"Ibaizabaleko estuarioa ez dago erabat osatuta kutsaduratik", EHUren ikerketa baten arabera

Unai Brea 2019ko mar. 12a, 12:23

CC BY SA-HARESGOD

Bizkaiko hiru estuario (Ibaizabal, Plentzia eta Oka) aztertzen dabil EHUko lantalde bat, haien azidotasuna neurtzeko asmoz. Ondorioetako bat da Ibaizabalen kutsadurak iraun egiten duela oraindino. Gainera, badirudi Galindo ibaitik kutsadura sartzen dabilela eten barik, momentuz haren jatorria zehazterik izan ez badute ere.

Leire Kortazarrek zuzentzen duen Kimika Analitikoa Saila da hiru estuarioen azidotasuna neurtzen dabilena. Atmosferara isuritako gehiegizko CO2ak eragiten du itsasoak azidotzea. Hura uretan disolbatu eta pH-a gutxitzen du, hau da, ura azidotu. Horrek kalte egin diezaieke, besteak beste, oskoldun animaliei, oskolak osatzen dituzten mineralak disolbatu egin baitaitezke ur azidoagoan. Metal astunen disolbagarritasunean eta toxikotasunean ere eragina du pH-a txikitzeak.

Ozeanoen azidotze-prozesuak sakon aztertu dira azken urteetan. Estuarioen kasuan, ordea, azterketa hori egitea ez da hain erraza, bertako uren gazitasuna, tenperatura eta beste zenbait ezaugarri batzuk askoz aldakorragoak direlako, mareen eta bestelako faktoreen ondorioz.

Kortazarren lantaldeak, hain zuzen, estuarioetako azidotzea neurtzeko sistema garatu du, eta Bizkaiko hiru gunetan dabil erabiltzen, horietako bi Uribe Kostan: Ibaizabal eta Plentziako itsasadarra. Hiru urtez laginak hartu dituzte hilean behin, urtaro-aldaketen eragina behatzeko.

Ibaizabaleko kutsadura "historikoa"

Orain arte egindako azterketen arabera, Oka eta Plentziako estuarioetan "arrazoizko balioak" neurtu dituzte; "Ibaizabal, aldiz, ez dago erabat osatuta kutsadura historikotik", EHUk zabaldutako prentsa-oharrean adierazten denez. Arrazoi bakarra ez den arren, antza denez etengabeko kutsadura-motaren bat sartzen dabil Galindo ibaitik, baina ikerlariek ez dute jakiterik izan hura nondik datorren.

Laborategian egindako probetan, ikusi dute pH-aren jaitsierak metalak uretan disolbatzea eragiten duela, eta horrek bidea eman lezakeela metal horiek bizidunengan ailegatu eta elikadura-katean sartzeko. Ikerketaren hurrengo pausoetako bat datuak batzen jarraitzea izango da, estuarioak azidotzearen mekanismoak ondo ulertzeko; bestalde, azidotze horrek moluskuengan zer eragin duen ikertu gura dute. Diotenez, hiru urteko lana ez da nahikoa pH-aren jaitsiera zein den jakiteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun