Oihane Landazabal: "Euskal Herriaren askapen-prozesuan bulkada garen guztiontzat izango dira Bulkada Egunak"

Ainhoa Bretos 2019ko mar. 14a, 17:22

Ezker abertzaleko Gazte Antolakundearen 40. urteurrenaren harira, Uribe Kostako Bulkada Eguna ospatuko dute martxoaren 16an, zapatua, Plentzian. Hamarkadetan izandako bilakaera eta gaur egun dituen erronkak aztertu ditugu Oihane Landazabal Ernaiko kideagaz.

40 urte bete ditu Gazte Antolakundeak. Zeintzuk izan ziren lehen urratsak?

Jarrai 70.hamarkada amaiera eta 80.hamarkada hasieran jaio zen, Euskal Herrian mugimendu sozial eta politikoak pil-pilean zeuden testuinguru batean. Ezker Abertzaleak paper garrantzitsua betetzen zuen orduan, baita gazte mugimenduaren baitan ere, haren oinarri ideologikoen eta proiektu politikoaren inguruan biltzen baitziren gazte ugari. Erreferentziazko antolakunde baten beharra zegoen, ordea, eta hutsune hori betetzeko asmoz eman ziren Jarrairen sorrerarako lehen urratsak. Koordinadora Abertzale Sozialista (KAS) izan zen hastapen horien bultzatzaile eta koordinatzearen beharra mahai gainean jarri zuena. Hori dela eta, hasiera batean Juventudes KAS izena hartu zuen gerora Jarrai izango zenak, bere burua Ezker Abertzaleko Gazte Antolakunde gisa definituko zuenak eta Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren (ENAM) baitan kokatuko zuenak.

Hasiera batean nazio eta herrialde mailako komiteetan soilik biltzen hasi ziren, ez zegoen maila lokaleko egituraketarik, ezta horretarako kapital humano nahikorik ere. Leioako Unibertsitatean egin zen lehendabiziko sortze-asanblada, Jarrairen I. Kongresuari bide eman ziona. Hortik aurrera herrietan taldeak sortzeari ekin zioten.

Zelako bilakaera izan du?

Gazteek hezurmamitutako Erakundea izan arren, hasierako urteetan gai politiko orokorrak lantzen ziren (mugimendu antierrepresiboa, nuklearren aurkako mugimendua, etab.), eta V.Kongresuaz geroztik gazte problematika jarri zen erdigunean, Jarrairen gazte izaera indartzea ekarri zuena. Zentzu horretan, eta betiere Euskal Herriko gatazka politikoaren kontestua aintzat harturik, soldadutza eta drogak izan ziren Jarrairen lan ildo nagusiak. Ikasle mugimendua antolatzeari ere ekin zitzaion, gazte eremu eta bitarteko propioak aldarrikatzeari ere bai (gaztetxeak, irrati libreak…). Azken batean, gai politiko orokorrak eta gazte problematika uztartzen asmatu zuten, modu horretan gazte mugimenduaren kezkekin lotura estuagoa izanik eta, hartara, gero eta eragin handiagoa ere bai.

Eta Uribe Kostan izan duenari dagokionez?

Uribe Kostako bilakaera ere kontestu eta norabide berdinean kontatu daiteke. Lehen urteetan herri bakar batzuetan sortu ziren taldeak, kide gutxikoak ziren gainera. Geroago talde gehiago osatu ziren, dimentsio handiagoa hartzen joan zen eskualdea, baita intzidentzia gaitasun aldetik ere. Gazte mugimendua hauspotu zen, gazteen borroka sektorialei garrantzia eman zitzaielako.

Bilakaera horretan oztopoak izan dira...

Aipatutako loraldi horren aurrean, Estatuek errepresioa areagotzea edo, hobeto esanda, estrategia errepresiboa fintzea eta egokitzea erabaki zuten. Eta ez soilik gazteriaren aurka; Ezker Abertzalea eta ezkertiar edo euskaltzalea zen edozer desagerrarazteko estrategia oso bati erantzun zion (Egunkaria, Egin, Ardi beltza, 18/89 makroepaiketa…).

Ilegalizazio eta errepresio garaiek gogor kolpatu zuten Gazte Antolakundea, eta harekin batera gazte mugimendu osoa. Segik pairatu zituen sarekadarik basatienak, eta horrek erabat zaildu zuen gazte mugimenduan egin beharreko lana eta ekarpena. Izan ere, estatuen aldeko etengabeko errepresio estrategiak erantzun eta biziraupen estrategia batean zokoratu zuen gazteria, noiz eta 2012.urtean Segik bere ibilbidea bukatutzat eman zuen arte. Erantzun dinamiketatik haratago nazio eraikuntza parametroetan sakontzeko behar urgentea zegoela hausnartu zuen, eta horri heltzeko ezintasunaren aurrean hartu zuen erabakia.

Eta Gazte Antolakundea bezain zauritua gazte mugimendua. 2013.urtean, eztabaida prozesu baten ondotik Ernai jaiotzen da, gazte mugimendu indartsurik gabeko testuinguru batean, estrategia aldaketa baten jaioberritan eta panorama sozial eta politiko erabat ezegonkorrean. Ordutik hona salto kualitatibo handia eman da zalantzarik gabe, gazte mugimenduen loratze bat egon da, eta oraindik ere olatu berriak etortzeke daudelakoan gaude.

Zeintzuk dira gaur egun dituzuen erronkak?

Esan bezala, gazte mugimenduetan aldaketa nabaria eman da. Erresistentzia klabetik alternatiben eraikuntzara jauzia emateko bidean gaude, eta norabide horretan kontrabotere izango diren espazioak eta egitasmoak sortzen dihardugu, autogestioa oinarri eta Gazte Boterea lanabes. Jauzi horri begirako lurzorua jartzea da gure erronketako bat.

Hain zuzen ere, pairatzen dugun prekarizazio egoeraren aurrean bizi eredu berrietan ardaztuko den bideorria marrazten ari gara. Izan ere, gaur egun prekarietatea da gazte problematika definitzen duena, prekarietatea bere zentzu zabalean ulertuta. Alegia, gure bizitzako esparru guztiak zeharkatzen dituen ezegonkortasun egoerari egiten diogu erreferentzia, bizi proiektu bat ezin garatzeari, heldulekurik ezari, harreman eredu merkantilistari. Analisi horretatik abiatuta jarri genuen martxan iaz Euskal Herrian Bizi! dinamika, kapitala eta bizitzaren arteko gatazkari ahotsa eman eta bizitza zentroan jarriko duen herri egitasmo bati ateak zabaltzeko. Euskal Herrian irekitako aro mobilizatzaile berriari gazte eremutik ekarpena egitea dagokigu, gazteon bizi proiektua beste parametro batzuetan garatzen joateko. Eta bide horretan Euskal Gazteria kokatzen dugu artikulazio subjektu bezala, eta Euskal Herria borrokarako marko bezala. Hortaz, Euskal Herriaren burujabetza prozesu soziala zein nazionala elikatuko duen gazte frontea artikulatzera goaz. Hortxe, bada, erronka potolo bat.

40.urteurrenaren harira, hainbat ekimen antolatu dituzue.

40 urte dira gazte antolakuntzari eta borrokari ekin geniola. Horrelako data borobil bat ezin genuen besterik gabe pasatzen utzi. Gazte Antolakuntzaren bilakaeran geldialditxoa egin eta egindakoaren perspektibaz zein egingo dugunaren anbizioz gazte borroka balioan jarri nahi dugu. Horretarako abiatu genuen irailean Bulkada berrien garaia da! dinamika, izenak berak adierazten duen moduan Euskal Herrian zabaldu den ziklo politiko berriaren atarian Euskal Gazteriaren bultzada ezinbestekoa dela ikusarazteko. Askatasunaren aldeko bulkada berri eta anitzak garela adierazi nahi dugu.

