Algortako Eskubeltz Eskaut Taldeak, besteak beste, bat egin du gaurko grebagaz. “Gazteoi ez gaitu inork entzuten, ezta gauzei buruz pentsatzen dugunaren inguruan galdetzen ere”, azaldu digu Guillermo Sabas Eskubeltz taldeko kideak. Haien “ideiak zabaltzeko unea” ere ailegatu dela esan digu: “Karbono-isurketen kopurua asko murriztu behar dugu, eta hori betetzen ez duten enpresei isunak handitu behar zaizkie”. Gainera, energia berriztagarrien erabilera sustatu beharra dagoela azaldu digu Sabasek, gure kontsumoa murriztu eta animalia-espezieak defenda ditzagun.
Greenpeacek azaldu du batez ere gazte aktibistei zuzendutako mugimendua dela gaurkoa. Mundu osoko 1.209 hiritan milioika gazte batuko direla iragarri dute. “Politikariei exijitu behar diegu behingoan klima aldaketaren alorrean esku hartu dezaten”, esan du erakundeak. Bilbon, 18:00etan egingo dute elkarretaratzea, udaletxearen aurrean.