Prentsa-askatasunaren aldarria

Izaskun Rodriguez 2019ko mar. 14a, 08:06

Martxoaren 22an Areetako Andres Isasi Musika Eskolan emango dute Los archivos del Pentágono (jatorrizko izenburua: The Post), 2017an Steven Spielbergek zuzendutako filma. 70eko hamarkadan AEBetan jazotako historia batean oinarrituta dago pelikula.

Estatu Batuetako 70eko hamarkadako kazetaritza, politika eta historia uztartzen dira, adierazpen-askatasunaren kontrako erasoa eta horren ondorioak gai nagusi dituen film entretenigarri honetan.

Steven Spielberg, zine-industriako izen handienetako bat izateaz gain, langile amorratua dela ere erraz ikusten da beraren ibilbideari begiratuz. Produktore modura berrehun proiektutan murgilduta ibili da, eta zuzendari-lanetan 60 film inguru sinatu ditu honezkero. Bi proiekturen artean zebilela, gidoilari hasiberri baten (Liz Hannah) lana jaso zuen. Gaztetan sakonki ezagutu ez zituen gertakariak zituen aurrez aurre, eta adierazpen-askatasunaren aldeko defentsa sutsua egiteko nahiak historia hau kontatzera bultzatu zuen. Gaur egungo AEBetako politikan eta kazetaritzan gertatzen direnekin arduratuta dabil Spielberg, eta iraganarekin zelanbaiteko parekotasuna ikustea ez da zaila. Snowden, Wikileaks eta fake news direlakoetan pentsatuz gero, are errazagoa.

1971n, Nixonen gobernuak, segurtasun nazionala aitzakiatzat hartuta, Vietnamgo gerrari buruzko txosten bat argitaratzea eragotzi zion The New York Times egunkariari. Iturri fidagarri baten bidez jasotako informazioaren lehen atala kalean zen, eta iritzi publikoaren haserrea ikusita, gobernuak kaltea saihestu nahi zuen. AEBetako gobernu batek komunikabide bati espresuki zerbait argitaratzea debekatzen zion lehen aldia izan zen, Konstituzioko lehen zuzenketa kolokan jarriz. Ekarriko zituen ondorioak neurtu ondoren, The Washington Post-ek lekukoa hartu eta ausartu egin zen hainbat urtez gobernuak hiritarrei helarazitako gezurrak frogatzen zituzten dokumentu horiek jakitera ematera. Erabaki hori asko galtzeko zuen Katharine Grahamek hartu zuen, hau da, egunkariaren jabeak.

Kazetaritzan ikur izan den Kat Graham gorpuzteko Meryl Streep baino antzezle hobeagorik ez zait bururatzen. Azken urteetan egin dituen lanen artean zirraragarriena dugu hau, asko badira ere emakume honek zine-zaleei sentiarazi dizkigun momentu ahaztezinak. Keinu sotilak dira Streepen interpretazioen ezaugarrietako bat, eta bikaina da zer modutan erakusten digun emakume kazetari haren borroka, gizon boteretsuen munduan bere ahotsa entzuna izateko. Haren alboan, Ben Bradlee, kazetaritzaren beste mito bat, Tom Hanksek antzeztua. Erraz ikusten dugu, Hanksen bidez, erredakzio-buru horren izaera kementsua. Ederra benetan, pertsonaia bien arteko harremana eta eboluzioa.

Eta bitxikeria bat, amaitzeko: filmean zehar Nixon presidentearen telefono-deiak entzuten dira, Etxe Zuriaren antzeko leiho batean pertsona baten itzala ikusten den bitartean.

Filmaren fitxa

Jatorrizko izenburua: The Post
Zuzendaria: Steven Spielberg
Gidoilariak: Liz Hannah eta Josh Singer
Antzezleak: Meryl Streep, Tom Hanks, Bruce Greenwood.
Iraupena: 116 min
Noiz/non ikusi: martxoak 22, 21:00etan, Andres Isasi Musika Eskolan

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun