Gure organismoaren sistemen arteko komunikazio eta elkarreragina aztertzen du psikoneuroimmunologiak. Horren arabera, emozioek zerikusia dute osasun fisikoagaz. Izan ere, emozionalki eragina izan dezaketen egoerek pertsonen sistema sinpatikoa aktibatzen dute; estresak, esaterako. Horrelakoetan, prozesu bat abiarazten du gorputzak, noradrenalina izeneko hormona zelula-mintzera heltzea ahalbidetuko duena. Fisiologikoki erantzungo du gorputzak alarma horren aurrean, eta hantura-prozesuari ekingo dio. Orduan hasiko da muin adrenala kortisola eratzen, hanturaren kontra egiteko.
Funtzio horiek arruntak dira gorputzarentzat. Prozesuak etenik ez badu, ordea, arazoak agertuko dira. Gorputzak etengabe sortu behar badu noradrenalina, hantura-prozesuan egongo da beti, eta eratu dezakeen kortisol kopurua ez da nahikoa horren aurka egiteko. Ondorioz, energia-falta, hormona-desoreka, nekea, gaixotasun autoimmune edota metabolikoak eta infekzioak eduki daitezke, besteak beste.
Giharra galdu dugu
Arazo horiek hobetu eta saihesteko, kirola oso garrantzitsua dela dio psikoneuroimmunologiak. Santosek azaldutakoaren arabera, pertsonen gorputza korrika eta salto egiteko diseinatuta dago, baina hori erraztasunez egiteko gaitasuna galtzea eragin du geldotasunak: "Gaur egungo gizateriaren gorputza ez dago gihartuta, eta horrek eragina dauka immunologian eta nerbio-sisteman". Hala, kirolak onura asko dituela aipatu du. Giharrak hanturen kontrako substantziak produzitzen dituela eta glutaminaren gordailu nagusia dela dio. Nerbio-sistema eta digestio-aparatuko mukosa hobetzen ditu glutaminak.
Psikoneuroimmunologiagaz lanean hasi denetik hobekuntzak igarri ditu Aitziber Santosek: "Ikasten ari naiz zelan funtzionatzen duen gorputzak osasuntsu gaudenean, eta zergatik gaixotzen den. Garrantzitsua da jakitea hainbat gaixotasun saihestu eta hobetu daitezkeela kirolaren, elikaduraren eta atsedenaren bidez".