arazotzat hartzen dugun momentuan.

Espezie-kontzientzia

Gizaki guztiok dugu amama bera. Denak gara berdinak eta gure gorputz eta garunek gauza bera behar dute. Oinarrizkoa da espezie-kontzientzia eratzea, espezie modura elkarregaz batuta bizi, helburuak lortu eta gizatasun-prozesuan aurrera egin behar dugulako.

Zer egin dezaket nik?

Nire buruari gomendatu diot ingurumenagaz berriro konektatzea, eta biologia praktikatzea nire burua eta inguratzen nauena hobeto ezagutzeko. Gomendatu diot ere errespetuan eta maitasunean heztea, berrerabiltzen ikastea, birziklatzea, ingurumenaren gaineko eragina murriztea, gustatzen zaizkidan gauzak eta niretzat eta nire ingurunearentzat onak direnak egitea. Horrez gain, dendetan eta lanean kutsatu barik kontsumitzea aldarrikatuko dut, etorkizun jasangarria lortzea, bioaniztasunezkoa, eta gainerako espezieakaz orekan bizitzea ahalbidetzen duena. Mereziko du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun