Aurten ere bizitza eta zaintza ez daude erdigunean. Antza, pertsonak, gure bizitza, ez dira garrantzitsuena.
Nagusiki emakume migratzaileok egiten ditugun zaintza-lanetan biltzen dira opresio horietako asko, eta prekarietate izugarria atzeman daiteke. Gaur egun, oraindik, lan-eskubideei dagokienez baztertu egiten gaituen eta gizartearen gainerako kideenganako desabantaila-egoera argian uzten gaituen araudia daukagu. Eta horri gehitu egin behar zaio mina, diskriminazioa, hondamena eta heriotza eragiten dituen atzerritartasun-legea.
Zergatik? Ez gara pertsonak, ala? Ez dugu eskubiderik berdintasunean bizitzeko? Gizaki modura duintasuna izateko?
Langabezi-saria jasotzeko eskubiderik gabe, soldata barregarriekin (herritar batzuek uste duten arren guri gutxieneko soldata ordaintzea “gehiegi ordaintzea” dela, edo igoera eskatzea “harrigarria” dela), askotan esklabotzatik hurbil dauden baldintzetan, egundokoak jasaten, gure egoera erregularizatu dadin erreguka, sarritan ezkutuko ekonomiari esker bizirauten, abusuak jasaten…
Sistema arrazista, klasista, sexista, kontsumo-zale eta kapazitistak gurekin jokatzen du ankerren, eta ez-egonkortsunanean eta isolamenduan hondora gaitezen saiatzen da.
Sistema hori da guri balioa kentzen, atsekabetzen, gizatasuna kentzen saiatzen dena, batzuetan sinetsaraziz eskubideak ditugula (praktikan hala ez bada ere), eta beste batzuetan esanez ez garela nor eskubide horiek izateko, ez garela berdinak ezberdin modura markatzen gaituelako, gure azalak, gure ahoskerak, gure jatorriak askotarikoak direlako…
Baina dagoeneko ez dugu onartzen, ez gara isiltzen eta erresistitu egiten dugu.
Hainbeste atzerapauso egon den urte honetan gure ahotsak entzunarazi nahi ditugu, oztopoak oztopo ausartu egiten diren emakume guztien adorea ikusarazi nahi dugu, geure eskubideak aldarrikatzen segitzen dugu, espazioak geureganatzen ditugu, eta abusu horien guztien aurrean ez dugu isilik jarraitu nahi.
Egiten dugun lanari balioa eman dakiola nahi dugu, egiten dugunari duintasuna ematea nahi dugu.
Martxoaren 8 hau ospatu egingo dugu gure aurretik izandako emakume guztien omenez, eta badakigulako oraindik lan handia dugula egiteko, borroka asko segitzeko, eskubide asko lortzeko.
Eta geure buruak ere ospatuko ditugu, merezi dugulako, aldarrikapen honetan geuk ipintzen dugulako geure gorputza, garaituko ez gaituen sistema arrazista, kapitalista, sexista eta baztertzailearen aurrean.
Badakigulako zer nahi dugun eta norantz joan nahi dugun, jendarte duin baterantz, pertsonekiko begirunea izatea eta gizaki modura hartu eta tratatzea lehentasuna den leku baterantz, haien arrazaren, sexu-dibertsitatearen, egoera administratiboaren edo sexuaren gainetik.
Martxoaren 8 honetan, gogora dezagun, geldiezinak gara.