Ildo beretik, Askatasun bulkadak independentziara! lemapean, dinamikaren azken egitasmo nagusia izango da apirilaren 19, 20, 21 eta 22an Lemoako herrian burutuko dugun Gazte Topagunea, Ernai eta Aitzina Gazte Erakundeok antolatutako sorkuntzarako eta borrokarako plaza erraldoia. Euskal Herri osoko milaka eta milaka gazte (eta ez hain gazte) batzeko ekimena da, gazte independentista, sozialista, feminista eta euskaldunon elkargunea. Horrez gain, filosofia horri jarraiki antolatu ditugu ere Bulkada Egunak.

Zein da Bulkada Egunen helburua?

40 urtetako antolakuntzaren ondare politikoari aitortza eman beharrean gaude; atzera so eginez, aurrera begira jartzeko indarrak hartzeko baliatu nahi dugu dinamika. Ospatzeko eta borrokatzeko. Bi aspektu horiek bat egingo duten egunak izango dira, eta modu baten edo bestean Gazte Antolakundearen parte izan diren, garen eta izango direnak elkartzeko egunak. Ez dadila haria eten. Finean, Euskal Herriaren askapen prozesuan bulkada garen guztiontzako egunak izango dira.

Gure kasuan eskualdeko musikari gazte ezberdinekin abesti propio bat sortu dugu, Uribe Kostako Bulkada Egunaren aitzakiapean kaleratu duguna baina egun bateko planteamendutik haratago doana eta iparra argi islatzen duena. Mugimendu kulturalaren eskutik joan da historikoki gazte borroka; badagokigu, guri, beraz, mugimendu kultural baten berrasmaketa eta biziberritzea.

Martxoaren 16an ospatuko duzue Uribe Kostako Bulkada Eguna.

Bai, Plentzian egingo dugu Uribe Kostako Bulkada Eguna, datorren larunbat honetan. Aurreko belaunaldien eskutik jasotako ohiturari jarraiki, UK martxa txikia antolatu dugu Berangoko frontoitik goizeko 9:30etan abiatuko dena, eta kostaldeko labarrak zeharkatuko dituena Plentziako zubira iritsi arte. Bidea aldarrikapenez koloreztatuko dugu. 11:45tan harrera egingo diogu martxari, eta Bilbon deitutako preso gaixo larrien askatasuna aldarrikatzeko mobilizazioetan parte hartzerik izango ez dugunez, ekimenarekin elkartasunez Plentziako zubia betetzeko deia egin dugu.

Eguneko ekitaldi nagusia 12:30etan egingo dugu Plentziako frontoian. 40 urtetako gazte borrokak merezi duela eta horretan berresten garela adierazteko baliatuko dugu, 40 urteko errelatoa egin eta Ezker Abertzalearen proiektu politikoa bizirik dela aldarrikatzeko. Bazkaria hasi artean, 40 urtek emandakoaren erakusketa egongo da ikusgai: kartelak, argazkiak, kamisetak, pegatinak, dokumentuak, bideoak… Oroitzapen asko bilduko ditugu momentu berean, leku berean. Eta oroigarri bat ere bai, berezia.

Eta nola ez, belaunaldi arteko bazkaria 14:30-15:00rak aldera: entsalada berezi batzuk eta patea hasieran, patatak errioxar erara plater nagusi modura eta postrerako gazta, irasagarra eta intxaurrak. Egunean zehar Bulkada berrien garaia da! dinamikako materiala egongo da salgai, baita Topagunerako bonoak ere. Bazkalostean borroka eta jolasa uztartuko ditugu, eta gero poteo musikatua egingo dugu herritik Danontzat Gaztetxeraino. Bertan kontzertuak izango dira, Mugalari, Orreaga 778 eta eskualdeko Bidean Erromeria. Tartean ekitaldi xume bat ere egingo dugu, eskualdeko abestia jotzearekin batera. Jendaurreko lehen emanaldia, eta azkena? Auskalo.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun