Pasa den urteko irailean, SOLID Association izeneko elkartea sortu zuten, Mondragon Unibertsitatean, Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza graduko hamazazpi ikaslek. Horietako bost lagun dira Roll it Girl proiektua aurrera eroatea erabaki eta horretan lanean dabiltzanak. Azaldu dutenez, iazko udagoienean Sopelako Udaletxean aurkeztu zuten euren dinamika lehenengo aldiz, eta ondoren, 2019ko urtarrilaren 26an garatu zuten jendaurrean, Berangoko UK Indoor Skateparkean. Arrastiko16:00etan eman zioten hasiera ekitaldiari, eta gaueko 23:00ak arte luzatu. Txapelketa, kontzertuak, dokumental-emanaldia eta ikastaroak antolatu zituzten, besteak beste, eta Uribe Kostako hogei bat emakumek hartu zuten parte horietan, Gabriela Imbertek, proiektuaren sustatzaileetako batek azaldu digunaren arabera.
Roll it Girl, dena den, ez da emakumeei patinatzeko aukera besterik ematen ez dien egitasmo hutsa. Antolatzaileek diotenez, euren artean esperientziak eta bizipenak elkarbanatzeko, truko berriak ikasteko, lehiatzeko, ondo pasatzeko, gozatzeko eta Euskal Herri osoko komunitate bat osatzeko aukera ematen duen proiektua da, halako bat osatzea garrantzitsua eta aberasgarria izango delakoan.
Inguru seguru baten beharra
Orokorrean, patinajea edo antzeko kirolak praktikatzen dituzten emakumeak eroso sentitzen ez direla aipatu du Imbertek: «Gizonezkoei zuzendu zaien zerbait da, orain arte behintzat. Horregatik, esango nuke emakumeak begiratuak edo epaituak sentitzen direla kirol horiek leku publikoetan eta jende asko dagoen tokietan egiten dituztenean». Hala, skatean ibiltzen diren neskek gustuko duten hori egiteko «inguru seguru» bat izatea behar-beharrezkoa iruditzen zitzaielako erabaki zuten proiektua sortzea, azaldu dutenez, eurak ere behin baino gehiagotan sentitu baitira modu horretan.
Horrenbestez, emakumeak skateboarding-aren bidez ahalduntzea dute helburu nagusitzat, baita gizartean «errotuta» dauden hainbat aurreiritzi eta ideia aldatzea ere. «Betidanik pentsarazi nahi izan digute horrelako kirolak gizonezkoentzat besterik ez direla», kexu da Imbert.
Horren harira, emakumeak kirol horietan jarduten ikustean, gizarteak sistematikoki «etiketatu» egiten dituela adierazi du: «Marimatxo, lesbiana eta mota horretako kalifikatzaileekin etiketatu izan gaituzte beti eta horrek gure deserosotasuna areagotu duela uste dut. Horregatik, askotan nahiago izan dugu skate, surf eta antzeko kirolak egitea saihestea, nahiz eta gustuko izan, era horretako komentariorik entzun behar ez izateko».
Pentsamendu-aldaketa
Sarritan horrela dirudien arren, «femenino» eta «ahul» berbak sinonimoak ez direla nabarmendu dute proiektuaren antolatzaileek: «Emakume izateagatik ez dugu zertan samurrak izan, ezta sentiberak, makalak edo pinpirinak ere. Mota denetako emakumeak daude munduan, guk gure feminitatea bizi dugu orain arte gizonezkoena besterik izan ez den mundu batean».
Garaiak aldatzen diren heinean, bestalde, pentsamenduak ere aldatuz doaz. Hala beharko luke, behintzat, Imberten iritziz: «Egoerari buelta eman behar zaio. Ez al da garaia, pentsatzeko modua aldatu eta behingoz gustuko dugun hori inongo lotsarik gabe egin ahal izateko?». Ideia horri tiraka ari dira bost antolatzaileak lanean etengabe, eta bide onetik doaz, izan ere, gero eta gehiago dira egitasmoan parte hartzea erabaki dutenak.
Komunitatea handitzen
Laurogei emakume baino gehiago batu dira daborduko Roll it Girl proiektura. Horietatik gehienak bizkaitarrak diren arren, badago Gipuzkoa eta Arabatik datorrenik ere: «Ez genuen horrelako oihartzunik izatea espero, inondik inora ere, baina poz-pozik gaude gero eta gehiago garelako. Egunero gehitzen da norbait sortu dugun komunitatera», azaldu du Imbertek. Izan ere, Euskal Herrian ez dago horrelako beste talderik. Sortzaileen iritziz, horregatik izan du horrenbesteko arrakasta: «Orain arte ez dugu proiektu honen antzerakorik izan gure inguruan, eta mota honetako komunitate bat sortzeko behar handi bat zegoela uste dugu».
Egunerokotasuna
Elkarregaz patinatzeko gelditu egiten dira astero, batzuetan Berangon eta beste zenbaitetan Bilbo inguruan. Horrez gain, mota askotako ekimenak antolatzen dituzte hilabetean behin eta, esan dutenez, laguntzak jasotzen dituzte horretarako. Urtarrilekoan, esaterako, Berangoko UK Indoor Skateparkak emandako babesa itzela izan zela nabarmendu gura izan dute: «Asko eskertzen diegu emandako laguntza. Haien lokala erabiltzen utzi ziguten, ekitaldiaren antolakuntzan hartu zuten parte, eta deialdia sare sozialetan zabaltzen lagundu ziguten».
Etorkizunari begira, edozein adineko emakumek kirol-mota hauekaz «inongo beldurrik eta lotsarik gabe» gozatu ahal izatea da sortzaileek duten erronka nagusia, Imbertek azaldu duenaren arabera. Horrez gain, urtarrilean Berangon egindako egitasmoaren antzeko txapelketa eta ekitaldiak antolatzeko «irrikan» daudela aipatu du Roll It Girleko sortzaileak. Momentu hauetan, hain zuzen, buru-belarri dabiltza hurrengo hitzordua prestatzen. Girls Longboard Fest izena ipini diote, eta apirilaren 27an egingo dute, oraingo honetan, Sopelako Atxabiribil hondartzan.
Girls Longboard Fest
Ekitaldi horretarako Sopelako Udalak kontratatu dituela azaldu dute antolatzaileek: «Haiei ere, nola ez, izugarri eskertu behar dizkiegu eman diguten laguntza, babesa eta elkartasuna. Konfiantza handia ipini dute gugan». Adierazi dutenez, egun osoko jaialdia izango da Sopelakoa, longboard lehiaketa izango da ikusgai, eta Berangokoan egin zuten bezala, hainbat musika-talde eroango dute, bertaratutakoak kontzertuen bitartez alaitzeko asmoagaz. Horrez gain, janaria eta edaria erosteko aukera ugari egongo dela aipatu dute, baita skate taulak konpontzeko, apaintzeko, erosteko edota ikusteko ere, arlo horretan oso ezagunak diren marken eskutik.
Helsinkitik ere, lanean. Ez da hori, bestalde, momentu hauetan esku artean duten egitasmo bakarra. Izan ere, martxoaren eta apirilaren hasiera bitartean Helsinkin jardungo dutela azaldu du Imbertek. Han umeei zuzendutako hainbat tailer eta ikastaro antolatzeko asmoa dutela esan du, eta horretarako, Mondragon Unibertsitateko gradua ikasten dabiltzanez, Mondragon Team Academyren babesagaz batera lan egingo dutela.